Izaro

Izaro: "Ez nuen inoiz pentsatuko musika ofizio bat izango zenik; eta bada"

10.02.2020 | 00:25
Izaro.

Izarok lan berria aurkeztu zuen atzo, 'Limones en invierno'. Kursaalerako sarrerak agortu ondoren, bigarren kontzertu bat eskainiko du martxoaren 28an Iruñean

donostia Izaro Andres mallabiar donostiartuak 26 urte ditu. Bere lehen diskoa, Om, 2016an argitaratu zuen. Handik hona, gorakada izugarria bizi izan du: lau urteko ibilbidean hiru album argitaratu eta Kursaal, Victoria Eugenia eta Arriaga moduko antzokiak betetzeko gai den artista bilakatu da. Bere azken lana, Limones en invierno, aurkeztu zuen atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan abestuko du maiatzaren 22an; aurretik, aldiz, Kursaalean bi kontzertu eskainiko ditu: martxoaren 21eko sarrerak agortu ondoren, martxoaren 29an igoko da berriz oholtzara. Eta 28an Baluarten izango da.

Limones en invierno albumarekin "limoizko unibertso bat" estreinatu duzu. Zergatik fruta hori?

–Zergatik limoizko unibertso bat? Ez dakit zergatik, baina lehenengo diskoko –OmKoiLarak kantuan, jada kontatzen dut, nire etxea eraiki aurretik limoiondo gazi-gazi bat jarriko dudala. Hortik aurrera, limoiekin nahiko afinitate sentitu dut. Limoiondoez ez nekien gauza askorik, eta haiei buruz irakurtzen hasi nintzen. Limoiak niretzako udatiarrak izan arren, ikasi nuen neguan jaiotzen direla. Negua ere mingotsa den zerbait bezala har-tzen dugu, baina uste dut bai neguak bai limoiek badutela zerbait gozoa; eta nahastu nahi izan ditut.

Aurretik esan izan duzu disko honekin barruan zenuen haurra atera nahi izan duzula. Horrela izan da?

–Bai, eta oso gustura geratu naiz. Bigarren diskoaren produkzioa tentsioarekin bizi izan nuen. Hirugarren honekin, aldiz, askeago sentitu naiz. Adibidez, oraingoan, diskoa aurkeztu baino lehenago gogotsu egon naiz, ez urduri. Disfrutatu egin dut.

Limones en invierno izenburua zure managerraren, Sergio Cruzadoren, burutazioa izan zen.

–Diskoaren kontzeptua eta kantak prest nituen, baina izenburua falta zen. Sergiok promoziorako izenburu bat eskatu zidan. Nik promoziorako izenbururik gabe bidaltzeko esan nion, gerora otuko zitzaigula bat. Sergio etxean pentsatzen aritu zen: Izaro banintz, zer izenburu jarriko nioke honi? Eta Limones en invierno otu zi-tzaion. Oso polita iruditu zitzaidan berak nire kontzeptu hori topatzea, eta zentzuzkoa iruditu zitzaidan izenburu hori erabiltzea.

Orduan, Cruzadok oso ondo ezagutzen zaitu.

–Egia esan, bai (barreak).

Disko hau bost espaziotan ezberdindu duzu: etxea, heriotza, oroitzapenak, pasioa eta iraultza.

–Unibertso fantastiko hori osatuko zuten espazioez pentsatzen hasi nintzenean, ni neu osatzen nautenekin erlazionatu nituen; orokorrean, gehiengoak eraikitzen dituen espazioak dira. Niretzako etxea oso garrantzitsua da espazio fisiko bezala, eta baita sentimendu bezala ere. Pertsonak, gauzak eta ohiturak ere etxea badira.

Zein da Izaroren etxea?

–Espazio ezagun bat da; epel eta eroso zauden lekua, isiltasuna eta argia duena, eta zuk nahi dituzunak bakarrik sartzen diren lekua.

Zergatik heriotza?

–Iaz, nire aitaren aldeko amama hil zen eta horrek asko eragin zidan. Horregatik, heriotza espazio bezala gehitu nahi izan nuen unibertso honetan, baina ez beldurra sorraraziko duen zerbait bezala; misterioa eta isiltasuna ematen digun zerbait bezala irudikatu dut, baina ez izua.

Hor kokatzen da Canción para Elisa.

–Bai, hori da.

Eta beste espazioei dagokionez?

