Badator 'Irabazi arte'

07.02.2022 | 17:27
Iazko udan grabatu zituzten telesaileko zortzi kapituluak. Argazkian, Zizurkilgo futbol zelaia.

Emakumezkoen futbol talde bat aitzakiatzat hartuta, otsailaren 11n estreinatuko dute "Irabazi arte" telesaila ETB1en. Belaunaldien arteko zubi lana egin nahi du, eta horretan jardun du Julene Aranburu sortzaile eta gidoilarietako batek. Haren arabera, euskarazko fikziozko ekoizpen bat egitea "apustu" bat da, baina uste du horretarako aukera edukitzea "gozamena" dela

Zenbait pertsonek, baina batik bat etxeko txikienek, badute ohitura ostiralero, hutsik egin gabe, gaueko bederatzietan telebistaren aurrean eseri, ETB1 jarri, eta Go!azen telesaileko pertsonaia gazteen bizipenak gertutik jarraitzeko. Urteotan euskarazko fikzioak izan duen fenomeno nabarmenetako bat da zenbaiten ustez, eta ezin ezezta daiteke arrakasta, behintzat, izan duela.

Hala ere, gidoilarietako batzuk ohartuak ziren haurrak heldutu ahala, "umezurtz" gelditzen zirela. Hortaz jabetuta, publiko zabal osoago batentzat zuzendutako ekoizpen baten beharra identifikatu zuten. Bada, urratsak egin, eta "Irabazi arte" telesaila sortzeari ekin zion Julene Aranburuk, Maite Duque gidoilaria bidelagun zuela, Pausoka ekoiztetxearekin.

Otsailaren 11n estreinatuko dute, astebete lehenago Go!azen-eko denboraldiari amaiera eman ostean.

Izurritean, lehen konfinamenduan, ekin zion gidoi pilotua idazteari Aranburuk, eta Ameriketako Estatu Batuetako gertaera batetik abiatu zuen ideia. "Hizka-mizka bat egon zen Megan Rapinoe futbolari estatubatuarraren eta Donald Trump AEBetako presidente ohiaren artean".

Hain justu, azaldu du ordu hartan herrialde horretako selekzioko kapitaina zela Rapinoe, eta final bat jokatu behar zutela. Hala ere, jakinarazi zuen irabaziz gero, ez zela Etxe Zurira joango. Trumpek, ordea, erantzun zion lehenengo ikusi egin beharko zela ea zer gertatzen zen; ea irabazten zuten ala ez, alegia.

Bada, azkenean irabazi egin zuten, eta, aurrez esan bezala, ez ziren joan. "Hor hasi nintzen pentsatzen zer nolako bizipenak dituzten batzuek, pertsona batek nola izan ditzakeen hainbeste obario era horretako gauzak egiteko".

Hori gogoan izanda, gaia fikziora eramatea otu zitzaien, hala nola emakumezkoen futbol talde bat protagonista izanda. "Horraino heltzeko bidea ez da ezaguna, eta urrats horiek gura genituen erakutsi. Normalizatuta egon arren, bideak gaitza izaten jarraitzen du". Hala ere, zehaztu du ez dela "futbol fanatikoentzako" ekoizpen bat, eta helburua "mezu zehatz bat" bidaltzea baino, gehiago dela "entretenitzea".

"Benetan gura duguna da jendeak telesaila ikustea ondo pasatzeko, eta istoriora kateatzea". Haren arabera, futbola errealitate ezberdinak kontatzeko "aitzakia edo unibertso bat" da, nerabeen kezkei eta tarte bat emanda.

Istorioa eta pertsonaiak

Kataluniatik Euskal Herrira iritsi den familia bat dago istorioaren oinarrian; hain justu, "nahiko galduta" dagoen neska bat, Aranbururen hitzetan. Arene da pertsonaia hori, eta Sua Enparantza aktore donostiarrak gorpuzten du.

"Seriearen gaia esango nuke dela nola aurkitu daitekeen familia bat etxetik kanpo; futbol talde batean, kasu honetan". Haren arabera, mota ezberdinetako sendiak egon daitezke, eta ez dira hautatzen; ondorioz, harremanak ere aldatu egin daitezke.

"Baliteke erlazio ona ez izatea, ezer ez izatea komunean, baina tokatu direnak dira, eta familia izango dira, futbol talde honetan bezalaxe". Dena den, horren bidez islatu nahi dute emakumeak "zeinen indartsuak" diren batzen direnean, eta elkarrekin jarduten dutenean.

Enparantzaz gain, Joana Garitano, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ane Iturrate, Ainhoa Azpitarte, Ibai Ugarte, Aritz Basterra eta Ander Rovira dira aktoreetako batzuk, eta alboan izango dituzte aurpegi ezagunagoak ere; esate baterako, Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza.

"Kastingean transmititzen duen aktore bat izatea bilatzen genuen aurkeztu zirenengan, karismaduna, pertsonaiari egokitzeko gai dena€ Azken batean, 16 urteko neska batzuk gorpuztuko zituen aktoreen bila genbiltzan".

Gainera, nabarmendu du Sillero ezik, beste guztiak aurre esperientziarik gabekoak zirela, baina "aho zabalik" gelditu direla beraiek egin duten lanarekin. "Harrituta gelditu gara".

Iazko udan grabatu zituzten lehen denboraldiko kapituluak; guztira, zortzi. Zizurkilen (Gipuzkoa) egin zituzten, besteak beste, filmaketa horiek, bertako futbol zelaia baliatu baitzuten. Horrez gain, Chill Mafia taldeak egin du telesailaren sarrerako abestia, egun nerabeek "gustuko duten taldeetako bat", Aranburuk jakinarazi duenez.

Euskarazko fikzioaren beharrezkotasuna

Sortzaileak uste du egun ez dagoela haurrei eta nerabeei zuzendutako ia euskarazko ekoizpenik, baina "gozamena" dela horrelako aukera bat edukitzea. "Beti pentsatu izan dut haurra edo nerabea nintzela horrelako fikzioak euskaraz izanez gero, kateatuko nintzatekeela".

Nabarmendu du fikzioak egon badaudela, baina ez direla hemengoak, eta, ondorioz, erreferentziak ere ez direla berdinak izaten. Gainera, erantsi du "beharrezkoa" dela Euskal Herrian gertatzen den istorio bat kontatzerako orduan euskaraz egitea, horrelako lan bat ekoiztea "apustu bat" ere badela aitortuta.

Beraz, orain erantzuna ikustea besterik ez da falta. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lehen kapitulua iaz, eta aurrestreinaldiak egiten ari dira azken asteotan Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Aranburuk, esate baterako, Gasteizen izandako harrera izan du gogoan: "Gutxi egon ziren, baina han zeuden gazteek harrera ona egin zioten. Harrituta gelditu ziren denak, eta autografoak eskatzen ere aritu ziren". Haren esanetan, une batetik bestera bilakatu daiteke horrelako fikziozko lan bat fenomeno, hala nola ikusleak segituan "maitemintzen" direlako pertsonaiekin.

Zinemaldian, bederen, horrela izan zela nabarmendu du: "Anonimo moduan sartu ziren, eta proiekzioetatik ateratzean jende pilo bat zuten zain sinadurak eskatzeko".

Go!azen-en egun eta ordutegi berdinean egongo da telesaila ikusteko aukera, eta sortzaileek espero dute jendeak hutsik ez egitea asteroko zitara. "Ea ikusle berdinak dauden, mantentzen diren; hori da espero duguna".

Gainera, Aranburuk zehaztu du ez dela soilik adin tarte bati zuzendutako ekoizpen lan bat, baizik eta publiko osoarentzat egina. Horrez gain, bigarren denboraldia ere idazten ari dira jada, baina jakinarazi du oraindik ez dagoela ezer ziurtatuta, negoziaketan dabiltzalako.

Beraz, ikusiko da zer gertatzen den, baina, erantzun bat eduki bitartean, egongo da aukera lehen denboraldiaz gozatzeko eta pertsonaien bizipenak bertatik bertara jarraitzeko.

De izquierda a derecha:

Sua Emparantza. Arene neska lotsatia eta isila da. Bere munduan bizi da, baina futbolarekiko bizi duen pasioak bere baitatik ateratzera bultzatuko du. Lagun berriak ezagutuko ditu, eta bere lehen maitasuna bizitzeko aukera ere izango du.

Joana Garitano. Areneren ahizpa txikia da Lili, eta 11 urte ditu. Gauzak esaterako orduan ez ditu hitzak galbahetik pasatzen, eta heldutasun handiarekin jokatu ohi du. Ez dirudi umetxo bat, baizik eta pertsona helduago bat.

Nahia Sillero. Nora oso azkarra da, pentsamendu arina du, eta mahia oraindik ere arinagoa. Gurasoak banaketa prozesu batean daude, baina ama eta aita berriz elkartuko direnaren itxaropena du.


Ane Garmendia. Nora oso azkarra da, pentsamendu arina du, eta mahia oraindik ere arinagoa. Gurasoak banaketa prozesu batean daude, baina ama eta aita berriz elkartuko direnaren itxaropena du.

Ane Iturrate. Lau neba nagusi ditu Leirek, eta, txikiena izanda, ondo jokatzen ikasi du futbolean. Pertsona ona da, azkarra, eta umore onez egiten dio aurre bizitzan datorkionari.

Ainhoa Azpitarte. Olatz ez da ongi moldatu bere ingurura eta eskolara. Zakarra eta mesfidatia da, eta amak behar du futbol taldean izena ematera.

Ibai Ugarte. Itsasoren neba da, Amets. Futbol zale amorratua izan da, baina jokalari moduan ez da horren ona. Neba-arreben aita da klubeko presidentea, eta semearentzako zehaztuak ditu etorkizunerako planak, harengan presio handia eraginez.

Ander Rovira. Taldeko atezaina da Gorka. Ogi pusketa bat da, leiala eta pixka bat lotsatia, baina beti dago laguntzeko prest. Ongi hezitako mutila da, taldekideen artean sentiberena.

Aritz Basterra. Harroa eta sinpatikoa da Jon, eta erraz ligatzen du. Futbola da bere pasioa, betiere gozatzea eta ondo pasatzea eragozten ez dion bitartean.

noticias de noticiasdenavarra