Gelditu ezinik dabil hilabete hauetan Ane San Miguel Crespo Aneguria (Bilbo, 1984). Izan ere, Horchata de chufa izeneko bere lehenengo diskoa plazaratu zuenetik urtebetera, kalean du jada Percebe, dana edo ezebez (Baga Biga) izeneko bere hirugarren lana. Energetikoki “suizidio” bat izan dela dio abeslariak. Japoniatik egindako biratik bueltatu eta berehala, Ibon Larruzea ekoizlearekin batera Frambuesas y palomitas bere bigarren proiektuan murgilduta zegoela, Azkue Fundazioak urtero antolatzen duen Banden Lehiaren lehen saria irabazi zuen. Horrek denbora mugatu batean beste disko bat sortzera eraman du bilbotarra, horixe baitzen saria.

Helburuak argi izan ditu abeslariak hasieratik: “elektronikoa, indartsua eta dantzagarria izatea” izatea nahi zuen diskoa. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruaren arabera, lan “oso indartsua” da Aneguriarena, askotariko estiloak biltzen dituena. “Abesteko pop estilora lerrokatu da bilbotarra, baina rapa alde batera utzi gabe”, azaldu du Aizpuruk. Bere aldetik, Aneguriak kontatu duenez, “dantzatzeko errepertorio” bat egin nahi izan du hasieratik, “aniztasunean eta estilo desberdinetan oinarrituta, batez ere elektronika eta raparekin, eta jolas horretan jarraitzen dut”.

HIRU EKOIZLEREKIN

Zortzi abestirekin osatu du diskoa Aneguriak; sei kantu eta bi birnahasketa. Kantuen oinarri instrumentala sortzerakoan, hiru ekoizlerengana jo behar izan du. “Rapetik etorrita, normalean ekoizleak behar izaten dituzu. Baten batek egin behar du oinarri musikala, nik ideiak edo sentimenduak eduki ditzaket, baina egia da, baita ere, gorputz honekin ezin dudala duintasunez musika egiteko eta era berean ondo pasatzeko dena ikasi eta egin”, aitortu du. Horregatik, berezko estiloa eta estudio bat duten eta nahasten dakiten ekoizleak bilatzen ibili da abeslaria, “grabatzen eta masterizatzen jakingo balute sekulakoa izango litzateke, baina ez da beti horrela izaten”.

Aukeratutako hiru ekoizleen soinua berearekin nahastuta sortu ditu piezak Aneguriak, bere melodiekin eta hitzekin batera, alegia. Azaldu duenez, ekoizleetako baten kutsua oso elegantea da, baimen kontuengatik, halere, ezin izan du nor den aipatu. Ikki da bigarrena, artista onenei abestien oinarriak egiten dizkiela kontatu du Aneguriak eta horrek estilo komertzialago bat ematen diola lanari. Axular Arizmendi (AME estudioak) da hirugarrena. Diskoak bi birnahasketa jasotzen ditu eta hain zuzen ere pieza horietan txertatu du oinarri elektronikoa Arizmendik.

MEZU INDARTSUAK

Doinuak ez ezik, mezuak ere indartsuak dira Percebe, dana edo ezebez diskoan. Kalean sumatzen den giroa hitzetara ekarri du Aneguriak. Hala, bere kantuen bidez, aitorpena, plazera bide bakarra dela, sexu gosea, feminismoa edota orainaren garrantzia aldarrikatu nahi izan ditu abeslari bilbotarrak. Batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz, Aneguriak bi hizkuntzetara jo du bilduma berriak biltzen dituen zortzi kantuen hitzak sortzerako orduan. Abeslariak azaldu duenez, momentuan sentitzen zuenaren arabera atera dira hitzak; izan ere, bere esanetan, “sentimenduek hizkuntza batean edo bestean ateratzen dizkizute hitzak, horrela sortzen dira, natural”.

Hala ere, estilo, melodia eta letrez gain, diskoan bada indar berezia hartu duen beste elementu bat: azala. Bertan Aneguria lanpernez inguratuta ageri da, biluzik. Bere musika entzun baino lehenago ere argi geratzen da beste mota bateko artista dela Aneguria, beraz. “Lanpernena fikzio marabilloso bat da”, dio abeslariak, umorez. “Uste dut nire bizitza surrealismoan oinarritzen dela. Fikzioak, gehienetan, errealismoa gainditzen duelako eta nire kasuan magia ere ematen delako”. Anekdota bitxi batekin lotura du azalak. Izan ere, Gabonetako famili afari baterako zazpi kiloko bi lanperna kaxa erosi zituen abeslariak, horrek suposatuko zuen kantitate handiaz ohartu gabe. “Lanperna horietatik etorri zen gerora publizitate kanpaina osoa”.

Emaitzarekin pozik, orain zuzenekoetan diskoari bere bat-batekotasuna txertatzea da Aneguriaren asmoa. Kontzertuetan “elektronika potentea eta oso elegantea” egin nahi duela aitortu du bilbotarrak, “Euskal Herriko berbena giroa apurtu eta jendea elektronikara hurbiltzea nahiko nuke”, adierazi du. Azaroaren 10ean Bartzelonako EH Sona jaialdian eskainiko du kontzertua. 25ean berriz, Gaztezulo aldizkariak antolatuko duen Festan igoko da oholtzara, Bilboko Kafe Antzokian. Datozen hilabeteetarako agenda ere bete-betea du abeslariak.