Goazen abiapuntura. ‘Trapu zikinak’ egonaldi artistiko batean sortu zenuten, Udalbiltzaren eskutik abiarazitako Geuretik Sortuak programaren baitan.

Zer nolakoa izan zen egonaldia?

Bai, proiektua Udalbiltzak deitutako Geuretik Sortuak deialdira aurkeztu genuen. Aukeratuak izan ginen eta horrek kristoren aukera eman zigun lana garatu eta plaza desberdinetatik mugitzeko. Oro har, deialdiaren markoa ezin hobea izan da. Izan ere, bai sorkuntzaren eta bai banaketaren prozesu guztia aintzat hartzen duten laguntza gutxitan izan ohi dugu sor-tzaileok. Oiartzunen egon ginen hiru astez eta oso harrera ona egin ziguten herrian. Denbora horretan gure proiektuari forma ematen egon ginen, bertako eragile eta artistekin bildu ginen... Oso esperientzia polita izan zen.

Garbilekuak aukeratu zenituzten obraren oinarri. Zergatik, hain zuzen garbilekuak? Zergatik daukate leku hauek halako indar sinbolikoa?

Garbilekuak herri askotan daude eta xarma berezia daukaten espazioak dira. Kasu gehienetan, berrituak baina hutsik daude gaur egun. “Trapu zikinak etxean garbitzen dira” esaldian pentsatu genuen, intimitate horretan, sekretuetan… Eta pentsatu genuen ez zela egia, lehen trapu zikinak kalean garbitzen zirela. Hari horretatik tiraka, atzeman genuen garbilekuetan intimitate eta partekatze egoerak ematen zirela. Emakumeen arteko elkarlaguntzaren inguruan beste ikuspegi bat eman zigun. Azken batean, zikinkeria horiek ere bizitzari buruz hitz egiten digute: heriotzari buruz, erditzeari buruz, sexuari buruz… Tabu diren gai asko. Hortik abiatuz sortu genuen obra.

Aldarrikapenetik ere badauka obrak?

Bai, dudarik gabe. Gure asmoa izan da gure arbasoen lanari omenaldi bat egitea. Hala ere lana ez dugu sakralizatu nahi. Oso lan gogorra zen eta, jaso ditugun testigantzek erakutsi diguten bezala, jende asko asko poztu zen garbigailua etxeetara iritsi zenean. Baina egia da haien lana baloratu eta gogoratu nahi dugula. Gainera, garbilekuak ziren, herri askotan, espazio ez-mixto bakarrak, horrek zekarrenarekin. Ikerketa egin genuenean, adibidez, jakin genuen herri batzuetako udal-ordenantzetan garbilekuetan zertaz hitz egin zitekeen eta zertaz ezin zitekeen hitz egin zehazten zela.

Dokumentazio lana, beraz, sakona izan zen.

Dokumentazio lan handia egin genuen eta norabide askotan, gainera. Alde batetik, lanaren inguruko testigantzak bildu genituen. Espazioei buruzko ikerketa bat ere egin genuen, izan ere, herri bakoitzeko garbilekuek euren ezaugarriak zituzten. Oiartzungo garbilekuaren kasua adibidez, oso bitxia da: kontatu zigutenez garbi-tzeko harrien artean bi handiagoak ziren, erosoagoak, aberatsen etxeen-tzat soilik zirenak. Klase gatazkek ere, beraz, bazuten bere isla. Istorioak ere bilatzen aritu ginen, eta kantetan ere murgildu ginen. Testigantza askok adierazi ziguten bezala, garbitu bitartean asko kantatzen zen. Zentzu horretan, Oiartzunen egin zuten ikerketa lan oso interesgarri bat, Hau leku attorra izenekoa, eta liburu bat plazaratu zuten kantu herrikoiekin, baita kantaldi bat antolatu ere.

Hertz eta helduleku aunitzetako gai bat dela argi dago. Obra sortzerakoan zein da aukeratu duzuen bidea?

Sorkuntzarako, galdera batzuetatik abiatu ginen: Zer dira trapu zikinak? Nola garbitzen dira? Tabuak, sekretuak, zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez… Eta ondoren, nola garbitzen diren trapu horiek: Nola ematen diogu buelta? Nortzuk edo zerk laguntzen digu horretan? Nola integratzen dugu gure bitzitzan?

Garai zehatz baten argazki soziologiko bat egin duzue, kasik.

