Demagun gizakiaren burmuinean big-banga gertatu zela, eta gure existentziaren uneren batean, zarata soinu bihurtu zela horrela, soinua fonema, fonema hitza, eta hitzak kateatuz, esaldiak. Hutsetik hotsera. Hortxe du abiapuntua munduko hizkuntza ororen historia unibertsalak, baita euskararenak ere.

Bizitzak aurrera egin ahala, aurrera egin zuen euskarak ere. Mendeetan zehar bere horretan aldatu, bihurtu, egokitu eta biziberritu egin zen, eta horrela etorriko ziren, gure kasuan, euskalkiak. Lapurtera, nafarrera, bizkaiera, gipuzkera, arabarra? Eta hizkuntza hain zen aberatsa bere lurraldean, euskal hiztunek ere ez zutela elkar ulertzen. Elkar ulertu nahi, baina ezin. Nola batu euskal hiztunak? Nola sortu euskaldun batuak? Eztabaida luzeen ondoren, euskaldunek irtenbide bat erdietsi zuten. 1968ko Arantzazuko Batzarrean gertatu zen hori: euskalkien arteko elkar ulertzearen arazoak gainditu eta hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko, euskara batuaren lehen haziak landatu zituzten hainbat euskaltzainek.

Milurteko euskararen bilakaera eta euskara batuaren sorrera modu xume batean azaltzeko era izan daiteke hori. Aukeran Dantza Konpainiak eta Xabi Paya kulturgileak, ordea, hura argitzeko proposamen berritzailea ondu dute. Eta, hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza eta elearen etengabeko bilakaera? Erantzuna: hizkuntza bera dantza bihurtuz. Horixe egin dute Aukeran konpainiako dantzariek Biz Hitza ikuskizunean: dantzaren bidez euskara gorpuztu, batuaren istorio partikularra kontatzeko.

Hazia, antipodetan Aurretik elkarrekin aritutakoak baziren ere, Washingtonen ezagutu zuten elkar Edu Muruamendiaraz (Bergara, 1964) Aukeran Dantza Konpainiako zuzendariak eta Xabi Paya (Getxo, 1982) bertsolariak, Smithsonian National Folk Life jaialdian. Antipodetako egonaldiak utzitako zapore onak elkarren arteko hartu-eman etengabea jarri zuen martxan, “beti ere haiek bultzatuta, bertsolari batek gauza gutxi egin ditzakeelako dantzariekin”, onartu du Payak.

Bada, Euskaltzaindiaren ehungarren urteurrenaren harira, kultur sorkuntzaren bidez euskara sustatzeko gonbita luzatu zion Akademiak Aukerani, eta haren zuzendari Muruamendiarazek zuzenean jo zuen bertsolariarengana. “Aizu Xabi, ideia bat behar dugu, gidoi bat”, bota zion dantzariak. “Ados. Gidoilaria naiz, eta horretan aritutako naiz telebistan eta antzerkian. Baina nola idatziko dut nik gidoi bat dantza konpainia batentzako?”, pentsatu zuen Payak.

Horri erantzuna emateko Antipodetara jo behar dugu berriz, Boisera. “Han izan nintzen 2010ean, Boiseko euskaldunon jaialdian. Orduan ohartu nintzen diasporako euskaldunen ondorengo belaunaldiek azkar ahazten zutela euskara, ez ordea gure dantzak. Haietako asko ez ziren gai euskaraz hamar esaldi jarraian esateko, baina bai gure euskal dantzen errepertorio zabala dantzatzeko. Hara non, haien euskalduntasunean dantzek betetzen zuten Euskal Herrian hizkuntzak betetzen zuen papera”, azaldu du bertsolariak. Ideia horri helduta garatu du Payak Biz Hitza dantza ikuskizunaren mamia: “Gorputz mintzaira, biomekanika, benetan euskara balitz, nolakoa izango litzateke gure hizkuntza? Nola adieraziko genuke dan-tzaren bidez euskararen sorrera eta bilakaera?”, galdetu du Payak. Galdera horien erantzunen bila hezurtu du getxoztarrak gidoia, eta hura hamalau koreografiatan islatu dute Aukeran dantza konpainiako dantzariek.

Hutsetik hotsera Isiltasunean jaio zen euskararen lehen hitza, eta isiltasun hutsa da obraren hasiera ere. Isiltasun luzea. Halako batean sortu zen giza garunean lehen zarata, eta orduan hasiko dira dantzarien lehen mugimenduak ere. “Antzoki barrualdea giza garuna bihurtuko dugu, eta dantzariak garunaren zati ezberdinak izango dira. Jakitun naiz dantzarien erronka ez dela makala izan, baina argi nuen obra hau mugarria izan behar zuela Aukeranentzat. Hura egin eta gero, oraindik ere dan-tzari handiagoak izan zitezen”, azaldu du Payak.

Ikuskizunaren atal honetan dantza garaikidea nagusitu dela argitu du gidoilariak. “Haientzako moduko soinekoa egin dudala esan daiteke, baina haiek jantzi eta erabili behar izan dute, probatu, eta beren beharrizanetara moldatu. Magikoa izan da buruan nuen ideia hori nola dan-tzatu duten ikustea”, kontatu du Xabi Payak.

