- Tomas Lizarazu (ahotsa eta gitarra), Jontxu Ape (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra), Itzi Beitia (teklatua) eta Xabier Arrieta (bateria) boskoteak osatzen du 2020hasieran sortu zen Bulego taldea. Berria izanagatik ere, elkarrekin bidea egindakoak dira Passepartout taldeko kide bezala. 2019an, proiektu horri eraldatzeko, soinu eta nortasun berri bat eraikitzeko beharra ikusi zuten, eta hortik sortu zen gaur bertan Iruñeko Zentral aretoko eszenatokian arituko den taldea. Otsailean Hegan euren lehen abestia estreinatu zutenean harrera beroa izan zuten publikoaren artean, eta iazko azaroan ospatutako Euskadi Irratiko Gaztea Sarietan talde onenaren izendapena ere jaso zuten.

2020an ekin zenioten taldearen ibilbideari, baina ez zarete berriak honetan, aurretik ere Passepartout taldeko kideak zineten bostak. Nondik dator taldea?

-Denok gatoz beste proiektu batzutatik, baina gero denok kointziditu genuen Passepartout izeneko proiektuan. Erabaki genuen aldaketa batzuk nahi genituela, bai musikalki baita enfoke aldetik ere bai eta 2019ko urte osoa proiektu berri hau lantzen aritu ginen. Horrela sortu zen Bulego.

Zerk bultzatu zintuzten proiektu hura eraldatzera?

-Hasteko, Passepartoutekin genituen arazo batzuk ekidin nahi genituen. Adibidez, izena: nola idazten den, nola ahoskatu€ Zerbait sinpleagoa, zuzenagoa eta errazagoa nahi genuen. Bestalde, aldaketa horren barruan proiektu berri bat sortu nahi genuen. Estiloa ere alda-tzen hasi ginen, gaur egun entzuten den musika joerari lotuagoa, popetik hurbilago€ Soinu berri baten bila hasi ginen eta, batez ere, planteamentu berri baten bila ere: izena, alde batetik; musika bera; eta proiektuaren enfokea ere. Zaindutako zerbait egin nahi genuen, ikuspuntu guztietatik, ez bakarrik alderdi musikaletik, baita zuzenekoetan ere, sare sozialetan, irudia eta estetikan koherentzia bat bilatuz. Pixkanaka, gure nortasuna eraikitzen joan ginen. 2020an kaleratu aurretik, beraz, proiektua luzaroan lan-tzen aritu gara lokalean.

Gaztea Sarietan talde onenaren kategorian izendatuak izan zineten. Hasiera ona izan da, ezta?

-Oso gustura gaude jasotzen ari garen erantzunarekin. Bai Euskadi Gazteako izendapen horrekin, baina baita orokorrean jendeak eman digun harrerarekin. Sare sozialetan eta egin ditugun zuzenekoetan jasotzen dugun feedback-a oso ona izaten ari da, nahiz eta pandemia tartean egoera zaila izan, eta horrek elikatzen gaitu.

Izan ere, ez da urte hoberena izan musika taldeentzat, orokorrean, zer erranik ez talde berri batentzat. Nola bizi izan duzue urte arraro hau?

-2019 osoa lanean aritu ginen proiektuari nortasun bat emateko. Estudiotik pasatu ondoren eta abestiak esku artean genitueneko, jada martxoaren hasiera zen, konfinamendua oraindik hasi ez zenean. Kontzertu bat eman genuen Tabakaleran, ilusioz beteta, eta astebetean denok etxean geunden konfinatuta. Horrek eragin zigun noski, beste askori bezala, baina ez geunden geldirik geratzeko asmoz eta egia da nahiko azkar erreakzionatu genuela. Geneukan materialarekin aurrera jarraitu nahi genuen, ilusio hori kanporatzeko beharra genuen. Sare sozialen eta plataforma digitalen bitartez jarraitu dugu aurrera proiektuarekin. Zuzenekoak ezin genituen eman, baina sei kanta berri genituen eta horietako bakarra kaleratuta, besteak video-lyric batzuekin ateratzen joan ginen.

Sare sozialek inoiz baino garran-tzia gehiago izan dute aurten, eta horretan fin ibili zarete. Jendearengana iritsi zaretela sentitu duzue?

