Ramon Olasagastik, gazte literaturaren autore, kazetari eta itzultzaileak, Ezkaba mendiko inguru misteriotsuetara eramaten gaitu bere azken lanean. Gertakari historikoak eta fikzioa nahasten dituzten istorioak ehuntzeko duen trebetasunarekin, Olasagastik trama liluragarri bat aurkezten digu. Bertan, Indiok eta Taniak, bi gazte ausartek, iraganeko sekretu ilunak azaleratzera eramaten dituzten eskeletoak eta objektu enigmatikoak aurkitzen dituzte. 

Eleberri historiko bat idazteko ezinbestekoa da dokumentazio on bat izatea. Zeintzuk izan dira erabilitako iturriak nobela sortzeko? Zenbat denbora eskaini diozu ikerketa-faseari?

–Abiapuntu gisa Luis Garderen Ehiztareien isilaldia liburua izan nuen. 7 bat urte inguru pasa dira irakurri nuenetik eta zirrara handia eragin zidan liburua izan zen. Momentu horretan, hasi nintzen Ezkabaren inguruan eta gertatutakoari buruz gehiago interesatzen. Tarteka liburuak irakurri ditut, dokumentalak ikusi, Fermin Ezkietarenak esate baterako edo Txinparta elkarteak gai honi buruz egindako lanak hartu, pixka bat nire eskuetara iristen zena erabili dut. Ez nuke esango dokumentazio lan zorrotzik egin dudanik, handik eta hemendik jaso baititut lanak. Nahiz eta denbora jakin bat ez den egon interes handi bat bai. Ni tarteka joaten naiz mendiko bizikletarekin buelta bat ematera Adi mendiaren ingurura, eta hor ibili ziren, mugaren beste aldera pasatzea lortu zutenek, Adiren inguru horretatik pasa ziren Urepelerantz eta inguru geografiko hori ezagutzen dut. Beraz hori guztia egon da prestaketa lanean. 

Zerk bultzatu zintuen Ezkaba mendiko historiari buruz idaztera? Batez ere, gazteei zuzenduta?

–Erabakia hartu nuen, liburu edo lan hauek egon badaudelako baina helduei zuzenduak gehien bat. Lekukotzak biltzen eta ihesaren inguruan arakatzen lan handia egin duten egileak daude, nire helburua historia hori ipuin modura edo freskura bat emanda gazteei zuzentzea zen. Gazte askok jakingo dute hor gertatutakoa, baina beste askok ez. Iruñerrian agian ezagunagoa da istorio hau baina Euskal Herriko haur eta nerabe askorentzat behintzat ezezaguna izan daiteke.

Liburuan Aranzadi zientzia elkarteak egiten duen lanari balioa ematen diozu. Nola eragiten dute Aranzadiko ekimenek gizartean eta memoria historikoan? 

–Niretzat Aranzadi sekulako lana ari da egiten arlo askotan eta Txinparta elkarteak kasu honetan baita. Iruditzen zait deshobiratze lanetan, kuneta bazterretan edo hobi komunetan, baita Ezkaban hil zirenen edo Gerra Zibilaren testuinguruan hil zirenen guztien duintasuna berreskuratzeko sekulako funtzioa egiten ari dela Aranzadi. Aitorpen hori ere egin beharrekoa dela uste dut eta Memoriaren Giltza liburuan modu xumean egiten da aitortza hori. Memoria historikoaren alde lan handia egin dute, Irulegiko herrixketan, kobazuloen garbiketetan… eta uste dut inoiz ez diegula behar bezala eskertuko egindakoa. 

“Askotan testuliburu batean baino, errazago sartzen zaizkigu istorio jakingarriak pelikula edo ipuin baten bitartez”

Tokiko historia ulertzeari eta balioesteari dagokionez, zer eragin izatea espero duzu zure eleberriak irakurle gazteengan? 

–Ez dut espero gauza zehatzik. Nire helburua izan da nire intereseko gai bat hartzea, memoria historikoarena, eta gertatutako gertakarien inguruan ipuin bat jostea. Gazteengan interesa pizten badu, edo sortzen baldin badu edonolako jakinmina arakatzeko, primeran. Baina helburu nagusia gazteei istorio hori hurbiltzea besterik ez zen, gertatutakoaren berri ematea.  