–Oroitzapenen espazioari dagokionez, uste dut pertsonak oso zirkunstantzialak garela. Gauza askoren meritua izan nahi dugu, baina, benetan, oso gutxirena izan ohi dugu; gauza gehienak, jaiotzetik, ausaz tokatzen zaizkigu, eta oroitzapenek eraikitzen gaituztela uste dut. Bestalde, pasioak ditugu. Pasiorik gabe ezer gutxi egin dezakegu bizitzan. Pasio horien barruan, maitasuna gure motorretako bat dela uste dut, gure gasolina. Azkenik iraultza dago. Eraikia da, gerora pentsatua eta arrazionalizatua; eta, nire ustez, beharrezkoa. Bost horiek dira, nire ustez, pertsona bat eraikitzen duten bost zutabeak.

Invierno a la vista zure etxerako sarbidea da. Bertan, egungo pop alternatiboaren ikurretakoa bat den Xoel Lópezen kolaborazioa izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia?

–Ez nuen espero baiezkoa esaterik. Oso jatorra da, oso umila eta oso normala. Ahotsak Madrilen grabatu genituen eta barre asko egin genuen. 2019an egin ditudan gauzen zerrendan, bera ezagutzea eta kolaborazio hau egitea lehenengo hiruen artean dago. Bideoklipa filmatzen ere denbora pasa genuen elkarrekin. Harreman ona daukagu orain eta oso pozik nago.

Zerbait ikasi duzu berarekin?

–Gauzei buelta gehiegirik ez ematen ikasi dut; gauzak beldurrik gabe probatu behar direla. Xoelek oso heldua den inozentzia puntu bat du, jendearekin normal komunikatzeko modua; hori oso garrantzitsua da.

Aquí abestia oroitzapenen espazioan kokatu duzu, ezta?

–Bai. Gainera, Aquí asko gustatzen zaigun kantu bat da, jotzeko oso dibertigarria da. Marrazki bizidunetako abesti bat ematen du eta hori oso ondo dago; nire musikariek marrazki bizidun bat naizela esaten didate (barreak). Letra idazterako garaian aita, ama eta ahizparen inguruan nituen nire lehen oroitzapenez pentsatzen hasi nintzen. Hortik hasi nintzen eraikitzen, familiako nukleo horri opari bat egiteko; esaten den bezala, zirkunstantzialak gara eta jaiotzen zaren lekuan jaiotzeak ez du inongo meriturik baina nik zorte handia izan nuen jaio nintzen etxean jaiotzearekin.

Paris, aldiz, maitasunaren arloan kokatu duzu.

Paris oso kantu kuttuna da niretzako. Xabier Zeberiok orkestra oso bat eraiki du bere etxetik abesti honetarako. Kantu bat egin nahi nuen elkar ondo maitatu behar dugula errebindikatzeko; gero asko, baina aurrena, ondo. Bals erromantiko bat idazteko gogoa nuen eta Paris hiri aproposa iruditu zait horretarako. Bertara egin nuen bidaian, gainera, eta izugarri inspiratu nintzen.

Zer abesti kokatu duzu iraultzaren espazioan? Libre?

–Bai. Libre bortxaketaren kulturari zuzendutako kantua da. Emakumeon askatasuna errebindikatu nahi du. Borroka feministak niretzako zer adjektibo dituen transmititu nahi nuen: indartsua dela, elegantea, ausarta, modernoa eta, aldi berean, zaharra. Kantatzen dudana zera da, bortxatzen jarraitzen duten gizonak berdinak direla, baina hori guztia sufritu eta gainditzen dugunak ezberdinak garela. Bide luzea daukagu egiteko eta egunero azpimarratu behar da.

Zer leku du borroka feministak zure bizitzan?

–Oso garrantzitsua da. Nire ikuspegitik, norbaitentzat garrantzitsua ez bada arazo larri bat dauka.

Soinuari dagokionez, aurreko lanekiko zerbait desberdina bilatu nahi zenuen?

–Esango nuke desberdina dela, Om eta Easonen arteko zeozer. Om oso organikoa izan zen, talde batekin estrainekoz jo bait nituen nire kantuak. Muga askorekin ibili nintzen, gauza asko ez sartzeko. Easonen, beldur hori pasata, gauza berriak sartu nituen, gehiegi mugatu gabe. Uste dut Limones en invierno bien arteko oreka bat dela.

Zure diskoek beti izan dute esperientzia pertsonaletik asko. Esango zenuke azken honetan are gehiago ireki zarela?

–Oso pertsonala da, bai. Nire barru-barruko munduan sakontzen joan naizen heinean, hor barruan gordeta nituen zenbait gauza atera ditut eta kantu bihurtu. Maite dudan jende asko dago diskoan.

Disko honetan ere, aurrekoetan bezala, hiru hizkuntzatan abestu duzu.

–Horrela etorri da. Orekatua geratu dela uste dut.

