Arkitektura

a+b+d formulak funtzionatzen duenean

Pertsonen beharrak aintzat hartzen direnean bestelako arkitekturak sortzen dira. Planteamendu desberdinek lekua izan dezakete gure hirietan eta horren adibidea dakart testu honetan

14.06.2020 | 20:18
a+b+d formulak funtzionatzen duenean

Post" garai berri batean sartu omen gara eta denak hasiak gara etorkizuneko hiriaren inguruan hausnartzen. Eta beldurra ematen dit; planteamendu batzuk perspektiba gabekoak direlako, apika oportunistak ere, eta irakurketa oso sinpleak iruditzen zaizkit. Hausnarketa batzuk orain dela hamarkadetatik aldarrikatu dira eta orain arte kasu gutxi egin zaie. Zergatik orain bai? Zer interes daude hauen atzean? Orain dela aste batzuk Hiritik-At-ekoi irakurritako galdera egiten dizuet: "Bezeroak eskatzen badu, nola esango du merkatuak ezetz?"

Gero eta gehiago aldarrikatzen da, eta gure kasuan arkitekturan ere, proposamen oro pertsonen beharretara egon behar dela. Egia da, behar eta nahitaezkoa da. Hala ere, baieztapen honek erakusten du gutxi batzuk izan direla orain arte, edo hobe esanda, orain arte horretan jardun direnak euren beharrezko espazioa izan ez dutela. Urteak dira M-Etxea kolektiboa horretan murgildurik dabilela. Espazioaren erabiltzaile eta diseinatzaile gisa deskribatzen dira, garatzen dituzten ideiak tokian bertan ikertu eta frogatzen dituztelarik. Eulia Arkitektura bulegoko partaideak kolektibo honetan murgilduta daude.


Gure geografietan tipologia desberdineko proiektuak jorratu dituzte Donostian errotutako estudio honek. Beraien planteamenduetan arkitektura eta erabiltzaileen arteko oreka bat nabari da. Nahiz eta eraikinen gauzatzean materialak presentzia handia izan, pertsonen eskala eta presentzia txukun jorratzen dute. Berangoko Moreaga parkean, esaterako, tolestutako estalki arin bat planteatu zuten, forma sinpleetan oinarriturik eta erabiltzaileen-tzako gainkarga estetiko bat izan gabe. Tabakalerako esku-hartzean, aldiz, oso egoki maneiatzen dira eta espazioarekiko erlazio txukuna burutzen dute. Arreta gune berria lehenago ezer ere ez zegoen toki batean txertatzen dute, erabiltzaileari erraztasunak emanez. Beste proiektu askotan, materialtasunaren bidez, hau da, erabiltzen duten materialekin, testuinguruarekiko erlazioa sortzen dute. Adibidez, Orioko Arraun eta Piraguismo Teknifikazio Zentroa. Aipatutako hiru ezaugarri hauek; forma sinpleak, espaziorako erlazioa eta materialen erabilera egokia, alboko argazkietako proiektuan laburbiltzen dira.

gabeziei aurre egiteko

Honakoa Straddle3 eta Yaiza Terré-kin burutu dute eta FAD sarietan finalista da. Gure hirietan bizitegi duin eta eskuragarria lortzea ezinezkoa da garai hauetan: gentrifikazioa (Estrategias contra la gentrificación, Katakrak), turismo masiboa (Airbnb, la ciudad uberizada, Katakrak), alokairua zein higiezinen merkatua direla medio, besteak beste. Hala ere, proiektu hau, etxebizitza politiken gabeziei aurre egiteko proiektua da. Bartzelonako Udalak sustatutako Behin-behineko Hurbileko Bizitokia programarako proiektatu eta eraikitako lehen eraikina da honakoa. Hiri-odontologia bat planteatuz, etxebizitza taktikoa deritzotena, eraikitako dagoen hortzerian (hirian) txantxarrak betetzea proposatzen dute. Hots, hirian kokatzen diren eraiki gabeko lurrak, eraikigarritasuna agortu gabe duten orubeak, edota espazio urbano handietan, aukera gune gisa identifikatzen dituzte. Bizitegi ekipamendu honen bidez, esaterako, etxerik gabe gelditu diren bizilagunei aldi baterako bizitokia ematen die udalak, euren auzoetatik kanporatu gabe.

Egoki ezartzen da testuinguru urbanoan. Beheko solairuan, osasun-ekipamendu baten luzapena ezarriko da, eta goiko lau solairuetan hamabi bizitoki; horietatik zortzi, logela bakarrekoak eta lau, bi logelakoak. Eraikitzeko, birziklatutako itsas edukiontziak erabili dira eta hauei esker aztarna ekologikoa nabarmen murrizten da. Etxebizitza publiko konbentzionalarekin konparatuz gero, exekuzio azkarragoa, merkeagoa eta jasangarriagoak dira. Hauek guztiz desmuntagarriak eta garraiagarriak dira, beste leku batzuetara egokitzeko modukoak. Horrela energia-gastua eta eraiste-prozesuan sortutako hondakinak murrizten dira. Eraikitze modu honek bere desabantailak ere baditu, oso sistema mugatua baita, ingurura moldatzeko arazoak eman ditzake, eta bizitoki unitateak txikiak dira.


Etxe guztiek bi fatxada dituzte eta balkoi txiki bat. Itxitura, kanpoko azala, egurrez eta polikarbonato zeharrargiz egin da. Modu horretan argiarekin jolasten da, inguruan eraginez. Egunez, azal argi eta distira-tsuak bizitokien argitasuna handi-tzen du, ingurunea sotilki islatzen duen bitartean. Gauez, barrualdeko argia islatuz, kaleko argiztapena eta segurtasun sentsazioa hobetzen du, biztanleen intimitatea arriskuan jarri gabe. Behin-behineko arazoei aurre egiteko adibide bat, eta etorkizunean etorriko diren bizitokien isla. Finean, saritzeko moduko proiektu bat.