Síguenos en redes sociales:

Pantxoa Karrere eta Peio OspitalMusikariak

“Bortizkeriarik gabeko arma bat da kantua”

Abiatu da ‘Azken bira’. Pantxoa eta Peio oholtzatik jaitsiko dira Iruñea, Lesaka, Donostia eta Baionatik igaro eta urtarrilean Bilboko BEC-en emanen dituzten azken kontzertuen ondoren.

“Bortizkeriarik gabeko arma bat da kantua”Unai Beroiz

Elkarrizketa honetarako argazkiak egiten ari garela, Iruñea bisitatzen ari den ikasle lapurtar talde batek inguratu ditu Pantxoa eta Peio, Gazteluko Plazan. Argazkiak eskatu dizkiete eta, kontent, horretarako prest agertu dira. Eguerdia da eta denbora gutxi daukate bazkaltzeko, baina hala ere tartea eman dute gazteekin solastatzen, euren galderei erantzuten. Gustura daudela atzematen da. Akaso, euren jarraitzaileekin distantzia horretara aritzera ohituagoak daudelako kontzertu erraldoietara baino. Uneak zerbait agerian utzi badu, hala ere, belaunaldi berriak erakartzeko izan duten gaitasuna da; eta 1970eko hamarkadan hasitako bideak jarraipena izan duela, ordukoak gaurkoarekin lotuz, herri baten biziraupen borrokaren helduleku izan diren kantuen bitartez.

Azken bira abiatu da dagoeneko. Nola bizitzen ari zarete une hau?

Pantxoa– Oso gogotsu gaude. Eszenatoki gainean eta musikariz inguratuta gozatzen dugu. Disfrutatu beharra da hori egiten, gozatu beharra da, bestela ez du merezi. Plazerez, beraz.

Peio– Gogotsu eta urduri ere bai. Egia da ibilbide luzea daukagula kantagintzan baina lehenengo aldia da horrenbeste jenderen aurrean kantatuko dugula. BEC-eko kontzertua 10.000 jenderen aurrean izanen da, eta hori berria eta berezia da guretzat. Egin izan ditugu emanaldiak Belodromoan, baina lau edo bost kanturekin bakarrik; edo San Mamesen, Bai Euskarari kanpaina bukatu zenean, baina kontzertu osoa horrenbeste jenderen aurrean ematea, lehenengo esperientzia da eta urduritasun pixka bat ere sortzen du.

Pantxoa– BEC-eko horiek bereziak izango dira. Guk ez genuen hasieran pentsatzen hor kantatzea, eta proposatu zigutelarik Bilbon egitea, nik Arriagan edo halako lekuren batean eginen zela pentsatu nuen. Baina ez, BEC-en. Ez Peiok ezta nik ez genuen sinesten, segundo batez, bi aldiz betetzea.

Deigarria egin zitzaizuen?

Peio– Bai, deigarria egiten zait hori, jendeak nola eskatzen duen horrelako topaketa masibo hauek. Hori galdera ere bada.

Kontzertu erraldoien garaian bizi gara...

Pantxoa– Bai. Nik, alde batetik, pena dut. Kontzertu erraldoiak egitea ongi dago, baina herriz herri jendearengana hurbiltzea ere maite dut. Horrela hasi ginen, eta nik maite izanen nuen horrela bukatzea ere, baina urteak pasako ziren horrela eginez gero...

Lehengo lerroan jarraitzen duzuela argi dago, ikusita zein azkar bete diren birako kontzertuak...

Pantxoa– Bai, gu ere ez gara konturatzen horretaz, harritzen naiz benetan.

Peio– Horrek ere bere esplikazioa izan dezake, noski. Iruditzen zait jende batentzat gure kantuak gelditzen direla herri honek garai batean bizirauteko zeraman borroka gogorrarekin lotuta. Urte haietan, kantaldiz kantaldi, maitasun istorio bat ere iruten joan ginen gure musikaren eta herriaren artean. Niretzat, kontzertu hauek esker oneko kontzertuak dira, gehienbat. Herriari eskertu nahi diot berak bizitzera eman didan guztia. Bestetik, ospakizun bezala ere ikusten dut.

Erran daiteke zuen kantuek ez dutela gaurkotasunik galdu. Oraindik ere helduleko horiek behar ditugu, herri bezala?