Aste honetan Madrilen izan zara diskoaren promozioarekin. Estatu mailan zale asko dituzu?

–Uste nituenak baino gehiago. Ez gara fenomeno masibo bat, baina polita da ikustea nola leku ezberdinetan jendeak gure diskoak entzuten dituen, eta nola jendeak idazten digun beraien hirietan kontzertu bat nahi dutelako. Aurre salmentan diskoa oso ondo saldu da. Oso errekonozitua sentitu naiz aste honetan.

Otsailaren amaieran Madrilen kontzertu sekretu bat eman ondoren, Latinoamerikara zoaz.

–Martxoan Mexikora goaz. Gogotsu gaude. Hirugarren aldiz joango gara Mexikora. Gutxika-gutxika sare bat josten ari gara, eta han oso ondo pasatzen dugu.

Euskal Herrira itzulita, Donostian bigarren data bat jarri behar izan duzue Kursaalean. Sarrerak hilabete batzuk lehenago salduta daude, berriro ere.

–Saltzen den sarrera bakoitzak, maitasun dosi bat ematen dizu, bai zuri, baita proiektuari ere. Kursaal bezalako areto bat betetzeak, bigarren data bat jartzeak eta horren sarrerak ere ia agortzeak, hasieran izutu egiten nau; baina gero oso maitatua sentitzen naiz, eta oholtzara irteterako garaian indarra ematen dit. Publikoa ez da partaide pasibo bat, kontzertu baten norabidea baldintzatzen baitu. Horrelako kontzertuetara publikoa modu aktiboan etortzen da, eta sor-tzen den kimika oso polita da. Nire-tzat publiko bakoitza ezagutzea esperientzia bat da.

Ahotsa lantzen jarraitzen duzu.

–Pilar Catalina da nire irakaslea. Eskerrak ezagutu nuen! Kristoren kaña ematen dit. Uste nuen ahotsa kontrolatu ezin zitekeen gauza abstraktu bat zela, baina guztiz kontrakoa da, tresna ukigarri bat. Nire instrumentua ezagutzea abentura bat izaten ari da eta uste dut ezagutza hau luzerako joango dela.

Kolaborazioetara itzulita, azken asteetan Miki Nuñezekin batera Escriurem abestia kaleratu duzu katalanez eta euskaraz.

–Miki ere oso pertsona jatorra da. Azken aldian oso zorte ona izaten ari naiz. Mikik berak kontaktatu ninduen, nola kantatzen dudan gusta-tzen zaiolako. Sorpresa handia izan zen. Esan zidan bazuela abesti bat euskaraz eta katalanez abestu nahi zuena eta proposatu zidan letraren zati bat euskarara itzultzea eta berarekin abestea. Zestoara etorri zen Eñaut Gaztañagaren estudioan grabatzera; oso ondo pasatu genuen, asko hunkitu zen. Hizkuntza asko dakizki eta bere ametsetako bat omen zen bere kantuetako bat euskaraz abestua izatea. Oso polita izan zen bere ametsa betetzen laguntzea.

Zure lehen diskoa 2016an kaleratu zenuen. Lau urtetan zure ibilbidea izugarri hazi da. Zure bizitza asko aldatu da?

–Guztiz aldatu da. Ez nuen inoiz pentsatuko musika niretzako ofizio bat izango zenik, eta bada. Mundu berri bat ezagutu dut, jende piloa. Egunerokoan ikusten dudan jendea musikari esker ezagutu dut, eta orain familia dira. Batzuetan aldaketei ohitzea zaila egiten da, eta etengabe aldatzen denez, etengabe ohitu behar zara. Gaur gaurkoz uste dut asumitu dudala hau dela nire bizitza.

Zure nahia zen musika ofizio izatea?

–Ez nuen argi zer egin nahi nuen: dantza, ala hau, edo bestea... Musikak topatu egin ninduen eta bertan oso eroso nengoela ikusi nuen; eskerrak.

Musikatik bizitzea zaila da?

–Bai, bereziki eta gehien bat ezjakintasunarengatik. Nik ezjakintasun handia nuen. Sartu aurretik ez nuen ez musika mundua, ez industria ezagutzen. Sartzean ikara eramaten duzu; konturatzen zara industria hondatuta dagoen etxea dela. Hortik kanpora dagoena oso polita da, baina barruan dagoena ez da hain polita. Gauza asko landu behar dira, baita Euskal Herri mailan ere. Oso zaila da musikatik ofizio bat sortzea, borroka handia da. Gainera, fokua beti zure gainean dago, eta kritika erraz iristen da. Ez dut uste atzean dagoen lana aprezia-tzen denik; jendeak jakin gabe hitz egiten du askotan.

Más información