Disoluzio agiriak da Jose Luis Otamendiren (Azpeitia, 1959) azken poesia proposamena. Kapital publikoa (Susa, 2014) poema bilduma argitaratu zuenetik hona, bere baitan nahiz kanpoan sumatu dituen aldaketen berri poetikoa emateko asmoz dator oraingoan idazlea. Eginkizun honek zenbait ñabarduratan “beste era batera idazten saiatzeko ahalegina” eskatu diola aitortu du Otamendik, eta hala somatu du Susa argitaletxeko Leire Lopez editoreak ere. Hain justu, irakurleak lan berrian “betiko Otamendi eta, aldi berean, Otamendi desberdin bat” aurkituko dituela dio Lopezek. Disoluzio agirien berri eman digu Otamendik.

Zer dakarte agiri hauek?

Zahartzen ari den 60 urteren bueltako euskaldun baten poesia proposamena dakarte disoluzio agiriek. Nire gorputza dute abiapuntu, bizi ditudan gauza guztien egoitza eta gertaleku bezala, gorputza baitut nire segurantzarik gertukoena. Gogoak mugiarazten du nire gorputza eta hala luzatzen da jendartean. Gorputzak, baina, dena somatzen du, iragazkorrak gara eta mundua barrura sartzen zaigu. Hala, garai likido hauetan identitateak gizartean har ditzakeen ezaugarri ezberdinei, inguratzen nauen giro sozialari eta ekonomikoari ere erreparatu diet.

Poesia molde berri batean, akaso.

Hasieratik aitortzen dut ez dakidala oso ondo zeintzuk diren egun behar ditudan edo ditugun hitzak. Azken batean, egin edo osatu nahi eta osatu ezin bat, hitz egokien bila burutzen den borroka da jardun poetikoa. Esango nuke poema hauetan badagoela bizi dugun garaiko poesia molde bat sortzeko ahalegina, gure garaiak eskatzen dituen hitzak, edo hitzetako batzuk behintzat, beltzean jartzeko nahia.

Nitasunak pisu handia du obran.

Ni-ak garrantzi handia izan du beti nire lanetan, baina ahalegin hori agerikoagoa da obra honetan. Bizi izan ditudan bizipenetatik aritu naiz, lehen pertsonan ia beti, baina libre jarduten ahalegindu naiz aldi berean. Jendaurrean, plazara hitz egitera etorri naiz, baina modu intimo batean. Irakurleari belarri er-tzera edo bihotz zokora iritsi nahian, neure muinetik eman dut emateko dudan hori. Hala ere, ezin diot inguratzen gaituenari entzungor egin. Gertuko errealitateak kutsatua nago ni ere, eta hain justu horrek elikatzen du olerkariaren betiko borroka: barruaren eta inguruaren arteko inkoherentziak eta kontraesanak. Hitz doiaren bilaketan eman dut nire ekinaren parte handi bat.

Erantzunik aurkitu al duzu?

Erantzunak baino, beti bezala, galderak aurkitu dut, segurantza gutxiko ondorioak. Baina bada hori jardun poetikoaren funtsa, partikularraren ahotsa aldarrikatzea mundu nahasi honetan, disoluzioa nagusi den garai honetan. Ahots bat bilatzea eta, aldi berean, espazio eta denbora komunak eraikitzea. Emanak zaizkigun hizkuntza eta pertsonak eraikitze sozial bezala ulertzen ditut nik eta hortik jo dut.

Zazpi ataletan egituratu duzu liburua.

Bai. Atalek garrantzia handia dute. Jendarte zatikatuan bizi gara, eta halakoak gara pertsonak ere. Kreazioaren zazpi eguneko kontakizun judu-kristauak erraztu egin dit liburua zazpi kapitulutan banatzea. Argiaren eta ilunaren sorreran adituak gara, baita pertsonen presentziaren eta ausentziaren inguruan ere, maisu bihurtzeko bidean gaude horretan. Jainkoaren eta diruaren ideiek, eta horien kontra-karrerek, maiz hartu naute gauza guztien bakarreko autoretza kolokan jartzeko, alde batetik; eta pertsona eta jendartearen eraikitzea prozesu sozial giza azaltzeko, bestetik. Lur neurrira ekarrita, pertsona garen aldetik, gure indar ahulekin norberaren bizitza guk geuk eraikitzeko beharraren defentsa egin dut. Poesiak bilatzen du hori ere, pertsonak banaka hartuta zein kolektiboan, toki duin bat dutela aldarrikatzea. Toki hori bilatzea gutako bakoitzari dagokio. Denon ardura da, bai, baina lehendabizi norberak bilatu behar du.

