rafiko handiko autopista bazterrean dagoen kilkerrak ahalegin handia egin behar izaten du bere ahotsa, bere kanta entzunarazteko. Hainbestekoa da asotsa. Hainbestekoa izan ohi den bezala gaur gaurkoz, hedabide eta sare sozialen garaiak bizi gaituen honetan, inguruko zarata mediatikoa, errealitatearen muina estaltzerainokoa. Baina abarrots horren erdian, batzuetan bere ahotsa altxa-tzea lortzen dutenik ere badago. Hartara dator Bernardo Atxagak Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen azken lana: Kilker bat autopistan. Idazle asteasuarrak Euskadi IrratikoFaktoria saioan 2016tik hona egindako kolaborazioak berridatzi eta ale bakarrean bildu ditu, errealitateak sortzen dizkion hausnarketak literaturaren soinekoaz jantziz.

Atxagak berak atzo Nafarroako Liburutegian eskainitako aurkezpenean onartu zuen bezala, ez da lan erraza izan. "115 testu daude hemen", argitu zuen "eta bakar bat ere ez da eskura etorritako zerbait izan: hainbat oztopo gainditu ondoren etorritako testuak dira". Hiru ataletan banatzen da liburua: Minutuak kontatuta (2016-2017), Zeruko kronikak (2017-2018) eta Lagunarteko kontuak (2020). Horietako bakoitzean, idazleak gai andana jorratzen ditu, izan gaurkotasuneko gai batetik abiatuta, izan gertakari batek piztutako hausnarketatik tiraka, baina betiere errealitatea mugatzat hartuta, Aingeru Epaltza idazle eta kazetariak atzokoan azpimarratu moduan. "Ohiko zutabegintza albistetik abia-tzen da normalean eta gero ondorioak ateratzen ditu, albiste hori deszifratu nahirik. Ondorioak izaten dira politikoak, sozialak, kulturalak... Atxagaren lan honetan ikusten da nola errealitatea ez den abiapuntua, muga baizik. Errealitatearekin topo egiten du, nola edo hala, eraikitzen duen bide horretan".

Idazleak aipatutako "oztopo" horiek bide desberdinetatik etorri zaizkio liburua osatzerakoan, "etsipena" ere aipatzeraino. "Pentsamendu kritikoaren zailtasunak ekarritako etsipena" dela aitortu zuen. "Idatzi aurreneko berrogehita zenbait testuak berrirakurtzerakoan, astelehenero, irudipena izaten nuen: 'hau da kilker baten kantu soila, kantuan diardu trafiko handiko autopista batean, zarata handiko toki batean oso zaila inork hori benetan entzun dezan, inorengana iritsi dadin'. Hori izan da etsipenetako bat, astero gainditu behar izan nuena idazteko".

Ahots kritikoaren irisgarritasunaz gain, kritikaren beraren balioa ere kinkan jartzeak eragin dizkio ezinegonak egileari liburua osatzen duten testuak jorratzerakoan, liburuaren kapituluetako bat den Zanga testuan irudikatzen duen moduan: "Zanga txori handi bat da, itxasokoa", azaldu zuen. "Behin batez halako bat Donostiako Gipuzkoa plazako putzu txikian azaldu zen. Gure garai hartako ikastetxeko irakasleak galdera egin zigun: zergatik ez du txori handi horrek, halako botere handiko txori horrek, alde egiten hortxe bertan dagoen itxasora? Arrazoia zen zanga delakoak, ahateen antzeko oinak dituenak, aireratzeko tarte bat behar duela palastaka indarra hartu eta aireratzeko". "Zangak bezala kritikak ez badu palastaka abiatzeko eta aireratzeko aukerarik", ondorioztatu zuen, "gizarteak ez badio hori ematen, bakarrik aditu eta ahazten badu, inork ez badu aintzat hartzen, orduan kritika da kasu honetan Gipuzkoa plazako putzuan dagoen zanga hori bezalakoa: ez doa inora".

Idazleak, hala, argi du liburuaren baliorik handiena etsipen horren aurrean izandako kemena dela, "115 bider idazteko". "Erne egon naiz gertaerei buruz, ahalegindu naiz aste osoan pentsatutakoa azaltzen. Ez naiz albistetik abiatu baizik eta errealitatearekin egindako talkatik", aitortu zuen atzo.

