Belaunaldi gazteak Durangoko Azokara hurbiltzea da aurtengo erronka nagusietako bat, eta asteazkeneko Ikasle Goizak horretarako balio bazuen ere, azokaren hirugarren egunak gazteak izan zituen protagonista nagusi, Gazte EztanDA! ekimenaren bigarren edizioarekin. “Helburua da gazteei batez ere erakustea Durangoko Azoka badela eurentzako plaza bat. Oso barneratuta daukagu Durangok urtero eskaintzen diguna. Egia da txikitatik familiarekin etorri izan garela azokara, ikastetxearekin ere… baina gero adin batetik aurrera hutsune bat bezala dago eta gazteei lekua eta indarra emateko sortu zen ekimena”, aurreratu zuen Irune de la Maza EuskarAbentura elkarteko kideak.

Hirugarren eguna ere jendetsua izan zen.

Eta gazteek deialdiari erantzun zioten. 15 eta 20 urte bitarteko ia ehun gaztek bat egin zuten azokaren hirugarren egunarekin eta Euskal Herri osoko gazteak bertaratu ziren. Zornotza, Gasteiz, Tolosa, Iruñea, Sakana, Zizurkil, Urduña, Irun, Bilbo, Gernika, Durango, Zeberio, Larrabetzu... Gehienak EuskarAbenturako gazteak izan ziren, eta gazteentzat bereziki prestatutako jarduerez gozatu zuten, hala nola bazkaria eta bingo musikatua. “Bazkaldu ondoren bingo musikatu bat egingo dugu azokari buruz, aurtengo azokan dauden nobedade eta berrikuntzekin eta gauen Katu! Eta DJ Madarikatuak taldearen kontzertua izango dugu”, azaldu zuen Irune de la Mazak bazkaria banatzen zuten bitartean.

950 nobedade daude erosteko Durangoko Azokan.

Nola ez, hainbat gazteren artean, aurpegi ezagun asko, azokari esker berriro elkartu zirenak. “Leku ezberdinetakoak gara, baina EuskarAbenturatik ezagutzen dugu elkar, eta oraingoz eguna oso ondo doa, emozionatuta gaude berriro elkar ikusi garelako, eta normalean gurasoekin etortzen garenez, orain lagunekin etortzea berezia da”, azaldu zuten Joane Sanchezek, Idurre Bolañosek, Irati Cosmek, Amets Belastegik eta Jone Buruzabalek. Nerea Gilek eta Ibane Ibargurenek gaineratu zutenez, “udan elkarrekin egon ondoren berriro elkartu gara eta helburua ondo pasatzea da”.

Landako guneko edukiera mugatu behar izan zen.

Baina ondo pasatzea ez ezik, euskara eta euskal kultura kontsumitzea ere garrantzitsua da eta zentzu horretan, Gazte Eztandako partaideek hainbat erosketa egin zituzten. “Oraingoz Chill Mafia-n kamiseta erosi dugu, jertse bat, Argia-ren liburu bat”, zehaztu zuten Anderek, Aitorrek eta Gorkak.

Etorkizuneko kultur kontsumitzaileak izanik, haiei zuzendutako hainbat jarduera antolatu ziren atzo. Horren adibide dira Izaroren bideokliparen estreinaldia, Nakar, TOC eta Silitiaren diskoen aurkezpenak eta, gaur egun, bogan dagoen osasun mentalari buruzko mahaingurua.

EDUKIERA GAINDITUTA

Hirugarren egunean ere, Durangoko Azokak bisitari guztiei ireki zizkien ateak, eta, aurreko bien bidetik, azokaren arduradunek aurreratu zuten arrakastatsua izan zela. “Landako Gunea beteta egon da egun guztian zehar, eta zenbait unetan sarbidea mugatu behar izan du antolakuntzak, edukieraren protokoloa jarraituta. Kopurua jaitsi izan denean, berriro ere sartzen utzi zaie herritarrei. Giro bikaina egon da”, onartu zuten. Eta egunak askorako eman zuen. Besteak beste, gune ezberdinetan dozeka ekitaldi izan ziren; Irulegiko eskua liburua aurkeztu zuen Aranzadik, Lide Hernando eta Karmele Jaiok ere bere azken lanak aurkeztu zituzten eta Saguganbaran haur literatura nobedadeak aurkeztu ziren.

AZKEN TXANPA

Lan erdiak eginda, Durangoko Azokak asteburua du aurretik oraindik, eta jendetsua izatea espero da. Egitarau zabala eta anitza egongo da aukeran. Esaterako, Pako Aristi, Uxue Alberdi, Eneko Aizpurua, Julen Apella eta Miren Agur Meabe egongo dira nobedadeak aurkezten Ahotsenean. Musikan, Amorante, Rukula eta Ibil Bediren disko aurkezpenak aipatu daitezke. Irudienean, ere Perlata taldearen filma, Habana Glass laburmetraia; Talaian Alex Txikonekin konexioa lotuko dute Annapurnatik liburuaren berri emateko.