zestoa - Larunbatean iritsiko da VI. Ekainfest-Bizi historiaurrearen xarma jaia. Egitarau zabala eta indartua eskainiko dute antolatzaileek eta historiaurreko bizimoduarekin gozatzeko festa izango da Zestoan. Hala, Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldi ikusgarriak marraztu zituztenei omentzeko eguna ospatuko dute, eta arbasoen bizimoduaren xarma ezagutzeko eta horien historiaurreko ohiturak gogoratzeko eguna izango da, beste urte batez, Ekainfest.
Zestoako Udalaren babesarekin, Ekainberri, Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Bainuetxea, Zestoako tabernariak eta Zestoako interpretazio eskola aritu dira guztia antolatzen. Taldeak hilabeteak daramatza lanean egitarau zabala eta ikusgarria eskaintzeko eta iritsi da eguna. Hala, aurtengo nobedade nagusia Irrien Lagunak Klubak 12.00etan eskainiko duen Ane Piratarekin parrandan ikuskizuna izango da. Txiki eta handiek primeran pasatzeko beta izango dute.
Bestalde, ohitura legez, zaldian ibilbideak egiteko aukera izango da eta arkume errea emango dute jateko. Goizean zehar, Ekainfest eskolarteko lehiaketan parte hartu duten ikastetxeen artean sari banaketa egingo da. Horren ondoren, herri bazkaria izango da Zestoako plazan. Aurten arkumeaz gain, orein errea dasta-tzeko aukera izango da, eta Ekain sagardo ekologikoarekin banatuko dute jatekoa.
Behin sabela beteta, arratsaldean umeentzat arkeologia esperimentaleko tailerrak izango dira plazan. Tailerren artean, sua egiten ikasteko aukera izango da eta Ekaingo zaldia marrazten ere arituko dira parte-hartzaileak, Historiaurreko margo eta teknikekin. Halaber, garai hartako ehiza moduak ezagutuko dira. Jarraian, 17.00etan, koadrila arteko Historiaurreko II. Olinpiadetarako suzia piztuko da.
Eguna bukatzeko, 22.30etan Zestoako antzerki eskolako kideen eskutik Sua antzerkia ikusi ahal izango da plazan. Horrez gain, egun osoan zehar Historiaurreko pintxoak dastatu ahal izango dira herriko tabernetan eta kale animaziorik ere ez da faltako. Gainera, Ekainberri eta Lili Jauregia bisitatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.