-Bai, oso gustura gaude alde horretatik. Bulego ez gara musika taldea bakarrik, hor dago manager bat ere lanean, sare sozialak eta irudia kudeatzen dutenak ere€ Familia txiki batean bilakatu gara eta horri esker bakoitzak gure onena ematen dugu gure arloan. Oso mimatuta dagoen proiektu bat da, alde horretatik. Itxura denez, jendeari gusta-tzen ari zaizkio abestiak eta harrera oso ona izaten ari da. Udaran kontzertu txiki batzuk ematea lortu genuen eta oso ongi joan ziren. Lan handia egin genuen konfinamendu ondorengo lehenengo kon-tzertua emateko, ekainan, guk antolatu genuelako dena, baina egia esan emaitzak merezi izan zuen eta erakutsi zigun gogoa izanez gero posible dela dena aurrera eramatea.

Otsailan aurkeztu zenuten zuen lehenengo singlea, Hegan, energia transmititzen duen kantua.

-Egia esan opari bat da guretzat horrelako gauzak entzutea, hasieratik gure helburu nagusietako bat izan delako enfoke positiboa ematea, bizipoza trasmititzea, bai konposizioetan baita letretan ere. Adibidez, lehenengo lan hau harremanen inguruan doa, eta harreman mota desberdinak planteatzen ditu prisma positibo batetik, eraikitzailea da. Energia positiboa trasmititu nahi dugu.

"Euskal pop talde berria" etiketa jarri dizuete hasieratik. Eroso sentitzen zarete horrekin?

-Bai, egia da etiketak aldatzen joaten direla eta ez direla beti positiboak izaten, baina kasu honetan bai. Ez nioke kategorikoki etiketa hori jarriko taldeari baina jendeak hala baderitzo, oso ondo. Errespetutik, guk gure onena ematen dugu eta pozten gara jende batengana iritsi baldin bada, eta bere egunerokoan edo une txiki batean baldin bada ere, eragina izan baldin badu. Euskal poparen etiketari dagokionez, ez naiz hori baloratzeko inor, baina positiboa den bitartean ongi hartzen dugu.

Hasieratik erran zenuten Bulego taldea gauza berriak esperimentatzeko taldea ere izanen zela. Egia da popetik asko duela, baina elektronikatik ere edaten du. Non kokatzen da zuen musika estiloa, estiloa nonbait kokatu badaiteke?

-Musika estiloak definitzea ez da erraza baina, zuk esan duzun bezala, popetik gertu gaude. Musika nahiko zuzena da, ez dauka kapa gehiegirik, eta egia da beste kutsu batzuk ere badituela: elektronika, gitarra indartsuagoak zati batzuetan€ Bost musikari gara, bakoitzak mundu musikal desberdinetatik edan dugu gure bizi guztian zehar eta egia da bakoitzaren kutsu hori ekartzea lortu dugula Bulegoko nortasuna mantendu bitartean. Koherentzia izatea lortu dugu. Sintetizadoreek, ahotsaren tratamenduak bezala, popa eta elektronika puntu bat ematen diote, baina gitarrak ez ditugu ahazten.

Estetikaren aldetik ere proiektua zaindu nahi izan duzue. Zein da irudiak zuentzat duen garrantzia?

-Uste dut gaur egun edozein proiektu kaleratzen duzula, estetikaren eta eskaintzen duzun produktu horren arteko lotura nabarmena dela edozein proiektutan. Hori zaindu nahi genuen, ahalik eta profesionalen. Beste garai batzuetan ere egin izan da, 80ko hamarkadan, 90eko hamarkadan, adibidez. Akaso mugimendu sozial baten ondorioz zetorren kasu horietan, baina hor zegoen. Gure irudi pertsonala landu baino, koheren-tzia bat mantendu nahi dugu taldearen produkzio osoan.

Iruñean lehenengo aldiz arituko zarete gaurkoan€

-Bai, eta ilusioz beteta gatoz. Sarrera asko saldu direla ikusi dugu, eta egia da aforo murriztuarekin gaudela oraindik ere, baina egoera zein den jakinda ikustea jendea prest dagoela etortzeko, gogoz dagoela, guretzat opari bat da. Gure onena emateko prest gaude.