iruñea - Euskararen alde bi urtero Euskal Herria zeharkatzen duen Korrikaren 20. urteurrena dela eta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak Tipi-Tapa, Korrika! ikuskizuna Baluartera ekarriko dute heldu den azaroaren 30ean, arratsaldeko 16.00etan eta 19.00etan. Emanaldiak euskara, alaitasuna eta balioak ditu hari-gidari, atzo Korrikaren antolatzaileek eta Porrotxek berak Baluarten eskainitako aurkezpenean azaldu moduan.

“Gure pailazoei esker aukera paregabea izanen dute gure txikitxoek korrika ezagutzen hasteko. Era didaktiko eta entretenigarri baten bidez txikiak eguneko protagonistak bilakatuko dira”, azaldu zuten Korrikaren arduradunek. Halaber, sarreren salmenta azkar doala ere adierazi zuten: “Kontuan izan sarrera bat erostean egiten den ekarpena izugarria dela. Batetik jai herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunen alde lanean ari den plataformari bultzada ematen zaio, bestetik Korrikari zuzenean ekarpen ekonomikoa egiten zaio eta azkenik umeek euskaraz hezten jarraitzeko eta primeran pasatzeko aukera ezin hobea dute”.

Hala, ikuskizuna bi emanalditan eskainiko dela ere adierazi zuten, lehenengoa 16.00etan eta bigarrena 19.00etan. Baluarten burutuko da aurtengo saioa estreinako aldiz, Iruñeko udalaren eta herri eragileen arteko elkarlanari esker: “Guztionak diren espazioak erabiltzen hasi eta bestelako Iruñea eraikitzen ari garenaren adierazle da oraingoan Baluarte bezalako antzeztoki batean euskara hutsean egina dagoen ikuskizuna eskaintzea”.

Sarrerak, erran bezala, Baluarteren webgunearen bitartez eta leihatilan bertan eskuratu daitezke, 7 eurotan. Sarrera bakoitzetik euro bat Korrikara bideratuko da: “AEK-k euskalduntze alfabetatzeari egiten dion ekarpena kontuan izanik eta Korrika bezalako dinamika parte hartzaileekin bat egiten dugunez gure ekarpen ekonomikoa ere egin nahi dugu”.

Korrikaren 20. edizioa ospatzeko Datorren udaberrian abiatuko da Korrikaren 20. edizioa. “Zenbaki borobila, ospatzeko modukoa”, hiru pailazioen iritziz. Hala, Tipi-Tapa, Korrika! ikuskizuna CD formatuan ere argitaratu dutela iragarri zuen atzo Porrotxek. Emanaldian, hiru pailazoek Korrikarekin eta, orokorrean, euskararekin izan duten eta daukaten harremana erakutsiko daiete haurrei, euren esperientzia propioen bitartez. Ohi duten bezala, kantari, giro alai eta lagunartekoan egin dute aurkezpena sudurgorriek.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Euskal Herria zeharkatuko dute KORRIKAren lekukoarekin eta gure hizkuntzaren kolore guztiak jaso eta zabalduko dituzte mundura.

‘Tipi-Tapa, Korrika!’. Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Azaroaren 30ean, Iruñeko Baluarte an-tzokian.

Emanaldi bikoitza. 16.00etan eta 18.00etan eskainiko da.

Sarrerak salgai. Baluarteko webgunean edo leihatilan.