Beharrezkoa ote da oraindik ‘emakume’ kategoria erabiltzea politika feministetan, kontuan hartuta etiketa horrek barne hartzen dituen askotariko historiak eta bizipenak, ala baztertu beharko litzateke? Are gehiago, identitate politiko oro baztertu behar ote lirateke, fikziozkoak direlako ezinbestean? Nola ebaluatu behar dira ugaltze-teknologia berriak? Teknologia horiek norberak bere gorputzaren gaineko kontrola areagotzeko balio dute, ala esperimentatzeko eta irabaziak lortzeko objektu bihurtzen dituzte, merkatu kapitalistaren eta medikuntza-lanbidearen zerbitzurako?

Galdera guzti hauen inguruan hausnartu du Silvia Federici idazle, irakasle eta aktibista feministak Katakrakek euskaraz plazaratu duen bere azken lanean, Larruazalaren periferiaz haraindi. Amaia Astobizak euskaratu duen liburu honetan, egileak azken urteotan eskainitako hiru hitzaldi eta zazpi artikulu bildu ditu, lau ataletan antolatuta. “Liburuaren helburua da gorputzaren inguruan hausnar-tzea”, dio egileak, “gorputzaren politiken inguruan kontziente izatea, kapitalismoak gure desiren inguruan egiten duen erabileraz ohartzea; baina baita gorputza borroka-zelai bezala ezartzearen garrantziaz ere”.

Kaliforniako unibertsitate batean eskainitako hitzaldi ziklo baten eskutik sortu zen liburua plazara-tzeko ideia. Izan ere, Larruazalaren periferiaz haraindi-n aipatu zikloko hiru hitzaldi eta gaia zabaldu eta beste ikuspegietatik lantzen duten beste zazpi artikuluk osatzen dute, egileak, hitzaldietatik harago, gaia zabaltzeko beharra ikusi baitzuen liburua antolatzerakoan. Liburua osatuko zuten lanen bilketa lan horrek gorputzaren gaia birpentsa-tzea ahalbidetu dio: “Izan ere, gorputzaren kontua gai zentrala izan da feminismoaren historian, 70eko hamarkadatik hona; baita nire lanean ere. Gorputzaren politikak aldatu egin dira denbora guzti honetan”.

Hala, egileak gorputzaren politikek izan duten garapen historiko batetik abiatu du bere ikerketa, zehazkiago kapitalismoaren garapenaren garaitik: “Gorputza zentrala da lanaren ustiaketa kapitalistan eta, honen baitan, emakumearen gorputza gizonarena baino modu askoz ere sakonagoan ustiatu da, modu inbasiboago batean, adibidez, erreprodukzioaren kontrolean”. Lanaren berrantolaketa ekarri duen sistemaren eskutik, “kapitalismoa gure gorputzen jabe egin da, merkaturatu egin ditu. Gorputzaren industria oso bat daukagu gaur egun”.

Industria horren baitan, estetikaren industria edota erreprodukzio teknologia berriak ditu hizpide Federicik lan honetan, besteak beste. Bere hitzetan, “gorputzaren makinizazioa edo mekanizazioa” ekarri dute teknologia berri hauek. “Amatasun subrogatuaren kontua, adibidez, dohain moduan aurkezten zaigu gaur egun. Eta gezurra da, ordainketa bat dagoelako tartean. Prozesu kolonial bat da, baliabideak dituzten pertsonek baliabide gutxiago dituzten horien gorputzak erabiltzea ahalbidetzen duena”.

Baina, nola borrokatu gorputzak merkaturatu eta ustiatzen duen sistema horren kontran, hain zuzen sistema horren baitan garatzen den gizarte batean? Nola borrokatu gizarte kapitalistaren kontra, gizarte kapitalistaren barrenetik? “Gure erresistentzia gaitasuna areagotuz. Bide bat da, estatuarekin eta kapitalarekin negoziatzeko, ez bakarrik politikak aldatzeko baizik eta botere harreman desberdinak eraiki-tzeko”.

Hari horri tiraka, Federicik gorpu-tzak aldarrikatzeko eta gorputzaren errealitateari buruz erabakitzeko ahalmena aldarrikatzeko, “ezagu-tzen dugun gorputzaren indarra eta jakinduria berretsi” behar dela iri-tzi dio bere lanean. “Gorputz hori denbora luzez eratu da, lurraren eraketarekin etengabeko elkarreraginean, orain gure ongizatea arrisku larrian jarriz manipulatzen diren moldeetan”.