Bizitza zer den

Ardo eta upeltegi artean laguntasunaren, gaztaroaren, bizitzaren eta melankoliaren gainean hausnartzera eramango dute ikuslea dira 'Kopaz kopa' antzerkiko protagonistek. Komedia dramatikoa dakar Ados Teatroak Garbi Losadaren zuzendaritzapean. Biran dira orain, Euskal Herrian zehar eta kanpo

30.12.2021 | 20:46
Komedia dramatikoa dakar Ados Teatroak Garbi Losadaren zuzendaritzapean

ANTZINAKO bi lagun elkartu dira asteburuan upeltegi batean haietako baten ezkondu aurreko agurra ospatzeko. 40 urteen bueltan daude, gaztaroaren azken egunek ihes egiten dietela sentitzen dute. Eguna eta gaua bezalakoak dira, zeharo desberdinak, baina betidanik lagunak. "Ezingo lukete azaldu zergatik diren lagunak - aitortu du Garbi Losada zuzendariak - baina txiki-txikitatik egon dira elkarrekin". Ardo artean hasi dute ospakizuna, bi egun lasai igarotzeko intentzioarekin.

Bizitza osoan mantendu duten harreman berezi horren inguruan hitz egiten dute, komedia hutsala dirudien tonuan, harik eta bi emakumerekin topo egin eta barruak hankaz gora jartzen dizkieten arte. Une horretan istorioak giro dramatiko bat emango du eta karga sakonagoa bereganatzen hasiko da, komedia dramatikoaren kutsua hartuz.

Kopaz kopaz antzezlana da Ados Teatroaren eta Bidebitarte Kooperatibaren azken proposamena. Urriaren 10ean estreinatu zuten Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta geroztik ez dira geldirik egon kontakizunaren protagonistak hezurmamitzen dituzten Asier Sota, Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe eta Ainara Ortega aktoreak eta Garbi Losada zuzendaria. Hondarribitik Urnietara eraman zuten ikuskizuna, handik Donostiara, Zallara eta ostean Eibarrera. Aurki Azkoitira, Bermeora, Tolosara eta Barakaldora ere joango dira Kopaz kopa-rekin.

Antzezlana Rex Pickett idazle eta zinemagile amerikarraren Sideways nobelan eta izen bereko pelikula egokituan oinarrituta dago (gaztelaniaz Entre copas, 2004). Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak moldatu dute, eta Ane Labakak itzuli du euskarazko bertsioa. Ados Teatroak eta Bidebitarte Kooperatibak ekoitzi dute, eta maiatzera arte bira luzea dute prest Kopaz kopa Euskal Herritik zehar eta kanpo zabaltzeko, euskaraz zein gaztelaniaz.


Komedia dramatikoa proposatzen dute, laguntasunari buruz eta bizi-tzaren joan-etorrien melankoliari buruz hausnartzeko. Detailez jositako istorio txikiak dira, edonor identifikatzeko modukoak. Ardo eta upeltegi artean bi lagunak denboraren igarotzearen inguruan arituko dira, bete gabeko ametsez, azken aukerez, gaztaroaren akaberaz eta hori berreskuratzeko egiten dituzten ahalegin desesperatuez.

"Jendeari gustatzen zaio, barre asko egiten du", azaldu du Garbi Losada zuzendariak. Taularatze ludikoaren bitartez "bizitzari omenaldia" egin nahi diotela dio. Adiskidetasunaz, lagunarteaz, naturaz eta nork bere buruaz gozatzea aldarrikatu nahi dute, baita nork bere burua barkatzen ikastea ere.

Ados Teatroa 1994an sortu zuten euskal antzerki konpainia "istorioak kontatzeko ilusioz" eta "ikuskizun dibertigarri, hunkigarri eta interesgarriak antolatzeko asmoz, jendea interesatzeko, dibertitzeko eta hunkitzeko". Egun Losada da antzerki zuzendaria, Jose Antonio Vitoria ekoizle exekutiboa eta Nekane Mendizabal ekoizpenaren arduraduna. Urte hauetan guztietan estilo desberdinetako 30 obra baino gehiago egin dituzte, eta 25 sari inguru jaso zenbait lanei esker.


Izaera sozialeko lan lerro bat ere sortu zuten duela sei urte, Giza Eskubideak Eszenara izenekoa. Urtero gai bat lantzen dute baztertzeko arriskuan dagoen kolektibo jakin batekin. Aurten, esaterako, etorkin gazteekin egin dute lan. Ohiko profesionalez osatutako lantalde teknikoa eta artistikoa kolektibo horretako pertsonekin berdintasunean nahasten dute antzezlana osatzeko. "Asmoa da haiei ikusgarritasuna ematea", adierazi du zuzendariak. Aurtengo lanak Mi nombre es ninguno eta Una mochila, una vida dira, eta dagoeneko ikusgai daude.

Betidanik egon da Losada antzerkiaren munduari lotua. Antzerkiaz gain, telebistan eta zineman ere aritutakoa da. Antzerkiaren munduan, zehazki, Tanttaka konpainian eta gerora Ados Teatroan aritu da. Ados Teatroaren eta Gaupasa S.L. ikuskizun-banatzailearen sortzaileetako bat da.


1991n zuzendu zuen jende aurrean bere lehen lana. Tanttaka taldearekin plazaratutako Hansel eta Grettel bezala izan zen. Geroztik, euskaraz zein gaztelaniaz hamaika obra zuzendu ditu, eta hainbat filmen aurreprodukzioan eta gidoigintzan aritu da, bai eta zenbait telesailetan aktore, aktoreen zuzendari eta zuzendari-laguntzaile ere. Ordutik hainbat sari jaso ditu eta beste hainbatetan finalista izandakoa da.

noticias de noticiasdenavarra