Sold out-aren kartela Ibil Bediren kontzertua iragarri eta gutxira zintzilikatu behar izan zuten Katakraken, talde nafarraren bigarren diskoak izan duen harrera beroaren seinale. Beltxarga beltza-k, izan ere, entzuleak zein kritika bereganatu ditu bere soinu garbi eta hauskorrarekin, eta poesiaren mintzairarekin sentimenduez hitz egiten duten letrekin.

2019an abiatu zen Ibil Bedi. Nola sortu zen proiektua?

Amets Aranguren (A.A.)- Silvia Pérez Cruzen kontzertu baten ondoren abiatu genuen proiektua. Bazegoen ideia hori aurretik ere, baina emanaldi horren ondoren argi ikusi genuen zerbait egin nahi genuela. Inspirazio iturria ere izan zen.

Ibai Osinaga (I.O.)- Whatsapp talde bat egin genuen kontzertu horren ondoren, eta Amets, Areta (Senosiain) eta hirurok elkartzen hasi ginen. Hain zuzen nire ama garai hartan hil zen eta dolu prozesu horretan, idaztea eta kantuak egitea aterabidea izaten ari zen niretzat. Ondoren Javierrekin (Larrañeta) hitz egin genuen, eta ondoren Eder Escalera sartu zen baterian. 2019ko urtarrilan elkartu ginen lehenengo aldiz.

Eta urte hartan bertan plazaratu zenuten lehenengo lana, ‘Berandu baina garaiz’ izenburupean. Autoekoiztua izan zen, ezta?

(I.O.)- Bai. Amoroton grabatu genuen lana, asteburu batean. Egia da oso azkar joan zela, eta bigarren diskoarekin lan “profesionalago” bat egin dugu. Uste dut bigarrena hain ongi doala eta jende askorengana iritsi dela pausoak oso argi izan ditugulako. Diseinu guztia Mikel Tristanek egin digu, denak norabide eta ideia argi bat dauka.

(A.A.)- Aurrekoa eginak genituen kantuen bilduma moduko bat zen, eta oraingo honetan pentsatuagoa dago kontzeptua bera.

Baina lehenengo disko hartako izpiritua mantentzen da, ezta?

(I.O.)- Bai, uste dut Berandu baina garaiz-ek balio izan zigula estiloa eta soinua finkatzeko.

(A.A.)- Iruditzen zait bigarren disko honek hari argi bat daukala, baina hari horretatik ateratzen diren bestelako gauzak badaudela ere. Letren estiloa mantentzen bada ere, musikari kutsu desberdin batzuk ematen saiatu gara.

Nabaritzen diren xehetasun batzuk, autotunea tarteko. Letretan ere aurrerapauso bat eman duzue...

(I.O.)- Bai. Uste dut ezberdintasun nagusia fokuan edo ikuspegian egon daitekeela. Lehenengo diskoan galeraz hitz egin genuen, galera horren barrenetik. Oraingoan, gertatu zaizkigun gauzei kanpotik kantatu diegu, fokua handituz.

(A.A.)- Ia kantu guztietan, letrak musika sortu aurretik egin genituen. Horregatik, letrek garrantzi gehiago izan dute, eta musika izan da sakrifikatu duguna bien artean aukeratu behar izan dugunean. Letraren arabera eraiki dugu musika.

Aldatu baldin bada ere, badira musika estiloan finkatu dituzuen ezaugarriak. Badago soiltasuna, baita sakoneko iluntasun moduko bat ere.

(I.O.)- Uste dut sonoritatearekin lortu dugula hori. Gure baliabideak ez dira munduko hoberenak eta horrek ere hauskortasun bat eman dio musikari. Ezin dugu izugarrizko produkzio lan bat egin eta horrek, aldi berean, tranparik gabeko zerbait egitea ahalbidetu du. Aurreko diskoan, gitarra elektrikoak eta akustikoak uztartzen zituzten abestiak egin genituen, adibidez, eta honakoan ez. Kantu bat akustikoarekin sortu eta grabatu badugu, ez diogu gitarra elektrikorik sartu, adibidez, estribilloa indartzeko. Nolabait, tranparik gabeko lan bat egitea lortu dugula uste dut.

(A.A.): Zuzenekoetan aurkezteko zerbait egin nahi genuen, gainera. Inportantea iruditzen zaigu publikoak diskotik zuzenekoetara aldaketarik ez atzematea, kontzertura heltzerakoan diskoan entzun duen berdina aurki-tzea entzuleak.

