2020ko Haurrentzako An-tzerki Testuen Lehiaketak huts egin eta sei hilabetera, bihar estreinatuko da euskarazko obra irabazlea. Beste behin batean, Xabier Paya Ruizek (Bilblo, 1982) idatzia, Nafarroako Antzerki Eskolan arituko da 18:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude 6 euroren truke www.laescueladeteatro.com helbidean eta NAE-ko leihatilan bertan, hasi baino ordu eta erdi lehenago. Bost pertsona edo gehiagoko taldeentzat, sarrerak pertsonako 5 euroko salneurria izango du.

Payaren lanak ipuin klasikoen irakurketa kritikoa egiten du, gizarte aniztasunarekin eta feminismoarekin uztartuz, kontaketen izpiritua mantentzen duen bitartean. Rizzo izeneko 9 urteko neskatxa du protagonista obrak. Eskolatik etxekolan berezi batekin itzuliko da amonaren etxera egun batean: ipuin klasikoen artean gustukoen duena aukeratu behar du. “Rizzok barne borroka bat izango du orduan” azaldu du Esti Curiel obrako aktoreetako bat denak. Izan ere, iraingarria izan daitekeen edo ikaskideren bati kalte egin diezaiokeen ipuin bat aukeratzeko beldurra izango du. Ximonak, amonak, oro har liburuen eta, bereziki, haur-literatura klasikoaren maitaleak, aukera horretan lagunduko dio, eta Rizzok identifikatzen ez dituen ipuin klasikoen zati horiek aldatzera gonbidatuko du. “Horixe da obrak duen mezurik garrantzi-tsuenetako bat”, azaldu du obraren zuzendaritza lanetan aritu den Virginia Cerverak. “Amonak erakutsiko dio gustatzen ez zaion edo egokia iruditzen ez zaion gauza oro aldatu dezakeela”. Hala, ipuin hauen eskutik joanen den bidaia zoragarri batean, amonak eta ilobak ipuin berri bat sortuko dute.

Curielek amonaren papera eginen du antzezlanean, eta Sofía Díezek Rizzorena. Halaber, Monika Torrek bestelako pertsonaia sekundarioak oholtzaratuko ditu. Nafarroako Antzerki Eskolako Maria Sagüesek azpimarratu moduan, ipuin hauen antzezpena baliabide desberdinak erabiliz oholtzaratuko dituzte, tartean proiekzioak, txotxongiloak edo objektuen atzerkia. “Muntaia benetan dinamikoa sortu dugu obra honetarako”.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak urtero antolatzen dute Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketa. Helburua, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun kontseilaria den María García Barberenak azpimarratu bezala, “umeei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea indartzen laguntzea eta haurtzarotik antzerkiaren esparruan kultur eta arte aberastasuna areagotzea da”. Iaz 13 antzerki lan aurkeztu ziren euskaraz, 2019ko edizioan baino %44 gehiago, edizio honetako irabazle suertatu den “testuaren maila eta kalitatea” bermatzen duena. Izan ere, epaimahaiak Beste behin batean-ek bertsolaritzaren eta literatura dramatikoaren arteko nahasketa egokia ere balioan jarri zuen. Xabier Paya bertsolaria, gidoilaria, itzultzailea eta prestakuntzako interpretea da.