Pertsona orok inoiz pairatu duen sentimendu baten bueltan ondu du Irati Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko eleberria: minaren jira biran. Egilearen esanetan, ordea, asmoa ez da izan minaz "hitz egitea" soilik, geruza sakonagoetan murgildu da: "Mina ikusaraztea da asmoa". Oinazea bistan jartzea nahitaezko ariketa iruditzen zaio Goikoetxeari, sufrimendua agerian utzi, harekin bat egin eta hortik etorkizuna eraikitzen hasteko.

Oinazearen zentroa min mota baten bueltan hezurmamitu du idazleak, mina bat eta bakarra dela nabarmendu duen arren; ETAren indarkeriak eragindako mina du abiapuntu eleberriak. Goikoetxearen ustez, gai tabua da euskal jendartean ETAk eragindako indarkeria, eta, bere kasuan, aspaldi ernatzen hasi zen mintzagai bat izan da: "Bada gai bat terrorismoarena, indarkeriarena, giza eskubideen urraketena€ erabat arrakalatuta gauzkana gizarte modura. Azken urteetan asko errepikatzen diren hitzak dira giza eskubideak eta elkarbizitza, baina, bada pausoak ematen hasteko garaia". Urrats horien norabidean kokatu du bere sorkuntza lana.

Izenburua ere hortik eraiki du, Euskal Herrian oso presente egon den esaldi bati ikusmira berria jarriaz. "Ikurrak, lemak, kaleak denonak dira eta denonak diren neurrian dira aske, mundua, handi eta aske, denona dela egiten du deiadar liburuak". 'Herriak ez du barkatuko' leloari zentzu berria bilatu dio idazleak, bere aburuz, elkarbizitzaren norabidean jarriaz hitzok: "Herriak, eta herria naiz ni eta herria da irakurlea eta herria dira belaunaldi berriak eta herria gara denok, ez dio bere buruari barkatuko minaren eta sufrimenduaren aurrean jarrera argi, bateratu eta irmoak ez hartzea". Jarrera bateratu horri bultzada eman nahian ondu du eleberria.

Irakurlea, protagonistaren "ondoan"

Errealitatean sendoki oinarritutako liburua fikzio moldean hezurmamitu da. Oihana da eleberriko protagonista nagusia, bestelako agente batzuek indarkeriaz eragindako minen biktimak ere ageri diren arren. Oihanari ETAk aita hil zion 22 urte atzera. Bi hamarkada luzetan gertakariak utzitako oinazea beretzat gorde du, isilpean ezkutatu du sufrimendua: "Hori da abiapuntua, liburuko korapiloa, hasieratik agerian jartzen dena; gainerako narrazioan korapilo horren hari solteak kontatzen dira". Bost urteko Kattia alabak eta Xanti antropologoak Oihanak minaren korapiloa ezkutatzeko eraikitako oskola pitzatuko dute, isiltasunetik hizketaldira pasaraziz.

Oihanarekin batera, Luzio, Edurne, Miren, Jurgi eta beste zenbait arituko dira elkarrizketan. Pertsonaia horietako bakoitzak bere mina du, eta, hein berean, denak batzen ditu minak: "Ez da beraiei buruzko kontakizuna; kontakizunaren protagonista mina da eta begirada min horretatik eta min horretarantz zentratu nahi izan dut". Hain justu minari bide emateko, eta minak dituen hari solteak "gaizto-tzen" ez uzteko beharraz jardun da idazlea eleberrian. Isolamendua, memoria, ahanztura, abandonua eta bakardadea dira, besteak beste, hari solte horietako zenbait. Kudeaketa horretan aurrera egiten ikusiko du irakurleak Oihana.

Goikoetxeak hautu kontzientea egin du fokua aukeratzerakoan: "Aukeratu nezakeen Jurgi, Edurne, Luzio€ baina nahita aukeratu dut Oihana. Uste dut hutsune bat dagoela euskal literaturan eta baneukan gogoa esplizituki eta euskaraz ETAk eragindako minaz hitz egiteko".

Lanketa horretan, Oihanaren "ondoan" sentitu da Goikoetxea idazketa prozesuan. Irakurleari hurbiltasun berdina helarazi nahiko lioke. Pertsonaiek sentitzen duten min horretara ahal beste hurbildu nahi ditu irakurleak idazleak, biktimen ahotsari modu "aktiboan" entzun diezaiotela liburua jasotzen duten herritarrek.

Lanketa horrekin minaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa bultzatu nahi ditu Goikoetxeak. Bere ustetan, euskal jendarteak aurrera segitzeko ezinbestean landu beharreko afera da: "Uste dut elkarbizitzarako lehen pausua minaren kontzientzia dela; hor ezinbestean bat egin beharko genuke guzti guztiok inongo partzialtasun eta 'baina'-rik gabe". Goikoetxearen ustez, urteak dira jendarteak "beste albo batera" begiratu duela, eta orain deritzo minaren inguruko batasuna aldarrikatzeko unea: "Bada garaia min horrekin bat egin eta min horrek elkar gaitzan".

Ilun bezain eder

Eleberriak lantzen duen gaia "iluna, gogorra eta beltza" dela ondo daki Goikoetxeak. Halere, iluntasunaren aitortzaren bidez argitasunerako bidea aldarrikatzen du sortzaileak, ariketa bikoi-tza egin nahian: "Lanketa bat egiten dut liburuan edertasuna forma emateko; kontakizunaren erdigunean pertsonak daude eta nik sinesten dut pertsonak oso ederrak garela". Edertasun horrek lanketa aktiboa behar duela uste du idazleak, eta, horretarako, minak "zipriztintzen" gaituenean "bustialdi hori edertasun bihur-tzearen" aldeko apustu irmoa egitearen alde dago Goikoetxea. Etorkizunera begira egindako eleberria da, iraganeko minak orbaintzetik abiatuta. "Eraiki dezagun minetik, mina estali gabe, agerian utziz, eta minarekin bat eginez".