iruñea - Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoak (EKE) Nafarroako Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasle euskaldunen artean urtero antolatzen duen Mikro-ipuin lehiaketako sarituen lanak biltzen dituen liburuxka aurkeztu zen atzo, Iruñeko Katakrak aretoan. Liburuan, lehiaketaren VII. edizioko saritu eta finalisten lanak biltzen dituzte, baita aurtengo "gonbidatu berezia" izan den Maialen Lujanbio bertsolariaren mikro-ipuin bat ere.

Xabier Epalza Euskara Kultur Elkargoko lehendakaria arro agertu zen 2012ko sariketaren deialdiak izandako arrakastarekin: "Oso emankorra izan da aurtengo lehiaketa, izan ere, 1.600 lan bildu ziren denetara. D ereduko 15 bat ikastetxek eta A ereduko 13 ikastetxek parte hartu zuten".

Inma Errea, Toño Muro, Aingeru Epaltza eta Angel Erro idazleek osatutako epaimahaiak ez zuen "lan erraza izan irabazleak aukeratzerakoan", Erreak atzo gogora ekarri moduan, "izan ere, gai eta mota anitzetako lanak jaso ziren". "Eskergarria da, gainera, diruak garran-tzirik ez daukan lehiaketa batek horrelako arrakasta edukitzea", gehitu zuen idazle iruindarrak.

Mikro-ipuinen VII. edizioa 2012an ospatu zen eta iaz argitu ziren lan sarituak, orain liburuan bildu direnak. Hala, D ereduan, Lehen Hezkuntzako kategorian Erronkariko Julian Gayarre Ikastetxeko Amaia Palacios Planilloren Maritxu izendatu zen irabazle, epaimahaiak definitu bezala "bitan pentsatzea eskatzen duen istorio paradoxiko eta umoretsua, bere izena gustatzen zaion neska bat protagonista duena". Bigarren Hezkuntzako saria Laida Varela Egino (Iruñeko Biurdana Ikastetxea) gaztearen Beldurtuta begiratu zidan mikro-ipuinak eraman zuen saria. Epaimahaiko kideek egileak kontaketaren mekanismoaren inguruan agertutako abilezia azpimarratu zuten, "bizitasuna emanez, elipsia baliatuz, ikuspuntu ezberdinekin jolastuz".

Nafarroako ikastetxeetako A ereduko ikasleek lehenengoz parte hartu zuten EKE eta Pamielaren literatur lehiaketan. Arlo honetan, Iruñeko La Compasion-Escolapios Ikastetxeko Paula Urriza Cherrailen Sararen lorategia-k eraman zuen Lehen Hezkuntzako saria; eta Lodosako Pablo Sarasate Institutuko Elba Bonilla Eguizabalen Jostailu madarikatua lanak Bigarren Hezkuntzakoa.

Sari eta aipamenak iaz jaso zituzten arren, irabazle nahiz finalistek euren lanak jendaurrean irakur-tzeko aukera izan zuten atzokoan, baita lehenengoz euren lanaren emaitza izan den liburua esku artean hartzekoa ere.

Pamielako Jose Angel Irigaraiek aurtengo deialdia martxan dagoela gogoarazi zuen, halaber, eta nobedade baten berri eman zuen: lehiaketaren XIX. edizioa Nafarroa Beherera hedatuko da, "Nafarroa zahar guztiko ikastetxeak bilduz". Irigaraiek, era berean, lehiaketak euskarazko sorkuntzaren alorrean eta euskararen trebakuntzan egiten dituen ekarpenak azpimarratu nahi izan zituen.

Mikro-ipuin Lehiaketak bere edizio bakoitzean euskal kulturaren alorreko ekintzaile eta pertsona ospetsu bat gonbidatzea du ohitura. Aurtengoan, Maialen Lujanbio bertsolari hernariarra izan zen aukeratutakoa eta honek gogoz onartu zuen. "Esperientzia kuriosoa eta berezia izan da niretzat", aipatu zuen atzokoan bertsolariak, eta hitzekiko lehenengo harremanetara, hastapenetara hurbiltzen ziola gehitu zuen.

D eredua, LH. 'Maritxu', Amaia Palacios Planillo (Julian Gayarre IP). 'Loreak', Sara Ciriza Jubera (Amaiur Ikastola); eta 'Entxufea', Juncal Mayayo Benito (Argia).

D eredua, DBH. 'Beldurtuta begiratu zidan', Laida Varela Egino (BHI Bihurdana). 'Gazte txartela', Mattin Petriati Berasategi (Andra Mari Ikastola); 'Haren begi beltzak', Sara Urdiroz Agati (Jaso Ikastola; eta 'Bisita', Itziar Razquin (Andra Mari Ikastola).

A eredua, LH. 'Sararen lorategia', Paula Urriza (Escolapios).

A eredua, DBH. 'Jostailu madarikatuak', Elba Bonilla Eguizabal (IES Pablo Sarasate); 'Gozokiak', Imanol Iriarte Bermejo (IES Ribera del Arga); 'Geroa', Luis Arana Tapiaca (IES Marqués de Villena); eta 'Izenburua', Lorenzo Petru Cotoz (IES Pablo Sarasate).