Besteak beste, zaintzaz egin duzu gogoeta.

Feminismotik hartutako ideia batzuek ere hobeto lagundu didate errealitatea uler-tzen eta nire hitzak bilatzen. Etxekoen zaintzaz arduratzea suertatu zait azken urteetan eta pertsona kuttunen gorputzen eta gogoaren disoluzioaren lekuko izan naiz. Ezin argiago mintzatu zait gorputzek ezinbestean bizi behar duten gainbehera: aurpegi eta gorputz maite horietan idatzita ikusi dut gure etorkizuna.

Paradisuaren erradiografia bat ere ekarri duzu poemetara.

Lehen munduko gizartean bizi garenok, lehen mundua bera leku gotortu eta seguru bezala bizi dugu. Ordena horri leial garenoi, sari bezala paradisua ematen zaigu. Bada, Jainkoak eta diruak emandako paradisu honek bide bazterrean utzi ditu gero eta pertsona, herri eta bizimolde gehiago. Uste dut paradisu elurtu baten jabe egin gaituztela, eta bero-tze globala tarteko, iglu bat bezala, urtze globalak estalkirik gabe utziko gaituela guztiok. Alegia, urtzen ari dira harreman molde eta humanitario duinetarako hainbat kondizio eta aukera. Galdera plazaratu nahi izan dut, emana zaigun paradisu hau ez oten den bakardadearen infernu txiki edo handi bat.

Eta horren aurrean, poesiak badu asmo sendagarririk.

Bakardadearen glaziarretan izoztuta eduki nahi gaituen jendarte honetan, partikularraren ahotsaren aldarria egiten du poesiak, nor bere kapsulatik ateratzeko espazio eta denbora komunak eraikiz. Bizitzarako lagungarri organikoa bezala ulertzen dut nik poesia.

Desegin, berriz ere egiteko?

Disoluzioa bada desegitea, baina ez ezinbestean desagertzeko. Disoluzioa bada aukera berriak irekitzen dituen zerbait. Disoluzioa izan daiteke forma edo sistema baten endekatzea, baina baita haren biziberritzea eta beste modu batean ekiteko aukera ere. Disoluzio agiri hauek ez dute inor etsiaren desioaz limurtu nahi, ez dute poesiaren errendiziorik bilatzen. Aldarri sukoirik ez dago liburuan, baina kapitalaren garaitzari eta bakardadearen aintzatespen globalari kanturik ere ez.

Nola joan da idazketa prozesua?

Nire bizitzaren prozesua oinarri, gogoetetan, pentsamenduetan, albisteetan, lagunartean, etxeko kontu txikietan, presoei egindako bisitetan, bidaietan edota lan bileretan aurkitu dut abiapuntua. Hortik hasi eta iragazi. Testu asko pilatu nituen hasieran, liburu izateko asmorik gabe. Neure lan egiteko era da. Bizieran lagungarri zait testuak idaztea, barruak agintzen dizkidan bulkadei erantzuteko. Euren arteko loturarekin topo egiten dudanean hasten naiz egikera zehatzago baten bila eta euren artean elkartzen. Idatzitako asko ez dira jendartera iritsi, baina testu guztiek bete dute eginkizun garrantzitsua liburuaren osaketan. Plazerrerako bidean ida-tzitako denak balio dit niri.

Zer asmo duzu aurrerantzean?

Errezitatzeko baino, irakurtzekoa egin nahi nuen liburu hau. Argitaratu ondoren, ordea, testu kopuru dezente bat jende aurrean irakurtzeko egoki xamarrak direla pentsatzen dut. Zenbaitetan irakurleari askotxo eskatu ote diodan kezkatzen nau. Pilaketa eta egikera trinko xamarrak sartu ditut, nahita gehienetan. Ez dakit gehiegi eskatu eta gutxi eman ote dudan zenbait poematan. Hala ere, liburuak horrela izan behar zuela pentsatu nuen. Irakurleekin aburu hauek komenta-tzeko parada ere izango dira errezitatzeko saio horiek.