- Migrazioak zeharkatzen du Kirmen Uriberen (Ondarru, Bizkaia, 1970) obra. Bere lehenengo poesia dagoeneko agertu zen gaia, eta hala izaten jarraitzen du bere azken eleberrian ere, Izurdeen aurreko bizi-tza (Susa, 2021) izenekoa. Iragana, oraina eta etorkizuna migrazioaren joan-etorrian uztartzen dira, ahots desberdinen bitartez: horietako lehenengoa idazlearena berarena, baina baita honen bikotekide Norarena eta euren seme-alabena ere. Ahots horien bitartez berreskuratzen dira bestelako pertsonaiak ere, tartean Rosika Schwimmer sufragista feminista.

Has gaitezen izenburutik: 'Izurdeen aurreko bizitza'. Zergatik izenburu hori eta zein da eleberriko tramarekin duen zerikusia?

-Liburuak asko lantzea gustatzen zait, liburuaren azpian dauden hari guztiak ondo lotzea. Lan handia egiten dut horretan. Izan ere, ez da bakarrik istorio bat kontatzea: da nola egituratzen duzun, zein forma ematen diozun, nola izendatzen duzun. Liburu honen izenburua dator euskal legenda zahar batetik, dioena izurdeak, lehen, pertsonak izan zirela, eta laminen maitale izateagatik, zigor gisa edo, bilakatu zirela izurde. Hortik tiratzen dut konta-tzeko denok daukagula beste bizitza bat, aurreko bizitza bat, batez ere herrialdez aldatzen duenaren kasuan. Beste herrialde batera bizi-tzera joaten bazara, aurrera egin nahi duzu, lana egin, gizartean barneratu... Zure txokoa egin. Hala ere, iragana hortxe dago: iraganeko harremanak, iraganarekin zuk zeuk duzun harremana. Beste alde batetik, denok daukagu eskubidea bigarren bizitza bat edukitzeko. Horregatik aukeratu nuen izenburua.

Norak, liburuaren bigarren ataleko narratzaileak, halaxe dio: "Tamalez, gure erabakien emai-tza gara. Hitz egin eta isildu genuenaren emaitza".

-Bai. Azkenean, bizitzan, erabaki batzuk hartzen dira eta erabaki horiek markatu egiten dute norberaren ibilbidea. Ikaragarria da nola bizitzak eramaten gaituen, bide batetik edo bestetik. Nobelak hortik asko du, garai desberdinetako erabakiak agertzen dira, hasita Rosita Schwimer sufragistatik, Nora edo Uriren erabakietara iritsi arte.

Eta idazle bezala hartu duzun erabakietako bat, formari dagokiona: narratzailea aldatu egiten da eleberriko atal bakoitzean, baita gaiak ere.

-Niretzat forma dena da. Literatura konparatua ikasi nuen eta forma ikaragarri gustatzen zait. Literaturaren historiak aurrera egin badu, formagatik da. Edukiak, jakina, garrantzi-tsuak dira, eta garaiaren arabera ere aldatu egin dira. Ahots berriak ere agertzen dira. Baina uste dut literatura, batez ere, forma dela. Lehenengo zatian egin dudana da, nigatik oso gertu dagoen pertsonaia bat sortzea izan da, Uri. Esanen nuke %99an ni naizela. Egia esan, irakurleak badaki Kirmen dela, aipatu ere egiten da. Eta kontatzen dut Uriren eta bere familiaren bizitza New Yorken, nola zabaltzen dituen liburutegi publikoaren kutxa horiek Rosita Schwimmer sufragistaren bizitzari buruzkoak, eta nola kutxa horiek zabalduz bere oroimenean ere beste kutxa batzuk zabaltzen diren. Autofikzioa izan liteke, baina fikziotik gutxi du, agian autobiografiatik hurbilago dago.

Uriren ahotsa, aldiz, bigarren atalean desagertzen da, eta beste narratzaile bat agertzen zaigu.

-Akaso, hasiera da irakurleak Kirmen Uriberen liburu batetik espero duena, nolabait, eta hori da nobelaren oinarria. Bigarren zatian dena goitik behera aldatzen da. Haustura hori eragin nahi nuen. Beti izan dut izaera transgresore bat, nahiko in-tsumitua izan naiz, baita nobelak idazterakoan ere. Bigarren zati horrekin aldaketa handi bat eragin nahi nuen, irakurleak bere burua berriz kokatu behar izatea. Eta hori egiteko, kamara aldendu egiten da, idazleak berak beharrean haren bikoteak kontatzen du istorioa. Era berean, badakizu bigarren ahots hori ere idazleak idazten duela... Oso gustuko dudan nahaste moduko bat da, kar-kar-kar.

Nobelaren sorkuntzako zein momentutan hartu zenuen erabaki hori? Hau da, hasieratik aurreikusitako zerbait zen edo istorioaren harira sortutako zerbait?