Nobelaren hasieran, bi nerabeek Franco ezagutzen ez dutela eta Espainiako Gerra Zibilaren ideia handirik ez dutela agerian uzten da. Uste duzu literatura erreminta ona dela gazteenek historia deskubri dezaten?

–Historia gerturatzeko, literatura izan daiteke tresna egokia testuliburu zurrun eta irakurtzeko zailagoak diren horien aldean. Askotan testuliburu batean baino, errazago sartzen zaizkigu istorio jakingarriak pelikula edo ipuin baten bitartez. Nik uste misterio puntu bat emanda eta gazteen ibili horiek istorioan sartuta, asko ikasi daitekela. Beraz bai, erreminta egokia izan daiteke gazteei historia hurbiltzeko. 

‘Memoriaren Giltza’ belaunaldi ezberdinak lotzen dira historian zehar. Zer mezu gustatuko litzaizuke irakurle gazteek beren familia eta komunitateei helaraztea liburua irakurri ondoren?

–Haur literaturako liburuak idatzi ditudanean, beti egon dira presente gutxienez hiru belaunaldi horiek, umeak, gurasoak eta aiton-amonak. Asko dugu ikasteko bakoitzetik, helduek gure aurreko belaunalditik, baina baita haur eta gazteengandik ere. Nik uste ahalik eta gehien saiatu behar ginatekela erdian sortzen den arrakala gutxitzen. Pasarte batzuk daude Memoriaren Giltzan hau errepresentatzen dutenak; Eusa inguruan aiton bat txakurrarekin paseatzen doanean eta Indio eta Taniari kontatzen dienean Ezkaban gertatutakoaren inguruan, gazteek jakinminez jarraitzen dute kontatutakoa. Gero, Manuel Arbeloaren pertsonaiak ere iraganeko gertakariak berreskuratzerakoan, han daude adi Indio eta Tania. Nire ustez haurrei aurreko belaunaldiekiko errespetua erakustea da garrantzitsuena, eta asmo hori behintzat bai egon da liburan. 

Nolakoa izan zen gertaera historikoak gazteentzako eleberri bihurtzeko sormen-prozesua? Zer teknika erabili zenituen leialtasun historikoaren eta istorio erakargarri eta irisgarri baten narrazioaren arteko oreka mantentzeko? 

–Ni kazetaria naiz eta itzultzaile lanetan aritzen naiz normalean. Azkenean, idazle mundu honetan tarteka egiten dut sormenezko ariketaren bat, baina ez daukat teknika zehatzik. Gustatzen zaidana da tentsio narratiboari puntu bat mantentzea, ahal denean, eta istorioaren sokatira horri eustea. Baina ezinbestekoa da gazteak irakurketara lotuko dituen elementu batzuk egotea. Beste aldetik, zeharka aipatzen dira beste gai batzuk, interesgarriak direnak oso, eta jorratu nahi nituenak; inmigrazioa Taina eta bere amaren pertsonaien bitartez eta doluaren gaia ere, hor aita galdu duen nerabe baten ikuspegia eskaintzen digu Indiok. Gainera, liburu honen atzean dauden gertaera gehienak errealak dira, Burutaingo Manuelen pertsonaia errealitateko pertsona batean oinarrituta dago, Botilen hilerria benetako historia da, noski, Ezkabako ihesa baita... Eta esan dudan moduan, nire lana gehien bat izan da gertakari horiei joskera ematea Tania eta Indioren pertsonaien bitartez.  

Nobela atera berria da baina nolakoa izan da publikoaren eta kritikaren erreakzioa orain arte? Jaso al duzu bereziki esanguratsua gertatu zaizun feedback-ik?

–Liburua irakurri dutenek azpimarratu dute memoria historikoaren gaia interesgarria egiten zaiela. Batek baino gehiagok aipatu du liburuak lotu egin duela irakurketara. Erraz irakurtzen dela gustura irakurri dutela. Baina azken finean liburuak egingo du behar duen bidea, poliki-poliki, mantso-mantso eta iritsiko da iritsi behar den lekura. Nik liburu bat edo ipuin bat amaitzen dudanean karpeta bat itxi bezala egiten dut beraz, liburuak egin dezala egin behar duen bidea eta guk lagunduko diogu, baina egin beharreko bide hori irakurleen eskuetan dago.