(I.O.)- Gurea izan daiteke lo-fi deri-tzona, kalitate baxuko grabaketari deitzen zaiona. Estatu Batuetan asko ematen den joera bat da, soinu hori bilatzen da askotan. Bateriekin nabari da hori gure kasuan bigarren disko honetan, ez genuen sobera editatu nahi, akats batzuk ere badaude bere horretan utzi nahi izan ditugunak… Naturaltasun puntu bat ematen dio horrek. Egiazkoa da.

Bi lanetan badago kontzeptu bat behin eta berriz errepikatzen dena: bidea egitearen ideia.

(I.O.)- Bai, eta nik uste hori sartu dela gure gauzak egiteko moduan. Hasieran nahita sartzen genuen ideia hori akaso orain gure baitan sartuta daramagu.

(A.A.)- Asmo hori geneukan lehenengo diskoan ere, bide berri bat egitearena...

(I.O.)- Lehenengo diskotik bigarrenera egindako bide zuzen bat egin dugu eta orain bide horretan gelditu eta atzera begiratu dugula uste dut, gertatu zaizkigun gauzak ulertu eta aurrera egin ahal izateko.

Eta bide horren erdian, bi diskoen artean kantu bikoitz bat ere atera zenuten, ‘Bide zuzena / Teilaturantz’ izenburupean. Gainontzekoekin alderatuz, ilunagoa dela erran daiteke.

(A.A.)- Bai, baina momentuan atera zen gauza bat izan zen. Kontzertu baten ondotik afaltzen geundela sortu zen, ez zen zerbait aurretik pentsatua izan.

(I.O.)- Egia da bigarren diskoak bide horretatik jarraitu zezakeela, izan zitekeen ilunagoa edo pisutsuagoa. Baina ez zaigu atera. Eta hurrengo diskoa atera arte, ez dakit zer eginen dugun. Etiketen kontuarekin barne-eztabaidak ditut, ez zaizkit gustatzen. Lehenengo diskoa pop-folk bezala sailkatu zuten, adibidez, eta ondoren Bide zuzena atera genuen, horretatik gutxi duena. Noizean behin eskematik ateratzen bazara, jendea deskolokatu dezakezu baina hori ona izan daiteke.

Diskoa pandemia garaian sortu duzue, eta horrek denbora eman dizue konposaketan zentratzeko. Lagungarria izan duzue denbora tartea, edo kontran jokatu du egoerak?

(A.A.)- Onerako eta txarrerako eragina izan du. Hobera, idazteko tartea eman digulako. Bakarrik egon behar izaten dut idazteko eta alde horretatik ongi etorri zitzaidan niri behin-tzat. Baina beste alde batetik, ezin ginen elkartu, eta ez da berdina bideo-dei bat egitea edo Ibairen etxean denak elkartu ahal izatea.

(I.O.): Gure letrak oso pertsonalak direnez, bakarka egotea beharrezkoa dugu. Baina musika konposatzerakoan, denak elkartzen garenean puzten da hasierako ideia hori.

Lehenengo diskotik bigarrenera jakintza bat pilatu izanen duzue jada talde bezala, ezta?

(A.A.)- Bai, orain talde sentsazio bat daukagu. Elkar ezagutzen gara eta badakigu bakoitzak nondik joko duen. Horrek gauzak errazten ditu. Bakoi-tzak bere rola hartzen du azkenean, eta hori ona da.

(I.O.)-Zuzenekoek laguntzen dute soinu aldetik dena konpaktoago egoten, baina entsaiatzeko elkartzen garenean, gure arteko harremana sendo-tzeko elkartu ohi gara gehienbat.

Uste dut, halaber, oso intimoa den zerbait sortu duzuela. Sentsazio hori daukazue zuek ere? Hain pertsonala den zerbait jendaurrean erakusteak bertigo puntu bat dauka?

(A.A.)- Bai, eta zure bizipen intimo batetaz ari den kantu bat ezagutzen duzun pertsona batek abesten duela ikusten duzunean, izugarrizko sentsazioa da.

(I.O.)- Eta ikustea pertsona horren-tzat inportantea dela ere. Egiazkoak diren gauzetaz mintzatzen den zerbait sortzen duzunean, nolabait unibertsal bilakatzen dira. Lehenengo diskoko Ama kantuan, adibidez, amari kantatzen diot, ez diodala “maite zaitut” inoiz esan kontatzen dut bertan. Jende askok izan dezaken sentsazio bat da hori.