Pantxoa– Egia da gu saiatu garela, gure kantuen bidez, herri honek zituen sabeleko minak azaltzen, eta jendea horretan identifikatu da ere. Zorigaitzez, badira gai batzuk egungotasuna badutenak, adibidez, euskararen egoera. Iparralden, gure haur denboran eta gazte denboran euskara entzuten genuen herrian eta kalean. Frantsesez entzuten genuenean, uztaila eta agorrila zenean zen, udatiarrak etortzen zirenean herrira. Orain, aldiz...

Peio– Ingurumena aldatu da, baina funtsezko tematika hor dago beti. Mixel Labegerie 1960ko hamarkadan hasi zen kantatzen: “Aita zer egin duzu gure lur maitea, kanpokoari saldu?”. Gaur egun, Iparralden arazo bat baldin badugu, hori da. “Zer egin duzu euskara maitea, erdaran hasi duzu zure semea?”. Arazo horiek bizi-bizirik daude gaur egun.

Iparraldetik datozkigun albisteak ikustea besterik ez dago euskarak duen egoera larria atzemateko…

Pantxoa– Kinka larrian dago, bai. Euskarak ez du ofizialtasunik, Parisek ez du deus finkorik egiten Seaskaren alde, beti hor dago, maingu. Egin dugu bide, baina oraindik ere asko gelditzen da egiteko.

Peio– Nik bost biloba ditut, 21 eta 18 urte artekoak. Xalbador eraikina hor dago, eta nik kontatzen diet horren atzean egon den borroka. Gure belaunaldiaren borroka izan da euskara irakaskuntzarako hizkuntza izatea. Lortu da, neurri batean, baina esaten diet nire bilobei: zuen borroka da euskara kaleko hizkuntza bilakatzea. Eta hori oraindik ez da lortu.

Pantxoa– Seaska sortu zen urte berean hasi ginen kantatzen, parekatuak gara. Eta zenbat militante gurutzatu ditugu gure kantari ibilbidean, euskararen aldeko borroka horietan. Horretan pentsatzen dut nik ere kantaldi hauetan. Bada jende bat ez dela diruz ordaindua izan eta lan ikaragarria egin duena. Nola gu argitan emanak ginen, jende horretan pentsatzea eta horiek ere argitan ematea gustatzen zait.

1970eko hamarkadan kantagintza makulu garrantzitsua izan zen euskararentzat, are gehiago mugaren alde honetan…

Peio– Kantagintzak bere berrikuntza zeraman, bere aldetik. Tematika berri bat, estetika berri bat, eta abar. Aldi berean, beste arlo askotan beste bide bat egiten ari zen. Euskal kontzientzia bat sortu zen urte horietan. Kantuak, azkenean, mugimendu hori guztia indartu ere egiten zuela uste dut. Olatu bat bezala. Eta gu hortxe kokatu gara.

1969an plazaratu zenuten lehenengo diskoa, baina lehenagotik ere ezagutzen zenuten elkar. Haurretatik.

Pantxoa– 1958 urtean, 10-11 urte genituenean ezagutu genuen elkar.

Peio– Apaiz ikastegi batean, pentsa…

Pantxoa– Gure lehenbiziko hiru urteak, 9-11 urte artean, eskola berezia zen. Bada pelikula bat, Los chicos del coro, ezta? Ba antzeko zerbait zen. Eskola programatik aparte, bagenituen ordu bat edo bi astean musikarako eta kantarako. Hor ezagutu ginen elkar. Eskola hori laburra zen, ahotsak aldatzen direlako 13 urtetan.

Noiz erabaki zenuten bikote bezala zuen bide profesionala hastea?

Peio– Inoiz ez da egon planifikaziorik, naturalki etorri zen. Guri Iparraldeko kultur talde baten kide izatea tokatu zitzaigun, Amaia Kultur Taldea, eta honek ikastaro batzuk antolatzen zituen opor garaian. Hor egin genuen Telesforo Monzonen ezagutza, lehenagotik ezagutzen genuen ere Manex Pagola… Ez Dok Amairu ere garai hartan sortu zen. 1969an Ustaritzeko areto batean egin genuen lehenengo emanaldia, Mikel Laboarekin eta Oskarbikoekin… Garai hartan, kantaldiak hiru-lau kantarirekin egiten ziren, bakoitzak lauzpabost kantu egiten zituen, txandaka. Horrela hasi ginen, eta gero arrakasta etorri zen. Irrati bidez gure kantuak ezagutzera eman ziren, batzuk eta besteak kantaldiak antolatzen hasi ziren, batzuetan Seaskaren alde, bestetan presoen alde…

Funtzio politiko bat betetzen zuten beraz kantaldi horiek beti, musikaz haratago.

