Urretxu - Agin Laburuk irabazi du Urretxun jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo final laurdena. Atzo lortu duen lehen postuari esker, zuzenean sailkatu da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den lehen finalaurrekorako. Labururen atzetik, Beñat Iguaran eta Nerea Elustondo sailkatu dira, 25 eta 26 puntutara hurrenez hurren.
Ia 500 ikusleren aurrean, Laburu, Iguaran, Elustondo, Jexux Mari Irazu Muñoa, Asier Azpiroz Iztueta eta Eli Pagola Apezetxea ibili ziren nor baino nor Urretxuko Ederrena pilotalekura. Final laurdenetako bigarren saioa gaur arratsaldean jokatuko da Errenteriako Agustina Otaola Pilotalekuan.
Saioan, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Martin ariko dira. Sarrerak arratsaldeko 16.00etatik aurrera egongo dira salgai, pilotalekuan bertan.
Beste final laurdenak hurrengo bi astetan izango dira, Zestoan (larunbatean, 17.30tan, pilotalekuan), Ormaiztegin (igandean, Zubipe pilotalekua, 17.30tan), eta Eskoriatzan (azaroaren 8an, 17.30tan kiroldegian) Finalaurrekoak, aldiz, Zarautzen 22an, Tolosan 29an, eta Eibarren (abenduaren 6ean). Finala Donostiako zezen plazan izango da abenduaren 19an. - N.G.
Agin Laburu Rezola, 516 puntu.
Beñat Iguaran Amondarain, 491.
Nerea Elustondo Plazaola, 490.
Jexux Mari Irazu Muñoa, 473,5.
Asier Azpiroz Iztueta, 470,5.
Eli Pagola Apezetxea, 459,5.