zken hamar urteotan hainbat herrialde, artista eta kolaborazio ikusi eta bizi izan ditu Iparraldeko Kalakan folk hirukoteak, beti ardatz berdina mantenduz: euskal kantugintza eta hari dion errespetua. Oraingoan ere horixe erakutsi du taldeak Artizar izeneko diskoa kaleratuta. Taldearen bosgarren lana da, eta hainbat abesti tradizionalekin jantzi dute, elektronikoki programatutako musika gehituz, entzuleei unibertso zabalago bat eskaintzeko.

Diskoa aurkeztu zuten Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eta bertan izan ziren Kalakan taldeko Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegaray; Ritxi Aizpuru, Baga-Biga produkzioak ekoiztetxeko ordezkaria, eta Jon Insausti, Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia.

Betiko ildoari jarraiki, kantu zaharretatik abiatuta sortu dute Artizar. Emozio desberdinen inguruan hitz egiten duten 16 abestik osatzen dute. "Oso sentimentala eta emozionala da diskoa. Taldekideok kantuekin dugun harremana islatzen du eta bizitzako gai desberdin asko aipatzen dira; bizitza bera, heriotza, maitasuna, kultura eta hizkuntza, esaterako", azaldu zuen Bereauk.

Kantu tradizionalen artean, Manex Pagolaren Agur Irrintzina (euskal kulturan hain ezaguna den irrintziari egindako omenaldia), Xalbadorren Ene ama zenari (bertso horien bidez bere maitasuna, aitortza, dolua eta bere barkamena abesten dizkio amari) edo Bihotzeko Hizkuntza (Xalbadorren Herria eta Hizkuntza eta Kepa Junkeraren Haurrak ikas zazue kantek osatzen dute) entzun daitezke diskoan.

"Kantuak hartu eta modernizatu egiten ditugu. Gauza batzuk gehi-tzen dizkiegu, adibidez abesti zaharretan eta bertsoetan ez baitziren errepikarik egiten. Guk zatitxo ba-tzuk konposatu egiten ditugu estrofen arteko zubiak egiteko", azaldu zuen Bereauk.

Kasu honetan gainera, elektronika gehitu diote diskoari eta erronka nagusia abesti guztien arteko oreka aurkitzea izan da. "Disko bat egiten duzunean oreka zaindu behar da, eta horregatik, kantu ba-tzuk baztertu egin behar izan ditugu eta diskotik kanpo geratu dira", aitortu zuen.

Baztertutako abesti batzuk estudiotik pasa eta grabatu ere egin dituzte, baina azkenean ez dituzte argitara eman. "Kantuak aukera-tzeko ez dago araurik, ez dago, berez, jarraitu beharreko inolako irizpiderik. Taldekideok kantuarekin dugun harremana hartzen dugu kontuan", nabarmendu zuen.

Bereauren esanetan, diskoen parte izan aurretik, abesti batzuk urte luzez egon omen dira bere buruan gordeta. Adibidez, Elementuak diskoa atera baino lehen, gaur egun lan hori osatzen duen Bereterretxen Kanthorea abestia oso deigarria omen zitzaion: "Nik buruan banenbilen abesti horrekin zerbait egitea; izan ere, kantu hori ezagutu nuenean harrituta geratu bainintzen haren melodia eta indarrarekin, eta hunkitu egin ninduen".

Artizar diskorako gauza berbera gertatu omen zaio Agur Irrintzina edo Herria eta Hizkuntza abestiekin. "Aspalditik genituen gogoan eta oraintxe iritsi da horiek gure buruetatik ateratzeko garaia", adierazi zuen.

Azaroan grabatu zuten lan berria eta orain jendearen erreakzioa ikusi eta jaso nahi du taldeak. "Badakigu disko bakoitzak bere publikoa izaten duela, batzuei gustatu egingo zaiela, eta beste batzuei, aldiz, kontrakoa. Baina guri sekula ez zaigu bururatu lan bat egitea pentsatuz zer sartu behar dugun disko asko saltzeko. Gure baitan sentitzen dugunaren arabera egiten dugu lan beti", azpimarratu du.

Joan den astean aurkeztuko zuten Artizar, Victoria Eugenia Antzokian.

"Gai desberdin asko aipatzen dira; bizitza bera, heriotza, maitasuna, kultura eta hizkuntza, esaterako", azaldu zuen Bereauk

"Disko bat egiten denean oreka zaindu behar da, horregatik kantu batzuk baztertu eta kanpoan geratu dira"

Kalakan taldeko partaidea