GAUR egun ahotsek inoiz baino pisu handiagoa dute musika mainstream-ean. Kaskoak jantzi eta Rosalia edo Beyonce izar handien kantu bat jarrita, ahotsaren trataera artifiziala eta nahasketan betetzen duen tartea nabaria da. Eta, letrek duten pisu estetikoaz lagunduta, honen garrantzia neurriz gorakoa da ekoizpen garaikideetan. Ahotsa kantaren aurpegia balitz bezala, askotan hainbat ekoizle, letragile eta abeslariek parte hartzen dute abestietan. Logikoa, marketinaren bidez musikariak alde batera utzi eta abeslariaren gaitasuna eta nortasuna ustiatzen delako.

Euskal Herriko hainbat musikarik ere interesa jarri dute bereziki ahotsean, era ezberdinetan instrumentua garatuz, askotan ahots soila erabiltzen bukatzeko. Ibon RG Sestaoko musikariak 2009an egin zuen ahots hutsezko lehen kontzertua. 90eko hamarkadatik ahotsa beste tresna bat bezala lantzeko asmoa zuen post hardcore eszenatik zetorren "baina asmo hori ahotsa ezkutatzera muga-tzen zen baxu, gitarra eta baterien artean, mainstream-ean ahotsak duen lehentasunari aurre egiteko". Bide berriak hartzeko eraginen artean Paul Dutton kanadiarra edo Futura Poesia Sonora lana deskubritzeak garrantzi handia izan zuela diote.

Ainara LeGardonek beti izan du gitarra instrumentu nagusitzat, baina inprobisazio askea ikasi eta praktikatzen hasi zenean ahotsa deskubritu zuen Archipiel, Colectivo maDam edota Musicalibre kolektiboko FOCO orkestrarekin parte hartzean. "Gitarrarekin libreki inprobisatzea eragozten zidaten patroiak, portaerak, konbentzioak eta oroimen muskularra neureganatuak nituen. "Ahotsarenganako interes berezia loturarik gabeko adierazpen egarritik dator", azaldu du eskarmentu handia duen musikari bilbotarrak. Iban Urizarrek 2016an argitaratu zuen lehen lana Amorante ezizenarekin. Banpiro Maitaleak bikotea ere eratu zuen 2018an, euskal esperimentazioaren beste funtsezko figura batekin: Mursegorekin. Bere tresna nagusia tronpeta bada ere, beste asko jotzen ditu (zuzenekoetan berak bakarrik jotzen du) eta aitortu du: "badirudi Amoranteren tresna nagusia ahotsa dela eta ziur aski horrela izango da, baina oraindik asko kostatzen zait neure burua abeslari bezala ikustea".

Orokorrean ahotsa nahasketetako plano altuan jartzeak ez duela zerikusirik ahotsaren adierazpen kalitatearekin, epaitu du LeGardonek, eta "adi entzuten duten belarriek" ematen diotela garrantzia. "Mainstream-aren gaitza entzutearen artaldekeria da", gehitu du. Amoranterentzat ere "gehienetan beste tresnen kalterako" ahotsari gehiegizko garrantzia ematen zaio. "Bestelakoa da trataera, baina ez ahotsarena bakarrik, letrak eskatzen dira, eta letren barruan mezu zehatz batzuk", azaldu du Ibon RGk, musikaren aurretik diskurtsoa, irudia edota janzkera ere badaudela gogoratuz.

Hitzen mugetatik haratago

Ahotsa erabiltzearen atzean gaur egun bestela normalizatu duen "erabaki estetiko eta politikoa" dagoela azaldu du sestaoarrak: "minimalismorako joera bat, elektrizitaterik gabe jotzea, tresnaren mugak arakatzea eta muturrera eramatea". Hala ere, saiatzen da "mistika merkerik" ez saltzen: "oso fisikoa da ahotsarekin izan nahi dudan lotura. Soka batzuk dira, birikak, ahoa, ahosabaia, hortzak, adurra€ eta guzti horrek emai-tza sonoroa baldintzatzen du". Doan (guztiok dugulako ahots bat) da eta erabiltzeko erosoa (abestu bitartean beste gauza batzuk egin ahal dira) dela ere azpimarratu du.

Urizarren ustez "tinbrikoki edo gaitasun aldetik dituzun mugak gainditzea garrantzitsua da", eta horretarako ahotsaren erabilera "mugarri" bihurtzen da. Amorante martxan jarri zuen arte hitzei baino musikari gehiago erreparatzen ziola aitortu du, eta proiektu honetan "bien beharra" sentitu duela. Hitzen eduki eta esanahiek esperimentazioaren bidean traba izan daitezkeela ere aipatu du: "hitzek gatibatzen dute ahotsaren izaera, baina fonetikoki indarra dute, esanahiaz haratago".

LeGardon ere pareko agertzen da, 'Morder el silencio, abrir la boca y dejarlo ir' hitzaldi performatiboaren bidez: "Hitza, agian, muga, presioa eta tentsioa da, zatitu nahi nauena, partikula guztiak nire azaletik bereizi, nire poroak urratu, desartikulatu". Ibon RGrentzat soinuak du lehentasun osoa. Denak eragina duen arren, saia-tzen da eragin hori ezdeusa izan dadin, esperientzia soilik soinuzkoa izan dadila: "hitzari mezua kendu nahiko nioke, hustu, bere esanahiak soinutik arreta desbidera dezakeelako". "Hitza ez da beharrezkoa, musikaren lehengaia soinua baita", hausnartu du sestaoarrak.

Abestea baino gehiago, entzutea

Belarriak ahotsa baino garrantzitsuagoak direla dio RGk: "denak du eragina: publikoaren arretak, zure egoera animikoak, bolumenak, arreta mailak€ hori guztia entzun egin behar da abestu aurretik". LeGardon ere bat dator inprobisazio munduan oinarrizkoa den baieztapen horretan: "musika egitea batez ere entzutea da". "Gitarra edo beste tresna bat abesten dudan bitartean jotzen ari naizenean, ez nabil aldi berean gauza ezberdinak egiten. Bakarra egiten ari naiz: musika".

Azken finean, zorte handia daukagu gurean ahotsarekin ikertzen duten eta horrek merezi duen garrantzia ematen dioten artistak edukitzean, eta are gehiago haiek zuzenean ikusteko aukera izatean, ahotsaren mugen bila.