iruñea - Bertsozale Elkarteak eta EHUko Harkaitz Zubiri eta Xabier Aierdi soziologoek burututako bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa abiapuntu hartuta, bertsoari neurria hartu nahi izan dio Jakinek bere azken monografikoan. Harkaitz Zubirik berak laburbildu ditu ikerketako datuak eta bertsolaritza gizarte mugimendu bezala definitzearen arrazoiak. Jone M. Hernández García antropologoari ikerketako generoaren atalari begiratzeko eskatu diogu. Eta, azkenik, Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak gonbidatu ditugu norbere esperientzatik jarduteko, Miren Rubio kazetariak gidatutako mahai-inguru sakonean.

Argitalpenaren arduradunek azaldu moduan, “bertsoari neurria hartu” nahi izan diote, “bertso munduan azken urteetan aldaketa esanguratsu eta sakonak gertatzen ari direlako, eta bereziki bertsolaritza (ere) badelako euskal gizartea eta kultura ulertzeko ispilu, eta, horrenbestez, pentsa genezake, baita gizarte eta kultur aldaketetan eragile”.

Kultura kontsumogai hutsa baino gehiago dela erakusten du bertsolaritzak. Hala uste du Harkaitz Zubiri EHUko soziologoak eta bertsolaritzaren ikerketa soziologikoaren egileak. Izan ere, kultur adierazpide txikiek proiektu soziokulturalak doitu behar dituzte arnasbideak topa-tzeko, dioenez. Ikerketako datu nagusiak azaltzearekin batera ematen ditu bertsolaritzaren arrakastaren gakoak: sozializazio guneak sortu izana, transmisio katearen egituratzea, plazaren dibertsifikazioaeta beste mugimenduekin artikulatzeko gaitasuna. - M.M.P.