Maite Artola Euskadi Irratiko Faktoria saioko zuzendariak liburuaren hi-tzaurrean azaldu moduan, "agerikoak, zaratak estaltzen duen hotsaren bila jo genuen Atxagarengana". Eta ideia horrekin bat egiten du ere Kilker bat autopistan lanari bigarren hitzaurrea idatzi dion Joseba Sarrionandia idazleak ere: "Esango du Bernardok zaila dela zehaztea literatura deitzen diogun horek zer onura ekartzen dion gizarteari, baina elementalena bereizte-lana dela. Poemek edo nobelek, antzerkiek edo pelikulek, bereizi egiten dituztela momentu, leku edo gertaera batzuk, ohizkotik eta arruntasunetik bakandu edo nabarmenduz".

Literaturatik, eta akaso poesiatik ere, aunitz du Atxagaren artikulu bilduma honek, kazetaritzatik bezainbeste edo gehiago. Epaltzak berak atzo nabarmendu zuen bezala, albisteetatik edo gertakari zehatzetatik abiatzen diren ohiko zutabegintzatik aldentzen den lana da. "Zutabegileek normalean ele politikoa dute, edo ele soziologikoa. Atxagarena berriz ele morala da". Zalantzarik gabe, denboran irauteko testuak direla ere azpimarratu zuen. "Hedabideetarako idazten diren zutabe gehienek bizi laburra izaten dute, albistearen oihartzuna isiltzearekin galtzen dira, balioa galtzen dute. Bernardoren lanek ez. Kazetaritzatik baino errelatotik, saiakeratik, memoria ariketatik dute".

"Atxaga, triste eta lanturosoen kolektibotik urruntzen saiatu da, saiatu da urruntzen kaleko profeta handiusteen taldetik", borobildu zuen Epaltzak. "Berak aitortzen du ez duela beti lortzen, badaki gure ondoan aingeru goardakoa dagoen bezala deabru goardakoa badagoela. Baina deabrua gailentzen zaionean ere, edo orduan batez ere, gustatzen zaigu Atxaga".

Groenlandiako lezioa edo Paradisua eta katuak bezalako lanak gogoratzen dituen liburua dela adierazi zuen Epaltzak, aipatu liburu hauen jarraitzaileen gozamenerako: "Goza-tzen ahalko da Atxagaren begi kritiko eta aldi berean urrikaltsuaz. Gozatzen ahalko da Bernardoren jakintza entziklopedikoaz, berdin aipatzen duena Levi Strauss edo Txirrita, Polikarpo Iraizoz, Etxauze edo Testamentu Zaharra".

Erran bezala, hiru ataletan banatzen da Kilker bat autopistan, hain zuzen ere Faktoria saioko kolaborazioen atalei jarraiki. Egileak aitortu bezala, Zeruko kronikak izenburupean biltzen direnak ditu gustukoen, non dagoeneko zendutako idazleak gogora ekarri eta aipatzen dituen fikzioaren eskutik. "Beti pentsatu dut euskal idazle baten betebeharretako bat iraganeko idazle euskaldunen oihartzun izatea dela. Ez nekien ondo nola egin eta pentsatu nuen: beno, denak zeruan daude, beraz joan zerura eta han egokitu oraingoak, orain dela mila urtekoak eta denak".

Jatorrian irratirako saio formatua zuten testuen berridazketa "lan itzela" izan dela ere aitortu zuen idazle asteasuarrak atzokoan. Behin testuak paperean edukita, Asun Garikanoren laguntza izan du testuak editatzerako unean, hartara. "Belarria, izan ere, alferra da eta gauza asko onartzen ditu" argitu zuen, "ez da ohartzen koma bat ongi jarrita dagoen edo errepikapen sobera dagoen. Bazuen irratiko kutsu handia, mintzoz esan behar horrek ekarritakoa. Lan horrek gutxienez hiru hilabete hartu zituen, hiru hilabete oso bete. Garikanok eta biok egindako lanaren azken emaitza dago hemen".

Egilea. Bernardo Atxaga.

Argitaletxea. Pamiela.

Orrialdeak. 352.

Edizio lana. Asun Garikano.

Azala. Jone Irazu.

Hitzaurreak. Maite Artola eta Joseba Sarrionandia.

Sinopsia. Maite Artolak zuzendutako 'Faktoria' irratsaiorako prestatutako gogoetak jaso dira liburu honetan. (...) ahozkoaren kutsua dute, baina pausoz pauso garatutako saiakera baten gisa aurkezten dira hemen, egileak berridatzita eta osatuta.

"Testu hauek idazteko ez naiz albisteetatik abiatu, errealitatearekin egindako talkatik baizik"

Idazlea

"Errelatotik, saiakeratik eta memoria ariketatik dute Atxagaren liburu honetako testuek"

Idazlea

"Agerikoak, zaratak, estaltzen duen hotsaren bila jo genuen Bernardo Atxagarengana"

'Faktoria' saioko zuzendaria