Bilbo - Enrike Solinís gitarristak zuzentzen duen eta antzinako musikan espezializatuta dagoen Euskal Barrokensemble taldeak Euskel antiqva - El legado musical del País Vasco izeneko disko berria aurkeztuko du ostiral honetan, arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, zuzeneko emanaldi hau “oso berezia” izango da. Izan ere, Leire Berasaluzeren ahotsarekin eta Begoña Zubieta kazetariak errezitatutako zenbait testurekin osatuko baita lan berriaren aurkezpena. Horrez gain, Aiko taldeko Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga dantza maisuak ere bertan izango dira.

EHUkultura programazioaren barruan dagoen kontzertu honetarako sarrera librea da, aldez aurretik internet bidezko gonbidapena eskuratuta. Hala ere, deialdiak sekulako arrakasta izan du eta sarrera guztiak agortuta daude jada.

Euskel antiqva - El legado musical del País Vasco lana “XV. eta XVI. mendeetako euskal musikaren bilduma argitaratu gabea da”. Iazko uztailean egin zuten munduko estreinaldia, Fontfroideko abadetxean, Languedoc hiri historikoan (Fran-tzia). Gainera, Polonia eta Alemania ere bisitatu dituzte. Bilboko emanaldiaren ondoren Donostiako Kursaalean izango da taldea, igandean, arratsaldeko 19.00etan. - DEIA / E.Press