BILBO. Italia, Espainia eta Lituaniako musikariak biltzen dituen Claudio Jr. De Rosa 4et banda nagusitu da Getxoko 43. Nazioarteko Jazzaldiaren Talde Lehiaketan. Bigarren saria Szymon Klekowicki talde poloniarrarentzat izan da eta, banda irabazlearen pianistak, Xavi Torresek, bakarlari onenari emandako saria eskuratu du. Publikoaren sariari dagokionez, Marc Martín Trio hirukote katalanari eman diote eta taldearen liderra izan da musikaririk onena zaleen iritziz.

Claudio Jr De Rosa (1992) Europako jazzean gailentzen ari den musikaria da. Saxofonista, klarinetista, moldatzaile eta konpositore den gazte hau oihartzun gehien duten Italiako hamar jazzeko artisten zerrendan dago. 2016an bere taldea sortu zuen, Xavi Torres (pianoa), Mauro Cottone (kontrabaxua) eta Augustas Baronasekin (Lituania). Haren debutaren bilduma, Groovin’ Up!, jazz indartsu eta freskoaren uztarketa da; 2017an kaleratu zen eta ordutik hona Europako hainbat jaialditan parte hartu du.

Bigarren saria irabazi duen talde poloniar gazteari dagokionez, Szymon Klekowicki multi-instrumentista eta konposatzailea du buru. Katowiceko Jazz eta Herri Musikaren Fakultatean graduatu zen, eta handik gutxira nabarmendu zen bere herrialdeko jazz eszenan. Nad Odr? jazz jaialdiko bakarlarien txapelketako finalista izan da, baita Swinguj?cy Kruk nazioarteko musika jaialdiko jazz musikarientzako lehiaketako irabazle ere. Klekowickik ospe handiko artistekin batera jardun du (besteak beste: Jason Moran, Nasheet Waits eta Jamie Cullum), eta 2018tik seikote honen burua da; aurten debuteko diskoa kaleratu dute: A Day in the Bus. Honako hauek dira bandaren kideak: Szymon Klekowicki (tronboia, tuba eta fliskornoa), Jakub Lepa (saxo altua), Marcin Dabrowski (saxo tenorra), Adam Jarzmik (pianoa), Tymon Trabczyinski (kontrabaxua) eta Piotr Budniak (bateria).

Sariak

Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea gaur, uztailak 7, jardungo da berriz Muxikebarrin, 21:00etan, Paquito D’Riveraren aurretik. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horiekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.