iruñea - Azaroaren 8tik 27ra, Bertsoaroaren 28. edizioak bertsolaritzaren aniztasuna agerian utziko duten emanaldiak ekarriko ditu Iruñera. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten zikloaren eskutik zazpi emanaldi eskainiko dira, tartean haurrentzako saio bat, rockaren eta bertsolaritzaren arteko harremana agertuko duen hitzaldi bat, zien-tzia eta bertsoa uztartuko duen emanaldi berezi bat eta emanaldi poetiko bat, Gurutzeko plazako institutuan eskainiko diren eta ohiko bertso-saioez gain. Haurrentzako emanaldia kenduta (3 euro), doakoak dira gainerako emanaldi guztiak.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotziak atzo ospatutako aurkezpenean argitu bezala, zikloaren helburua “bizi-bizirik dagoen ahozko tradizio honen aniztasuna erakustea” da. Halaber, Bertsoaroaren aurreko edizioek izandako harrera ona ere azpimarratu zuen, eskaintzaren kalitatea medio.

Erran bezala, ostegun honetan abiatuko da Bertsoaroa, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak azaldu moduan, “luxuzko kartel batekin”. Gurutzeko Plazako institutua izango dute eszenatoki Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta bertsolariek, arratsaldeko 20.00etan hasita. Saioa, Alaitz Rekondok gidatuko du. Azaroaren 10ean jarraituko du aurrera zikloak, Lankuk sortutako Petresku, etzi ez etsi bertso-an-tzerki emanaldiarekin. 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako an-tzezlanak errumaniar emigrante baten istorioa taularatuko du. Jon Maia bertsolariak idatzita, Eneko Arrate eta Eider Perezek antzeztuko dute.

Hilaren 13an poesia eta bertsoa eskutik joanen dira Parrapean kon-tzertuarekin. Violeta eta Nicanor Parra poeten testuetan oinarrituta, Ainara García, Itziar Castro, Josu Landa eta Gotzon Barandaiaranek eszenaratuko dute proposamena. Aurtengo proposamen berezienetako bat Jakinduriek mundue erreko dau izango da, non Julio Soto eta Jone Uria bertsolariek hiru zientzialarik aurkeztutako gaiei erantzun beharko dieten: Joseba Aldasoro, Miren Karmele Gomez eta Marko Galarza. Saioa, Kike Amonarrizek aurkeztuko du.

Bertsolari gazteek azaroaren 20an izango dute euren tartea, Kondestablearen jauregian; eta azaroaren 22an rockaren eta bertsolaritzaren inguruko harremanaz arituko dira Jon Maia bertsolaria eta Alberto Irazu musikaria.

Azaroaren 27an emango zaio itxiera Bertsoaroaren edizio berriari, Perezek atzo azpimarratu bezala, “beste punta-puntako saio batekin”. Kasu honetan, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Unai Agirre izango dira oholtzaratuko diren bertsolariak; eta Maite Errozabal arituko da gai-jartzaile moduan.

Azaroak 8, osteguna, 20.00etan. Bertso-saioa. Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusia. Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Julen Zelaieta. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo.

Azaroak 10, larunbata, 12.00etan eta 18.00etan. Haur Bertsoaroa. ‘Petresku, etzi ez etsi’. Sanduzelaiko Civivoxeko Aretoa. Egilea: Jon Maia. Antzezleak: Eneko Arrate eta Eider Perez.

Azaroak 13, asteartea, 20.00etan. Errezitaldi poetiko musikala. ‘Parrapean’. Kondestablearen Jauregia Civivoxeko patioa- Ahotsa, gitarra, ukelelea: Ane Garcia. Saxoa: Itziar Castrillo

Ahotsa, ukelea: Gotzon Barandiaran. Ahotsa: Josu Landa.

Azaroak 15, osteguna, 20.00etan. Zientzia eta bertsoa. ‘Jakinduriek mundue erreko dau’. Iturramako Civivoxa. Bertsolariak: Julio Soto eta Jone Uria. Zientzialariak: Joseba Aldasoro, Miren Karmele Gomez eta Marko Galarza. Aurkezlea: Kike Amonarriz.

Azaroak 20, asteartea, 19.30ean. Gazteen bertso jaialdia. Kondestablearen Jauregia Civivoxeko patioa. Bertsolariak: Idoia Granizo, Irati Alcantarilla, Joanes Illarregi, Txaber Altube, Xabat Illarregi eta Ane Zuazubiskar. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea.

Azaroak 22, osteguna, 19.30ean. Solasaldia: ‘Bertsolari-tza eta rocka’. Iturramako Civivoxa.

Hizlariak: Jon Maia eta Alberto Irazu. Aurkezlea: Saioa Alkaiza.

Azaroak 27, asteartea, 20.00etan. Bertso saioa. Gurutze Plazako Institutuko Areto Nagusia. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Unai Agirre. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal.