EUSKARRI baten gainean irudiak islatzean oinarri-tzen den teknika da serigrafia. Hari esker posible da paper, egur, oihal edo bestelako material batean irudi bat sortzea. Gaur egun, batez ere, makina mekanizatuak izan ohi dira horien sor-tzaile. Hala ere, bada serigrafia beste era batera lantzen duenik ere; esaterako, Usoa Zumeta serigrafia-egilea. Serigrafia artisau erara lantzen du artista honek, eskuz, makinarik gabe. Orain, beste hainbat artistarekin elkarlanean, erakusketa aurkeztu du Gasteizko ARTgia gunean. Guztira, serigrafia oinarri duten hamabost lan ikusgai egongo dira bertan ikusgai, abuztuaren 1era bitarte.

Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Sistiaga edota Iñigo Arregi dira erakusketako lanen egileetako batzuk. Zumetak dioenez, horien lanetako batzuk “interesgarriak” iruditu ostean erabaki zuen haiei proposamena egitea. Hain zuzen ere, proposatu zien haiek eginiko lanetako ba-tzuk hartu eta serigrafiaren teknika erabilita erreproduzitzea, norberaren lanen gainean eginiko interpretazioetatik abiatuta. Gainera, kontuan hartu behar da arte diziplina ezberdinak lantzen dituzten artistak direla, eskulturagileetatik margolarietaraino, esaterako. Artista euskaldunak ez ezik, argentinarrak ere badira, German Gargano eta Pablo Gonzalez margolariak, kasu.

Serigrafia ez den arte diziplinetatik datozen artistak izaki, haiei teknika erakutsi beharra izan zuen Zumetak. Hura izan zen lehen pausua, eta ostean etorri ziren ondorengoak. Hark jakinarazi du, azken batean, teknika ikasitakoan, prozesua nahiko “mekanikoa” bilakatzen dela: “Lehenbizi, artistetako bakoitzak bere lana interpretatzen du, eta behin hori eginda, serigrafiara pasatu eta editatu egiten da”. Azken edizio horretan hartzen du parte Zumetak; gainontzekoan, artistak dira sortutakoaren egile. Finean, serigrafia-egileak nabarmendu du “elkarlanean” eginiko erakusketa izan dela.

Hala ere, ez da lehen aldia izan aipaturiko artistekin lan egiten duena. Zumetak adierazi duenez, ibilbide luzea eginikoa da artistetako gehienekin; dena den, bada kasu isolaturen bat edo beste: Vicente Larrea eskulturagilea. “Urteetan ibili naiz gehienekin lanean gauza ezberdinak egiten, baina Larrearekin iaz egin nuen lehenbizikoz lan”, esan du Zumetak. Hori dela eta, gaineratu du eskulangile horiek azken urteetan egindako lanen artean “aukeraketa” bat egin behar izan duela, eskuartean zebilkien proiektuari eusteko.

Serigrafia bidelagun Kalean hamar pausu ematearekin aski da serigrafia teknika erabiliz eginiko irudiak antzemateko. Hala dio Zumetak: “Gure bizitzan presente dagoen teknika da, baina ez gara kontziente izaten ikusitakoa serigrafia denik”. Hark adierazi duenez, teknika hau arropetan edota gailu ezberdinetan erabiltzea “ohikoa” izaten da, baina “era industrialean” sortzen da. Serigrafia-egileak, ordea, sortze eredu horretatik kanpo dagoen modu baten alde egiten du: artisau serigrafia. “Presionatzeko balio duen palanka bat salbu, gainontzeko guztia eskuz egiten dugu”.

Azken finean, eguneroko jarduna ez ezik, ogibide ere badu serigrafia Zumetak. Duela urte batzuk hasi zen teknika ikasten, eta egun, horretan dihardu egunero. Usurbilen du estudioa, eta bertan aritzen da lanean, bakarka zein elkarlanean. “Ezagutu eta erabili ditut teknika ugari, baina serigrafia iruditzen zait interesgarriena”, azaldu du artistak. Gainera, nabarmendu du haren hastapenetan behar diren azpiegiturak ez direla “handiak”, eta alde horretatik, ez dela zaila izaten teknika erabiltzen ikastea. Horrez gain, gaineratu du haren erabilerak sortutako “kolore biziei” jarraika gustatu zitzaiola serigrafia.

Erakusketa, zabaltzeko Duela hiru hilabete hasi zen erakusketa prestatzeko esperimentua, serigrafia tailer batean. Bertan elkartu zen Zumeta Irantzu Lekue ARTgia guneko kidearekin eta hura izan zen erakusketa egitearen proposamena luzatu ziona. Proposatu eta egin; elkarrekin hasi ziren erakusketa prestatzen. “Ate bat irekitzeko aukera bat da erakusketa; izan ere, ez dut inoiz Gasteizen ezer aurkeztu”, aitortu du Zumetak. Eta gaineratu du “gogotsu” dagoela honekin aurrera jarraitzeko.

Zumetak badu beste nahi bat ere: serigrafia inguru ezberdinetako kideei zabaltzea. Horretarako, erakusketak rol garrantzitsua duela uste du: “Erakusketak aukera emango du jendeak ikusteko teknika honek zein aukera dituen”. Bide batez, azaldu du erakusketak ere helburu duela serigrafiaren gainean sortua dagoen irudia deseraiki eta bestelako metodoak ere badaudela aldarrikatzea. Hark nabarmendu du teknikoki oso ezberdinak diren lanak direla erakusketaren oinarri, eta beraien artean dauden ezberdintasunak “handiak” direla. Zumetak aldarri bat darama berarekin: “Betiko serigrafiaren mugetatik at badaude beste mila aukera teknika lantzeko; ez da mantxa bat eta bi kolore”.