Adimen artifizialarekin harreman oso estua du Edurne Atutxa, Eneko Calvo eta Apurva San Juan unibertsitario gazteek garatutako poltsiko-lupa inteligenteak. “LUP sortu zen irakurketa mota guztiak eskuragarri egiteko eta irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei autonomia eta independentzia emateko. Testua ahots bihurtzen duten konponbideak garatzen ditugu, irakurketaren oztopoa hausten duten poltsikoko irakurleak”, adierazi dute sortzaile euskaldunek.

Hastapenak gogoratuz, hirukotea 2020an hasi zen ideia hori garatzen. “Ikuspegi konputazionala ezagutu genuen, gizartean eragin handia izan dezakeen teknologia, batez ere irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat. 2020an, eskuz esku hasi ginen lanean kaltetuen elkarteekin, eta elkarte horiek ateak ireki zizkiguten, haien beharrak ezagutu genituen eta konponbideak garatzen hasi ginen haiekin batera. Orain, 2023an, garapena amaitu dugu, lehen LUP produktua merkaturatu dugu, baita mugikorretarako diseinatutako app bat”, gogoratu du Edurne Atutxak.

Horixe izan zen, hain zuzen ere, Durangoko Azokaren estreinaldiko egunean plazaratu zutena. Bisitariek produktuaren demo bat zuzenean ikusteko aukera izan zuten eta jasotako erantzunarekin pozik daude. Eneko Calvok aitortu duenez, “Durangoko Azoka aukera ezin hobea izan zen. Erantzuna oso ona izan zen eta jendea txundituta geratu zen gure gailuak ekartzen zituen onurekin”. Zentzu horretan, “adimen artifiziala LUP gailuaren funtsezko zatia da, irudi baten testua hautemateaz arduratzen da, zein hizkuntzatan dagoen antzemateaz eta testu hori ahots bihurtzeaz arduratzen da”, gaineratu du.

Eta gailu honek eskaintzen dituen onurak asko dira. “LUP-en hiru publikotan zentratzen gara. Alde batetik, dislexia duten haurren kasuan, irakurtzea zailtzen zaie, eta horrek, kasu askotan, eskola-porrota dakar. Bestalde, adineko pertsonengan, urteen joanak irakurtzeko gaitasunari eragiten dio, eta eguneroko jarduerak baldintzatzen ditu. Eta azkenik, ikusmen-patologia ezberdinak dituzten pertsonen kasuan, ikusmena partzialki edo erabat galdu duten pertsonak”, laburbildu du Apurva San Juanek.

Funtzionamendu erraza

LUP app-a Android eta iOS aplikazioetan eskuragarri dagoen aplikazioa da, erabiltzaileari edozein testu ahots bihurtzeko aukera ematen diona. Besteak beste, dokumentuak inportatzea, iragazki optikoak aplikatzea, testuarekin elkarreragitea eta baita itzultzea ere. “Gure lupa adimenduna gailu bakarra da munduan, babestua eta patentatua. Produktu eramangarria, erabiltzeko erraza eta Interneteko konexioarekiko independentea. Gure lupak konfiantza hori ematen du zauden tokian zaudela irakurtzeko, eta edozein egoeratan, baita iluntasunean ere, duen flashari esker “, azaldu dute.

Etorkizunari begira, poltsikoko lupa adimenduna 2024an merkaturatzea aurreikusten dute, eta aurrerago, “gure helburua 2.000 pertsona baino gehiagori eragitea da, eta gure lupak eskuragarriago egitea, Euskadin eta Estatuan dendak irekita. Era berean, gure taldea sektoreko adituekin bildu nahi dugu, eta luparen fabrikazioa % 100 bertakoa izatea nahi dugu”, laburbildu dute.

LUP

  • Adimen artifiziala. Edurne Atutxa, Eneko Calvo eta Apurva San Juan unibertsitario gazteek garatutako LUP poltsikoko lupa adimenduak testua ahots bihurtzen du eta demoa Durangoko Azokan frogatu da.
  • Ikusmen arazoak. Erabilera asko ditu. Esaterako dislexia duten haurren kasuan, adineko pertsonengan eta azkenik, ikusmen-patologia ezberdinak dituzten pertsonak.
  • Merkaturatzea. 2024an LUP merkatuan egotea espero da.