-Nahiko hasieran hartutako erabakia izan zen. Izan ere, Noraren zatia idatzita nuen liburuaren lehengo zatia idatzi nuenerako. Hau ez nuen orain arte kontatu, kar-kar-kar. Hasieratik nuen hiru ahotsen egitura hori erabiltzeko gogoa. Gaiari lotuta ere badago ahotsen aukeraketa hori. Lehenengo zatia oso emakumeei bideratua dago. Nahiz eta idazlea gizonezkoa izan, bere barruan bilaketa bat egiten du eta Rosika Schwimmer eta bere idazkariaren bizitza aztertzen du, oso presente dago ere izebaren pertsonaia, agertzen da Nora baita ere... Bigarren zatian, nobelak aldaketa behar zuen, gizonezko idazlea isiltzea eta emakumezko bat has zedila hizketan. Hor badago alde filosofiko edo errebindikatibo bat: hori da gizonezkook egin behar duguna, orain arte izan dugun presentzia gehiegizko hori alde batera utzi eta berdintasunaren bidean elkarrekin joaten saiatu. Aktiboak izan behar dugu berdintasunaren auzi honetan, ez bakarrik zain egon.

Eleberri honetan, formak bezainbat, denborak ere badauka pisu nabarmen bat, ezta? Iragana, oraina eta etorkizuna uztartzeko moduari dagokionez, batez ere.

-Bai, oso garrantzitsua da. Azkenean, nobela hau migrariei buruzko nobela bat da. Euskal Herritik New Yorkera doan familia bat dago erdigunean eta hiru elementu agertzen dira. Alde batetik, orainaldia: nola bizi diren, eguneroko bizitzan dauden zailtasun horiek guztiak. Izugarria da nola eguneroko lege eta dinamika guztiak aldatzen diren bizilekuz aldatzen zarenean. Gero, beti dator iragana, onerako eta txarrerako. Nobela honetan iraganak bi forma hartzen ditu: bat, iragan estalia, isildutakoa, Rosika Schwimmerren bizitza hori. Beste kasu batzuetan, iragan mingarria ere bada, gure haurtzaroan bizi genuen indarkeria politikoko giro horrengatik. Baina, beste alde batetik, iraganak lotu egiten zaitu, nor zaren ere esaten dizu, leku eta pertsonei lotzen zaitu. Iraganaren forma baikorra da hau. Eta hori ere agertzen da: lagunen garrantzia, transmisioaren garran-tzia, euskararena, lekuena... Azkenik, etorkizuna egongo litzateke.

Hirugarren zatian agertzen zaiguetorkizun hori, umeen ahotsetik.

-Bai. Umeen eszena hori etorkizunean gertatzen da, 2022ko udan. Umeak hor ahaldundu egiten dira eta beraiei ematen zaie botere osoa. Ahots propioa dute eta gurasoen ikuspegiaz paso egiten dute. Horrela bukatu nahi nuen nobela, umeengan jarrita indarra.

Rosika Schwimmer aipatu dugu, pertsonaia benetan zirraragarri horietako bat. Nor izan zen?

-Sufragista izan zen, hungariarra, Estatu Batuetara bizitzera joan zena. Lehen Mundu Gerraren garaian Wilson presidentearekin hitz egiten saiatu zen gerra geldiarazteko, Henry Ford konbentzitu zuen gerraren ontzi bat antolatzeko, Europara joan eta gerra geldiarazteko. Ez zuen lortu, baina mugimendu feminista eta bakezalean jarraitu zuen bere bizi-tza osoan. Nobel sarirako ere izendatua izan zen. Sekulako emakumea zen, erabat ahanzturan gelditu dena, edo geldiarazi dutena. Bere figura isilarazia izan zen: feminista, bakezalea, beste emakume batekin bizi zena... Sistemari ez zitzaion interesatzen halako figura bat. Harekin batera, Bilboko abortisten istorioa agertzen da, nola makroepaiketa bat egon zen hamaika abortisten aurka. Bi borroka horiek, Schwimmerrena eta abortistena, galdu egin ziren. Baina borroka horien ondorioz orain ditugun eskubideak lortu ziren. Gogoeta hori ere badago liburuan: historikoki, borroka galduez beteta daude lortutako eskubide sozial eta zibilak.

Zure lan guztietan, zeharka edo zuzenean agertzen den gai bat da migrazioarena. Zer du migrazioak zure literaturako lehengai izateko?

-Gure garaiko gai bat da, XXI. mendea da mugimenduaren mendea da batez ere. Baina betidanik egon da literaturan. Nire kasuan, nire lehenengo poesia liburutik migratzaile asko agertzen dira. Nire txikitako Ondarru hartan ere migratzaile asko zeuden: galiziarrak, andaluzak, portugesak... Beti bizi izan dut hori. Gu ere, euskaldunok, askotan joan gara kanpora, nahiz eta ahaztuta daukagun. Bada asko interesatzen zaidan gai bat: desplazamenduarena, mugimenduarena, migrazioarena. Eta nola jokatzen duen migra-tzaile batek, nola gizarteak erraztu egin behar dion egiten duen hautu hori. Migratzaileak bere kultura ekartzen du, bere lana... Eta eskubideak ere. Eskubide asko lortu dira migratzaileek borrokatu dituztelako, eta horietako asko denontzat gelditzen dira ondoren. Oso emankorra ikusten dut migratzailearen emari hori.

"Gizonezkook, orain arte izan dugun presentzia gehiegizko horretatik aldendu eta berdintasunaren bidean joan behar dugu"

"Eskubide asko lortu dira migratzaileek borrokatu dituztelako, eta horietako asko denontzat gelditu dira ondoren"