Peio– Kantariak, hemen Hegoaldean, kasik toki bakarrak ziren jendea kolektiboki elkartzeko, azaltzeko herri baten parte zirela eta eskubide batzuk eskatzen zituztela. Prentsa debekatua zen, partidu politikoak debekatuak ziren… Kantaldiek betetzen zuten funtzio hori. Iparralden pixka bat desberdina zen, baina Hegoaldean oso inportateak ziren.

Pantxoa– Gu elkar ezagutu ginenean, kolegioan eta garai hartan, ez ginen abertzaleak. Iparralden abertzaletasuna ez zegoen batere errotuta. Abertzaletasuna sortu zen Enbata mugimenduarekin. Bazuten aldizkari bat hamabost egunetatik ateratzen zena, eta hori irakurtzen hasi ginen abertzaletzen. Amaia Kultur Taldean sartu ginelarik, Euskal Herriko historia irakurri eta ikasiz konturatu ginen.

Peio– Nik gogoan daukat. Gu baginen euskaldunak ikastegian, baina baziren Bordeletik eta etortzen ziren beste ikaskide batzuk. Eta gu pixka bat ohartzen hasiak ginen: badugu gure jolasteko molde berezi bat, barre egiteko molde berezi bat, pilota eta hori guztia… Euskaltasun zentzu horren jabetzen hasi ginen testuinguru horretan, erdaldun eta ikaskideen harremanean.

Pantxoa– Gu euskaraz mintzo ginen, eta bazegoen trufa aire bat, baserritarrak ginelako, behi usaina eta... Bazegoen desberdinak ginenaren kontzientzia bat.

1970eko hamarkadan hasi zineten mugaren alde honetan kontzertuak ematen. Nola gogoratzen duzue garai hori?

Peio– Ez genuen Hegoaldea ezagutzen, guretzat esperientzia berezia zen. 1971ean eman genuen lehenengo kontzertua Bergaran, Monzonen herrian. Guretzat harridura izan zen, jende batekin topo egin genuen, ez genuen hizkera berdin-berdina baina ulertzen ahal ginen elkar eta, kontxo, deskubrimendu bat izan zen.

Pantxoa– Kantaldiz kantaldi deskubritu ditugu jendeak eta tokiak, baina erraten ahal dugu beti harrera ona izan dugula.

Iparraldetik etortzen zineten kantariak aire freskoa, harnasgunea izanen ziren bertakoentzat…

Pantxoa– Eta nahiz eta zentsura izan, gu menturatzen ginen kantatzera zentsuratik pasatzen ez ziren abestiak. Taula gainean kantatzen genituen eta jendeak estimatzen zituela atzematen zen.

Peio– Nik pentsatzen dut nolabait lagundu gintuela gure frantses hiritartasunak. Iparraldekoak ginen, frantsesak ginen eta horrek lagundu gintuen.

Lesakan joko duzue bira honetan. Hain zuzen ere han eman zenuten lehenengo kontzertuan gora-beheraren bat izan zenuten, ezta?

Peio– San Ferminak ziren, 1975ean. Kantaldian programatuak ginen Mikel Laboa, Oskarbi eta gu. Iritsi ginen, arratsalde erdian edo, eta han esan ziguten ez genuela kantatzeko baimenik.

Pantxoa– Bost egun eramaten genituen kantaldiak ematen eta baimenik ez genuela esan zigutenean, kontent, etxera bueltatu behar ginelako.

