iruñea - Bihar abiatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen fasea, Atarrabian. Ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz, 1992), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Sarai Robles (Barañain, 1996), Aimar Karrika (Auritz, 1988), Xabi Maia (Elizondo, 1981) eta Joana Ziganda (Oskotz, Imotz, 1981). Maider Ansa ariko da gai-jartzaile lanetan.

17.30ean abiatuko da saioa, Atarrabiako Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Atarrabiako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa. Karasatorrek zuzenean eskuratu zuen saio honetarako pasea final-laurdenetan, eta gainontzeko bostak puntuazioz sailkatu ziren.

Datorren asteko larunbatean, martxoak 9, eta igandean, martxoak 10, izango dira beste bi finalaurrekoak, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, hurrenez hurren.

Hiru finalaurrekotan Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril izango dira epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ariko dira finalaurrekoetan, eta zortzirentzako tokia izango da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Guztira, hiru finalaurreko izango dira, final-laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolariekin. Horietatik, zortzi pasako dira finalera: saio bakoitzeko irabazlea, eta sailkapenaren araberako hurrengo bostak. Tuteran hasi eta finalera arteko bidean, beraz, azken hiru geltokiak izango dira Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesakako finalaurrekoak.

Sarrerak salgai

11 eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, sei eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta zazpi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta Atarrabiako Karrikaluze Elkartean (astelehenetik ostiralera, 10.30etatik 14.00etara). Egunean bertan, gainera, Kultur Etxeko leihatila irekiko da, 16.00etan.

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan daiteke elkartearekin harremanetan. - MIren Mindegia

Bihar, Atarrabiako Kultur Etxean, 17.30ean. Saats Karasatorre, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda.

Datorren larunbatean, martxoak 9, Etxarri Aranatzen. Diego Riañ, Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Julen Zelaieta, Julio Soto eta Xabier Terreros.

Datorren igandean, martxoak 10, Lesakan. Alazne Untzalo, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi.