Gauza batzuk ez dira inoiz bukatzen. Bukatu aurretik galdu egiten ditugu beti” -esan zidan Nereak taberna zuloren bateko komun are zuloagoan-. Ezpainetakoak, adibidez”. Horixe da Ane Labakak Ezpainetakoa idazlanari emandako hasiera. Gorputzetik idatzitako testu sakona da Labakarena, erotismoz osatutako narrazio ederra, albumaren ezinbesteko bi osagaiak elkartuz: testua eta interpretazioa.

Kontakizun kronologiko batek osa-tzen du testua, baina, tartean, hausnarketa batzuk sartzen ditu Labakak, nahiz eta hasieratik hartutako erabakia ez izan: “Urte askoan, terapia moduko zerbait izan da niretzat idaztea; beste asmorik gabe egin izan dut, eta lagundu dit korapilo batzuk askatzen. Beti eduki izan dut idazteko ohitura, baina oraingo bizi estiloarekin ez daukat denbora nahikorik. Iruditzen zait horren ondorioa dela; hau da, daukadan bizi erritmoagatik, horrelako collage estiloko zerbait atera zaidala”. Kontakizunean botere harremanak, sexua, maitasuna eta abar ageri direla jakinarazi du Labakak. “Gorputzean hainbeste arreta jartzeak ahalbidetzen zidan gorputza zeharkatzen duten beste hainbeste gauzez hitz egitea”, gaineratu du.

Ez da Labaka eta Amenabar elkarlanean aritzen diren lehenengo aldia, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideak baitira biak, Nerea Ibarzabal eta Mariñe Arbeorekin batera. Oraingoan, Markina-Xemeingo Udalak eta Ereinek antolatzen duten Peru Abarka lehiaketan gurutzatu dira beren bideak. Lehenik, narraziorik onenari dagokion atala irabazi zuen Labakak eta testu horren ilustratzailea aukeratu zuen epaimahai batek, ondoren.

Beraz, Labakak idatzitako testu itxiaren inguruko interpretazioaren bitartez egin zituen ilustrazioak Amenabarrek. Testuak berak zuen pisua mantendu nahi izan zuen albumaren ilustratzaileak. “Literalki ilustratzen baldin banuen, erredundanteegi geratuko litzateke. Orduan, jolasa deitu nion sortu nuen horri”, eman du jakitera Amenabarrek. Lehen pertsonan dago idatzita kontakizuna, eta marrazkietan ere pertsonaia bakarra ageri da, emakume pertsonaia baten gorpu-tza, hain zuzen. “Lehenengo pertsonan idatzitako istorioa denez, pertsonaia bat bakarrik marraztea erabaki nuen -azaldu du ilustratzaileak- eta, bereziki, pertsonaia horren gorputza, nire pertzepzioa baitzen oso gorputzetik idatzitako istorioa zela Anerena. Biluzte ariketatik asko duen kontaketa intimoan dago, orobat, fikzioaren eta errealitatearen arteko jokoa”.

Testuaren eta ilustrazioaren arteko oreka aurkitzeko, Amenabarrek irudi figuratiboak erabili ditu zati kronologikoetan eta tipografiekin jolastu du hausnarketetan. Istorioari osotasuna emateko, irudi denak geruzekin osatu ditu, eta geruza batzuk irudi guztietan errepikatu ditu. Koherentzia mantentzeko, “mosaiko antzeko bat” irudikatu nahi izan du Amenabarrek, irudi guztietan errepikatzen den manta moduko bat islatzeko. “Niretzako kontakizun hau da, domeka arratsalde euritsu eta deprimente batean, manta batean bilduta irakurtzeko modukoa. Norberak bere baitan egoteko irakurtzekoa. Lagunen artean bitxobola egunak deitzen dizkiegu halakoei”.

HELDUENTZAKO LANA Ezpainetakoa ez da haurrentzako album bat, helduentzako liburu ilustratu bat baizik. Euskal literaturaren panoraman ez da batere formatu ohikoa honakoa, ez behintzat euskarazko lanei dagokienean, baina honen alde egin dute beste behin Markina-Xemeingo Udalak eta Erein argitaletxeak. Halako lehiaketen helburua genero honetako lanen zabalkundean laguntzea dela dio Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak. “Mota honetako lanen zabalkundea ez da erraza izaten, sentsibilitatea eskatzen duen generoa baita. Album ilustratua bere osotasunean dagozamena eskaintzen duena, izan ere, gozamena ez da bakarrik idatzian aurkitzen”.

Halako lanak egiten dituzten idazle eta ilustratzaileen maila, gazteen artean batez ere, “geroz eta altuagoa” dela dio Aldekoak.”Proposamen bikainak agertzen dira noizbehinka argitaletxeetatik”. Halere, zuhurtziaz jokatu ohi dute, merkatuan halako lanek jasotzen duten erantzuna ez delako lanen kalitatearen proportziokoa izaten. Aldekoak errealitate bera ikusten du, oro har, euskal kulturarekin eta liburugin-tzarekin: “Oso proposamen onak daude, baina batzuetan jende gehiago hurbiltzea da falta dena. Xabier Letek behin esan zidan gure zoologikoan animalia asko daudela eta bisitari gutxi. Ea ba horri buelta ematen diogun”.