Bai, baina bi garaien artean jauzika lan egin nahi izan dugu. Azkenean, testigantzek ez dizkizute hitz egiten ziren gaiak zehazki kontatzen, alde horretatik fabula espekulatiboa ere landu dugu. Orduko tabuak zeintzuk ziren definitu eta gaur egun nola diharduten ere jorratu dugu. Batzuetan, garapen historikoaren irakurketa bat egiten da non lehen oso gaizki zeuden eta gaur egun oso ongi. Baina guk uste dugu gatazkek irauten dutela. Sexu abusuek, adibidez, nola diraute gaur egun? Zertaz hitz egiten dugu gaur eta zeintzuk dira gure tabuak?

Orduko trapu zikinak eta egungoak berdintsuak izan daitezke?

Garai bakoitzak bere trapu zikinak ditu eta garai bakoitzak hauek garbi-tzeko estrategiak bilatzen ditu. Tamalez, badira bidea egiten duten trapu zikinak, izan indarkeria matxista, izan pobrezia. Hala ere, guk egin duguna ez da dokumentala, ekoizpen artistikoa baizik. Beraz, gure asmoa da hausnarketa bat proposatzea, galderak botatzea. Zentzu horretan, gure lekua ez da horrenbeste historiografikoa, artistikoa baizik.

Nortzuk dira garbileku horren bueltan biltzen diren pertsonaiak?

Antzezlanean Euskal Herriko garai desberdinetako emakumeak ikusten dira. Euskalkiekin ere lan handia egin dugu, balore handia daukatela uste dugulako eta ematen digulako aukera Euskal Herriko toki desberdinetako emakumeak islatzeko. Istorio txiki desberdinak ikusten dira, nolabait ere harilkatuta agertzen direnak, eta bakoitzak egoera, gatazka edo desira bat islatzen du. Gero, badira beste pertsonaia batzuk guk asko maite ditugunak: zikinkeriak. Kasu honetan plano poetiko batetik hitz egiten dugu. Zikinkeriek, ikusi nahi ez ditugun horiek, hitz egiten digutelako.

Gaur egunera ekarrita, zeintzuk izanen lirateke gure garbilekuak?

Hori bera galdetu genion geure buruari sorkuntza prozesuan. Zein tokitan biltzen gara orain trapu zikinak garbitzeko? Ez daukagu eran-tzun monolitiko bat, baina bai eran-tzun asko: badago jendea interneteko komunitatetan biltzen dena, edo izenik gabeko lagun bilkuretan, edo asanblada desberdinetan… Indibidualismorako joera duen garai honetan uste dugu espazio komun horiek ere galdu egin direla, hein batean. Baina askoz ere anitzagoa da, aldi berean, trapu zikinak garbi-tzeko modua: badira terapiara jotzen dutenak, medikatzen direnak, sareetan publikatzen dituztenak… Gaiaren inguruan ikertzerakoan, garbilekuen inguruko beste konnotazio batzuk ere aurkitu genituen. Ikertzaile batzuek zioten genero rola eraikitzeko lekuak ere bazirela, hor ikusten baitzen nor zen txukuna, nork garbitzen zuen ongi, nor iristen zen berandu… Baina gu hor ez gara sartu, topiko asko dagoela ere uste dugulako.

Obra eszenatokietan bakarrik ez, eta garbilekuetan ere aurkeztu izan duzue. Zer nolakoa izan da lekuan bertan antzeztearen esperientzia?

Magia izan da. Espazio horietan istorioak antzezteak izugarrizko indarra ematen dio kontakizunari. Bestalde, garbilekuak herrietan espazio oso maitatuak direla sumatu dugu. Bertan zerbait egitea oso atsegina da jendearentzat, eta guretzat ere oso berezia da istorioak eta pertsonaiak lekura bertara eraman ahal izatea.

Gaurkoan Erriberriko eszenatokia izanen duzue agertoki. Eszenatoki berezia hau ere...

Bai, guretzat oso berezia da eta gogotsu goaz. Erriberriko eszenatokia Euskal Herriko eszenatoki indar-tsuenetako bat da. Bertan egotea, eta euskaraz sortutako obra batekin, oso berezia izango da guretzat.

TRAPU ZIKINAK

  • Noiz. Gaur, Erriberriko Errege jauregian, 19:30ean.
  • Egilea. Lore More.
  • Ekoizlea. Lucía Ezker.
  • Antzezleak. Lara Villanueva, Maialen Díaz eta Mikele Urroz.