ostiralean hasiko da

Berrogei saltoki baino gehiago izango dira Getxoko komiki azokan

Azoka bi gunetan banatuko da, Areetako Geltokia plazako karpa eta Romo Kultur Etxea

10.02.2020 | 07:54
Ostiralean hasita Getxoko Komiki Azoka derrigorrezko topagune bilakatuko da berriro ere zaleentzat.

BILBO. Areetako Geltokia plazako karpan 43 saltoki postu aurkitu ahal izango dituzte bisitariek, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Romo Kultur Etxeak jarduera-programa bizi-bizia hartuko du eta bertan, hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak izango dira, besteak beste.

Ohi denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia dutenak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute; sinadura-saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinatze-txandak Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan izango dira.

Aurtengo gonbidatuen artean nabarmendu behar dira, adibidez, Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Javier de Isusi, Laura Pérez, Flativa Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David López, David Lafuente, Salva Espín, David Rubín, Mamen Moreu, Álvaro Martínez eta Agustín Ferrer. Egile gonbidatuen artean Marika Vila aipatu behar da bereziki, 70eko hamarkadaren amaieran sortutako egile-komikiaren eta komiki feministaren erreferentzia, hain zuzen ere. Egile bartzelonarrari omenaldia egingo dio azokak bere ibilbide artistikoa saritzeko. Halaber, Bilboko Joker liburu-denda omenduko dute Getxon. Bere merkataritza-eskaintzaz gain, denda horrek lan handia egiten du komikia zabaltzeko hainbat kultura ekimen bultzatzen.

 Komiki-erakusketak ez dira faltako Azokan. Hala, Bizkaia Zubian Higi Vandisen "Jarana" izeneko erakusketa izango da ikusgai urriaren 31ra arte. Torrene aretoan, berriz, "Idazlumak eta binetak" izeneko erakusketa egungo komiki arabiarraren lanak bilduko ditu hilaren 27ra arte.  Azokaren karparen inguruan, Mikel Santos "Belatz"en "Lucio Urtubia: Una vida de lucha, en viñetas" erakusketa ikusi ahal izango da urriaren 20ra arte eta, Algortako Kultur Etxean, Iñaket eta Mikel Begoña egileek "Ötzi, komiki kalkolitiko bat" izenekoa bisitatu ahal izango dute zaleek hilaren 26ra arte.

El Víbora-ren 40. Urteurrena

Azokaren eskaintza borobiltzeko, Kataluniako Museu D'Art-etik datorren erakusketa izango da Getxon, "El Víbora. Comix Contracultural" izenekoa. Horren bitartez aldizkari ospetsuaren agerpenaren 40. urteurrena ospatzen da. El Víbora-k (1979-2004) ezin hobeki irudikatu zuen demokraziaren hasieran Bartzelonan bizi zen sinkretismo kulturala. Bere orrietan 70eko hamarkadan underground kultura (hiriari bereziki loturiko mugimendu kultural eta artistikoa) abian jarri zuten zenbait egileren lanak argitaratu ziren. Erakusketa Romo Kultur Etxeko erakustaretoan izango da ikusgai urriaren 31ra arte eta bertan aldizkariaren ibilbidea ezagutu ahal izango dute bisitariek aldizkarian lan egin zuten artista ezagunenen pieza originalen bitartez.