Gustuko tokian, aldapa beti behera

Alpeak bizikletaz gurutzatzea txirrindulari zailduen eskura baino ez dagoela dirudien arren, bidea ondo aukeratuz gero, uste baino errazagoa izan daiteke. Hala berresten dute urtero milaka txirrindularik Drava ibaiaren alboan

25.04.2022 | 17:37
Inniche inguruko paisaiak.

Lehen orduan mugimendu gutxi bazegoen ere, pixkana betetzen joan da Innichen herriaren kanpoaldeko aparkalekua. Eguzkiak goizean goiz erabaki du mendi garaiak gainditu ostean bere goxotasuna bailaran zehar hedatzea. Herri honek 3.000 biztanle pasatxo besterik ez baditu ere, garrantzi handikoa da, neguko turismoa dela-eta alde batetik, baina baita 1303. urteko dokumentu baten ondorioz ere. Urte hartan Innichen herria Marktgemeinde bat izatera pasa zen, azoka izateko eskubidea zuen udalerri bat, alegia.

Azokarik ez dugu topatu gaurko egunean baina kale nagusiko dendetatik igarota badago zerbait gure atentzioa erakarri duena. Bizikletak nonahi daude alokagai. Paseoko bizikletak, mendiko bizikletak, gazte naiz umeentzako bizikletak, haurrak eramateko orgatxoak eta baita txakurrak eramatekoak ere. Bizikletarekin obsesionatuta dagoen herri bat dirudi, eta hori Dolomita mendiez inguraturik gaudela!


https://gruponoticias-manager.renr.es/manager/ckeditor/Dolomitetako%20ikuspegia.%20Eneko%20Eizagirre


Drava ibaiaren alboan kokatzen den herri hau, bitxikeria geopolitiko gisa hartu daiteke. Italia, Alpe mendien hego isurialdean kokatua dagoen herrialdea da, eta Europan egon diren guda ugarietan mugak dantzak egon badira ere, uren banalerroa izan da ohikoena mapetako lerro etenaren kokapena zehazterako unean. Hala izan behar zuen Lehen Mundu Gerra osteko itunetan Austria-Hungariako inperioaren zatikatzea adostu zenean, baina Saint-Germaingo Ituneko tratuetan, Innichen Italian geratu zen. Hala izanda, posible da lur italiarretan lagunekin egindako topa batean lurrera isuritako ardo tanta bat, Drava ibaian behera joatea, Danubiorekin bat egitea eta azkenik Itsaso Beltzean amaitzea.

Baina mapetan marraztutako lerroak gauza bat dira, eta bertan bizi den jendea beste bat. Horregatik entzungo duzu Innicheneko biztanleen ahotan, Hego Tirol osoan bezala, Gutentag gehiago Buongiorno baino. Italia faxistaren italianizazio behartuaren garai ilunak atzean geratu baziren ere, gaur egun bi hizkuntzen arteko bizikidetza/borroka geratzen da espazio publikoan. Denak du bi izen hemengo karteletan. Innichenek ere San Candido du alboan.

Bizikletak hartu, umearen orgatxoa lotu eta Alpeak gurutzatzeari ekin diogu. Horrela esanda badirudi Coppi, Bartali eta beste txirrindulari mitikoen balentria bat osatu behar dugula, baina istorioa arruntagoa bilakatzen da jakitean orain gauden Toblacher Sattel Alpeetako uren banalerroaren punturik baxuenetakoa dela. Geure buruari meriturik kendu gabe, kementsu ekin diogu zelai berde eta mendi harritsuen arteko ibilbideari. Uneoro paisaia ederraz gozatzen joan gaitezke, izan ere, gaurkoan egingo dugun ibilbide osoa, errepide nagusitik aldendua dago, batzuetan bidegorri modura, besteetan egunean gehienez auto bat eta bi behi igarotzen diren baserri arteko errepide txukunetan.

Kilometroak arin pasatzen dira, mendietan urtutako elurraren gisan bailaran behera baikoaz poliki, baina etenik gabe. Ibilbidea hasi eta kilometro gutxira gertu dugun errepide nagusiaren bi alboetara lauzpabost eraikin ikusi ditugu, gris, zaharkitu, abandonatu. Muga da. Edo zen. Behiak marru berdin egiten jarraitzen dute eta etxeen izenak mingainean trabatzen zaizkigu oraindik. Austrian omen gaude. Italian omen ginen.

Noizean behin txirrindulariren batek aurreratu egiten gaitu, eta gutxitan gu gara, orgatxo eta guzti, norbait aurreratzeko gai garenak. Geldialdi bat egin dugu moztutako enbor batzuen alboan, semearekin jolastu eta bazkaltzeko asmotan. Orduan konturatu gara zer nolako jendetza dabilen gure antzera bizikletan haranean behera. Bata bestearen atzetik, taldeka, bikoteka, baten bat bakarka, etengabea da txirrindularien jarioa. Eguraldia lagun eta malda alde, jende andana dabil abuztuko egun eder honetan.


Geldialdia Lienzerako bidean. Eneko Eizagirre


Behiak, larreak, elizak, basoak, mendi garaiak. Behiak, larreak, elizak, basoak, mendi garaiak. Behin eta berriz errepikatzen den paisaia hipnotikoa, han-hemenka herrixka txiki batek eteten duena. Bizikleta bereziki maite ez duenarentzat ibilbidea apur bat aspergarria izan daitekeenez, nolabaiteko atrakzioak daude adieraziak noizean behin egurrezko seinaleetan. Galleta marka ezagun baten lantegia da lehena, bere instalazioak bisitatu eta bidean galdutako kaloriak (eta baten batzuk gehiago) berreskuratzeko aukera ematen duena.

Azkenean iritsi gara izerdi on bat botata gure helburua den Austriako Lienz hirira. Izerdia abuztuko eguzki gupidagabearen ondorioa da, zeren eta bizikleta saioa nahiko eramangarria izan da 40 kilometro eskasean 500 metro baino gehiagoko altuera jaitsi baitugu. Datuak datu, kontuan izanda Dolomitak bizikletaz gurutzatu ditugula, Lienzeko piszina instalazio ederretan jarri ditugu beratzen gure gorputzak, begirada atzealdeko mendikate tontorretan galtzen den bitartean. Esaera zahar-berriak dioen bezala: "gustuko tokian, aldapa beti behera".

noticias de noticiasdenavarra