Literatura

Krimena Baztanen eta euskaraz idazten da

Neguko gau luzeei aurre egiteko egun beltzak antolatzen dituzte Baztanen. Beste urte batez, genero beltzaz gozatzeko literaturari loturiko hainbat ekitaldi prestatu dituzte (H)ilbeltza jaialdiaren bueltan. Datorren astean zehar, krimenak eta misterioak hartuko ditu bailarako bazter guztiak

24.01.2020 | 12:32
Krimena Baztanen eta euskaraz idazten da.

Apal eta xume hasi zuen nobela beltzaren inguruko proiektua Baztango literatur zale talde batek. Urteak zeramatzaten liburuak irakurri eta Idazleekin solasean kanpainak egiten. Halakoan, espresuki nobela beltza jorratzeko jardunaldiren bat antolatzea otu zi-tzaien, eta ohartzerako, aste beteko egitaraua prestatua zuten. 2015eko urtarrilean izan zen, ilbeltzean, baztandarrez. Sei urte joan dira ordutik eta (H)ilbeltzak, Euskal Nobela Beltzaren Asteak, lekua egin du bailarako urte hastapeneko egutegian.

Ekimen honen bidez, antolatzaileek euskarazko nobela beltzak Baztanekin duen harremana plazaratu nahi dute. "Pentsatzen duguna baino estuagoa" dela argitu du jaialdiaren antolatzaile taldeko kide den Ernesto Pratek. Sarriegi bertako inguruak eta genero beltza erdarazko literaturarekin lotzen ditugula uste du Pratek, baina, bere esanetan, bailarak badu generoarekin "harreman historikoa", eta euskaraz, gainera. Mariano Izetaren Dirua galgarri eleberriak hala erakusten digu. Elizondotarraren lana euskarazko bigarren nobela beltza omen da, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen eleberriaren ondotik.

Egungo euskal literatura beltzaren egoera ez da horren ona, Praten iri-tziz. Asko irakurtzen den generoa izanagatik, euskarazko produkzioa oraindik txikia dela deritzo. Urtez urte (H)ilbeltza jaialdia prestatzean horretaz konturatu da Prat, programan autorerik ez errepikatzea zaila egiten baitzaie. "Ez dago idazlerik soberan, agian beste norbaitek kontrako iritzia izango du, baina nik sentsazio hori daukat".

Nolanahi dela, panoraman arrakala egitera dator (H)ilbeltza. Erreferentziazko zita bihurtu da jaialdia literatura beltza gustuko dutenen-tzat. Euskal Herriko txoko guztietatik gerturatzen da jendea, batez ere asteburuko jardunaldietara.

LETREZ HARAGO

Bailara osoan zehar barreiatuko da krimena eta misterioa astelehenetik aurrera eta hilaren 26rarte luzartuko da egitaraua. Elizondon ez ezik, Iruritan, Anizen, Erratzun eta Amaiurren egongo da generoaz belzteko aukera. Aurtengoa egitasmoaren seigarren edizioa izango da eta inoiz baino ekitaldi gehiago barnebilduko ditu. Halaber, Euskal Nobela Beltzaren Asteak ez du literatura bakarrik hartzen bere gain. Zinemak, an-tzerkiak, poesiak, gastronomiak edota jaiak ere badute lekua.

Ohi legez, egitaraua irakurle taldeak antolatutako jarduerekin hasi eta amaituko dute. Lehena, urtarrilaren 20ko solasaldia izango da. Fernando Rey itzultzailea Horace MacCoy idazlearen Hobe nuen etxean gelditu nobelari buruz arituko da. 

Asteazkenean, hilak 22, Amaia Elizalde literatur adituak Jon Miranderen lanetan oinarritutako Mirande beltza hitzaldia eskainiko du, eta ostiralean zinema izango da arda-tza: Begoña del Tesok Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak hitzaldia emango du.

LIBURU AURKEZPENAK

Azken edizioetan legez, larunbatean bazkaria egingo dute Erratzuko Etxeleberteko elkartean. Aurretik, ordea, Jon Alonso, Maribu Elizalde eta Eneko Bidegain gonbidatu dituzte Mundua Iturendik pasatu zenekoa mahai-ingurura. Bazkalostea liburu aurkezpenen tartea izango da. Alfontso Gartziandiak Itsu kolpeka izango du hizpide, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmithen Lardaska lanaren itzulpena aurkeztuko du, iaz lortutako (H)ilbeltza Bekari esker egindakoa. 

Ilunabarrarekin Susmagarrien gaua egingo dute Erratzun barna.

Iganderako Itzuli beltza antolatu dute Kontrabandisten eleak izenburupean, aurten Amaiurren. Jaialdia inguruan zehar zabaltzeko asmotan, urtero aldatzen dute itzuli arrakastatsuaren kokalekua. Azkenik, aste beltzari amaiera biribila emateko, Poesia kriminalak errezitaldia egingo dute Elizondoko Arizkuenea Kultur Etxean.

Jaialdia hasi aurretik, kultur programa martxan jarri dute Baztanen. Iragan urtarrilaren 13an zabaldu zuten Begoña Durrutiren Bereterretxeren khantoria erakusketa Elizondoko Arizkuenea Kultur Etxean. Arizkungo ilustratzaileak izen bereko balada klasikoan oinarrituta animazio film labur bat eta komikia argitaratu ditu, eta lan horretatik abiatuta hainbat lamina prestatu ditu, berariaz, Elizondoko Arizkuenea Kultur Etxean hilaren 26ra bitartean erakusteko.

URTE OSOAN MARTXAN

Euskal Nobela Beltzaren Astea ez da egunotan hasi eta amaituko. Urte osoan zehar literatura beltzarekin lotutako jarduerak egiten dituzte, eta hilbeltza.eus webgunean elkarrizketak eta denetariko irakurgaiak argitaratu. 2018tik, gainera, (H)ilbeltza Beka ematen dute Baztango Udalari eta Txalaparta argitaletxeari esker. Bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sari-tzen dituzte sormen eta itzulpen lanak. Datorren astean, bekaren bigarren edizioko irabazleak aurkeztuko du itzulpen lana, Patricia Highsmithen The Blunderer. Hirugarren bekari esker, Miren Gorrotxategi Vianako bihotza proiektua ari da idazten, 2021eko (H)ilbeltzan aurkeztuko dena.