Peio– Baina gelditzeko esan ziguten. Besteekin afaldu eta gero, kantaldian, oholtza inguruan gelditu ginen beste musikariekin. Halako batean, Guardia Zibila etorri eta dokumentazioa eskatu zigun. Gurea ikusi eta polizia batek besteari esan zion: “Serían estos”. Beraiekin eraman gintuzten, frontoiaren erditik pasa ginen, jendea txistuka Mikel Laboa kantari ari zelarik. Kuartelean pasa genuen gau osoa. Ez gintuzten jipoitu, hori bai. Batek bai nahi zuen baina besteak esan zion: “Va, estos solo son cantantes…”.

Pantxoa– Guk beti esaten genuen ez genuela espainolez mintzatzen, ulertzen ez genuela pentsatu zezaten… “Me da ganas de darles de ostias”, esan zuen batek, eta besteak hori erantzun.

Peio– Hurrengo egunean aske utzi gintuzten eta etxera bueltatu ginen.

Azken bira atzera begiratzeko unea izan daiteke. Nostalgikoak zarete?

Pantxoa– Ez, batere ez. Ongi da iraganera begiratzea, baina aurrera egiteko, ez nostalgian murgiltzeko.

Peio– Atzera begirada hori polita da, nik agenda guztiak gorde ditut, urtez-urte, 1971tik. Jolastu egin naiz, adibidez, 1974 urteko agenda hartu, eta banan-bana jarri ditut egindako emanaldiak. 68 izan ziren, urte bakarrean. Asteburu osoa kanpoan pasatzen genuen, eta egun berean bi eta hiru kantaldi egin izan genituen ere. Toki batean hasi, presaka bestera joan…

Pantxoa– Bi ahots, gitarra soila… Ez genuen ekipo handi bat ere ez.

Bira honetan, zuekin batera musikari gazteak ere izanen dituzue ondoan, horietako batzuk nafarrak.

Pantxoa– Beti ukan ditugu, bai. Beti gustatu izan zaigu Euskal Herriko zazpi herrialdeetako musikariak izatea, Euskal Herri batu baten irudi hori ematea taula gainean ere.

Peio– Eta berritasuna izanen da ere neska gazte bat izango dugula jotzen gurekin: Dánae Riaño, 22 urteko musikaria. Transmisioaren sinboloa ere bada, sinbolikoki oso polita zait.

Pantxoa– Gu kantatzen hasi ginenean ez genituen emakumeen problemak azaltzen. Beraz, guretzat inportantea da ere bai, arrazoi guztiak baditugu gurekin egoteko eta lotura hori egiteko. Emakumeen arazoak garrantzitsuak dira, ez dira eskubide berdinak emakumeenak eta gizonenak, ez dira parekatuak ez baldintzetan ez sarietan, bortizkeria ere badago emakumeen kontra…

Zein uste duzue dela euskal musikaren historian utzi duzuen arrastoa?

Peio– Ni harritzen naiz ikustean kanta hauek nola sartu diren etxetan, familietan, pertsonen bizitzetan. Entzun izan ditut lekukotasunak, esan izan didate: “Ni euskaraz ikasten hasi nintzen zuen kantuekin” edo “Parisen bizi nintzen, herritik urrun, eta herriarekiko lokarria zuen kantuak ziren”...

Pantxoa– Hor konturatzen zara kantuak zer indarra duen. Kantua bortizkeriarik gabeko arma bat da, ikaragarria da. Kantuaren bitartez sartzen zara jendaren bihotzean, sabelean, buruan. Kantu horiek izugarrizko bidea egiten dute bizitza pertsonalean eta herri baten mugimenduan. Gure kontzientziak akuilatzeko eta argitzeko tresna izan dira.

Urtarrilean emanen dituzue azken kontzertu horiek, BEC-en. Nola uste duzue biziko dituzuela?

Pantxoa– Emozioz betea izango da guretzako eta publikoarentzako. Erori gabe tristezian, uste dut hala izango dela. Oheratuko naizenean, loa ez dutela harrapatuko uste dut.

Peio– Kantaldi bat ez da inoiz errepikatzen, kantaldi bat beti hitzordu bakar eta berezi bat izaten da. Kasu honetan, zer esanik ez. Inoiz ez dugu kantatu horrenbeste publikoren aurrean, eta urduritasuna ere sortzen dit horrek. Momentu batean, ez zaude zure buruaren jabe, olatu batek hartu eta eramaten zaitu.

Pantxoa– Eta publikoarekin bat egitea ederra izanen dela pentsatzen dut.