iruñea - Dena prest dago 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa martxan jar-tzeko. Urtarrilaren 31n hasiko da egitasmoa, hiru saiorekin, eta martxoaren 28an izango da finala, Lizarran. Nafarroako Bertsozale Elkartetik aditzera eman bezala, “beste behin ere, auzolana eta talde lana izango da oinarri”

Aurtengoa, taldekako txapelketaren bosgarren edizioa izango da eta, antolatzaileen erranetan, berrikun-tzekin dator. “Oraingoan, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak”. Hain zuzen ere, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran izango dira saio horiek. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Bosgarren edizio honetan 13 taldek hartuko dute parte, eta horietan, 96 parte hartzaile izango dira guztira (bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak...). Lehen fasea urtarrilaren 31tik otsailaren 14ra bitarte jokatuko da, 13 saiorekin. Parte hartzen duten 13 taldeak lau multzotan banatuta egongo dira. Hala, talde bakoi-tzak bere multzoko bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera, hots, finalaurrekoetara, sei talde pasako dira.

Finalaurrekoak otsailaren 29tik martxoaren 14ra bitartean jokatuko dira. Joan- etorriko hiru kanporaketa izango dira, alegia, sei saio guztira. Kanporaketa horietako bakoi-tzean irabazle suertatzen den taldea pasako da finalera; hiru talde, guztira. Lehen aldiz, finalaurrekoak ez dira talde parte hartzaileen herrietan izango, baizik eta beste sei herritan. Modu horretan, egitasmoa bestela iritsiko ez litzatekeen eskualde eta herrietara iristea bilatu da.

Finala martxoaren 28an izango da, Lizarrako Lizarra Ikastolako areto nagusian. Ostean, afaria eta afalostea izango dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez’2020-rekin elkarlanean antolatu ditu ekitaldiak.

2012an sortu zen Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.

Parte-hartze zabala. Nafarroako taldekako bertso txapelketaren edizio berrian, 96 parte hartzaile izango dira guztira.

Nafarroa Oinezekin bat. Finala martxoaren 28an izango da, Lizarra Ikastolako areto nagusian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez’2020-rekin elkarlanean antolatu ditu ekitaldiak.