“Bost dantzarik hartuko dute gure hizkuntzaren historia azaltzeko ardura. Eszenatoki gainean ikusiko ditugun dantzariak identitaterik gabekoak izango dira, atmosfera minimalista batean murgilduta, hi-tzen genesi horretan hara eta hona”, eman du jakitera Edu Muruamendiaraz Aukeran konpaniako zuzendariak. “Benetan zaila izan da bokalen, hitzen eta lehen esaldien sorrera mugimenduen bidez azaltzen asmatzea. Harridura zer den, zalan-tza, ezinegona? Ohituak ez geunden beste erregistro batzuetara jo behar izan dugu, dantza garaikide puruan murgildu gara istorioaren hasiera honetan. Aukeran 2.0 sortu dugu, eta ederra izan da”, gehitu du.

Obraren bigarren atalak hizkuntzaren bilakaera eta hizkuntzen arteko harremana ditu hizpide. “Bizitzak bezala, bizirik jarraitzeko aurrera egin behar dute hizkuntzek ere, eta horretarako ezinbestekoa dute etengabe egokitzea eta biziberritzea. Horregatik jarri diogu Biz Hitza izena ikuskizunari”, adierazi du Xabi Payak. Mendeetan gertatutako etengabeko aldaketekin, euskalki ezberdinak errotu ziren gure lurraldeko toki ezberdinetan, eta horiek gorpuztuko dituzte taula gainean.

“Nola irudikatu euskalki ezberdinak dantzaren bitartez? Zorionez, Euskal Herriko dantzen tradizioak errepertorio zabala ekarri du gaur egunera arte, eta tokian tokiko dantza originalen bitartez, gure herriko handitasunean bidaiatuko du ikusleak”, dio gidoilariak. Iparraldeko Godaleta edota Lekeitioko Kaxarranka, euskalkiak bezain anitzak izango dira bigarren zati honetako dantzak: “hain dira anitzak, non gure dantzariek elkarrekin dantza egin nahi duten, baina ez dute elkar ulertuko. XX. mendearen hasieran euskal hiztunek elkar ulertzeko zituzten arazoak ikusarazi nahi izan ditugu horrela”, azaldu du Payak.

oilar borroka XX. mendeko lehen 60 urteak “oilar borroka” baten bidez irudikatuko dituzte Aukeraneko dantzariek ikuskizunaren hirugarren eta azken atalean. “Euskal komunitatearen elkar ulertzeko ahaleginetan, batzuek bizkaiera inposatu nahi izan zuten euskara batuaren oinarri gisa, gipuzkera beste batzuek, hainbatek lapurtera? Hori guztia dantzara ekarriko dugu rapean hain ezaguna den oilar borroken tankerara: ea nork altxatu hanka gorago, ea noren pausuak diren ederragoak, nork egiten dituen oin gurpilak hobeto?”, eman du jakitera Payak. “Azken batean, adostasunera heltzeko bidean urte luzez lanean aritutako Txillardegi, Koldo Mitxelena eta Villasanteri omenaldia egin nahi izan diegu. Dantzan egin zuten haiek ere, baina argudioekin, nolabait ere euskalki bat besteen gainetik goratu behar zela defendatuz”, gehitu du getxoztarrak.

Obraren bukaeran, euskara batuaren sorrera ekarriko zuen 1968ko Arantzazuko Batzarraren espiritua taularatuko dute dantzariek. Nola? Erromeria baten bitartez. “Zer da ba euskara batua, dantza erromeria ez bada? Doinua berdina denontzat, baina norberak bere pausuak eta berezitasunak txertatuko ditu bertan”, azaldu du gidoilariak. “Euskara batuak ere arautu egin zuen gure hizkuntza, euskal hiztunen arteko komunikazioa bermatzeko, baina aukera ematen digu tartean norberaren berbak sartzeko”.

Musika garaikidea Aitor Etxebarria gernikarrak hartu du ikuskizunari musika jartzeko ardura eta emanaldietan ere zuzeneko musika joko du berak. “Dantzariek erritmo jakin batzuk behar zituzten euskal dantzen errepertorioa lantzeko, melodien oinarria, beraz, ezin izan du moldatu. Hortik aurrera, doinu tradizionalak hartu, egokitu eta musika atmosfera guztiz garaikide eta modernoan txertatu ditu”, azaldu du Payak. “Tradizioa egunero berritu behar den zerbait da, zaharra izaten jarraitu dezan. Horixe bera da Aitorrek egin duena”.

Martxoaren 16an estreinatuko dute obra Bilboko Arriaga Antzokian, Loraldia jaialdiaren egitarauaren barruan. “Azken momentura arte sorkuntza prozesuan izango gara, Arriaga Antzokiaren baliabideak topera zukutuko ditugu”, aitortu du Muruamendiarazek. Ainhoa Aierbe eta Natxo Monteroren laguntza izan dute eszenaratzea prestatzeko, eta dantza lehengai nagusia izango bada ere, irudi, testu, audio eta argi joko bereziekin osatuko dute obra.