LITERATURGINTZAREN mundu maskulinizatuan beren lekua egin dute Karmele Jaiok eta Lucia Baskaranek. Lehenengoa duela hamabost urte heldu zen Landakora, eta, emozio handiz gogoratzen du sortzaile gisa standaren atzeko aldean estreinakoz izan zen urtea. Baskaran, bere aldetik, lehenengoz izan da Azokan idazle bezala. Hurrenez hurren, Aitaren etxea eleberria eta euskarara itzulitako Gorputz madarikatuak aurkeztu dituzte 54. edizio honetan.

Egun, emakume sortzaile gehiago daudela baieztatzean ados agertzen dira Jaio eta Baskaran. Alabaina, oraindik egiteko asko dagoela soma- tzen dute, gizonak baitira nagusi literaturgintzan. “Landakon gero eta gehiago gaude, baina gutxi gara oraindik. Hala ere, euskal literaturaren espazioan lekua irabazi dugu”. Jaiok azaltzen duenez, gailentzekoa da azken urteetan emandako aurrerapausoetako bat: “Zenbait emakumezko idazle, gizonezkoen erreferente bihurtu baitira”. Hortaz, prestigioan, eta, baita balioan ere, aurrera egin dute, oraindik pauso asko emateke dauden arren.

Baskaranek, bere aldetik, “kupoa betetzen” ari direnaren sentsazioa dauka. Zergatik? Idazlearen esanetan errepresentazio gehiago dutela ematen duen arren, salmentetan fijatzean “gizonezkoen kopurua askoz altuagoa delako”. Gainera, emakumeen sorkuntzei adjektibo bat jartzen dietela dio. Esaterako, “femeninoa, feminista...”.

Azokan aurkeztu dituzten eleberrien nondik norakoak bat datoz: gaur egungo gizarte matxistaren aztarnak agerian uzten dituzte. Jaioren kasuan -hamar urteren ondoren eleberri bat argitaratu duena-, genero arauek gizartea nola baldintza- tzen duten jorratzen du gai nagusi gisa. Horrenbestez, “beste hainbat gauza ere tartekatzen ditut, gizartearen baloreak, arau sozialak, egoera politiko eta soziala...”. Hau da, inguruan dagoenak “zelan baldintzatzen gaituen”, bereziki genero arau eta aginduak “oso markatuta” agertzen direlarik. Izan ere, gizontasunaren eredua, edo haren transmisioa, egungo gizartean nolakoa den aztertzea interesatzen zaio, eta hala islatu du bere nobela berrian. Zergatik? Emakumeen borroka garaian, emakumeen aurkako indarkeria kasuak nola bizitzen dituzten jakiteko.

Idazle gazteenak, aldiz, alargun geratzen den emakume baten istorioa dela medio -erreala, baina fikzionatutakoa-, emakume baten gorputzean haztea zer den kontatzen du. Horretarako, sexualitatea edota biolentzia sistemikoa bezalako gaiak jorratzen ditu. Jaiok bezala, genero arauak gizartearen bizi- tzak nola baldintzatzen dituen aztertzen du. Alabaina, kapitalismoak ondorio ugari dauzkala dio eta “denoi eragiten digun arren”, emakumezkoei bereziki, “gure gorputza pertzibitzeko eran” ondorioak baititu.

Hausnarketak eta kezkak Bien obretan sortzaileen kezkak eta baita hausnarketak ere ardatz dira. Jaiok eta Baskaranek azaltzen dutenez, “barruko kezkak” azalerazteko baliogarriak dira eleberri hauek. “Hausnarketa bat egitea nire helburua ez den arren, idazketari esker ezagutzen ez nituen kezkak deskubritzen ditut”, dio Aitaren etxea eleberriaren egileak. Gorputz madarikatuak liburuaren idazleak, ordea, “mundua hobeto ulertzeko eta galderei erantzuna eman ahal izateko” idazten du.

Denborak aurrera egin ahala, pertsonak aldatzen diren neurrian, eraldatzen dira beren kezkak ere, Jaioren hitzetan. Horren ondorioz, hain zuzen ere, Lucia Baskaranek bere burua argitaratu zuen lehenengo nobelarekin jadanik identifika- tzen ez duela dio. Alabaina, “pertsonalki momentu bital garrantzitsu bat izan zen hura, eta maitasunez begiratzen diot”. Hala ere, gai amankomunak egon badaude bakoitzaren obretan. Esaterako? Idazle eskarmentudunaren kasuan, inkomunikazioa eta jendeak esan gabe uzten duena, zaintza, baloreen transmisioa... Eta Baskaranenean, bi protagonistak emakumezkoak direla eta baita gordintasuna gailentzea.

Eskarmentuduna zein aurten estreinatutakoa, pozik agertu dira bi idazleak Durango bezalako plaza garrantzitsu batean egotearekin. Jaiok inoiz baino babes handiagoa jaso duela dio: “Aurten nire liburu guztiak irakurri dituzten pertsonak gerturatu dira nigana”. Baskaran, bestetik, Lertxundiren alboan izan zen standean, eta aurten izandako publikoaren harrerarekin gustora azaltzen da.