Media Luna atzean utzita, eta garai batean Belosogaña erran zitzaion aldean, bi etxe izan dira Belosoko erripa gainean zutik. Horietako batek bere horretan dirau, gasolindegia baita. Aurretik, arbitrioen etxea izan zen, hau da, salgaien garraioari ezarritako udal zergak kobratzeko lekua, eta gero, turismo bulegoa. Bertzea, aldiz, erripa pikoaren gain-gainean zintzilik, jada iraganeko kontua da. Hortik Burlatara jaisten den errepidea 1847an egina da. Ordura arte, jendeak bi bide baliatzen zituen Burlatara joateko, horietako bat Magdalenan barna. Bi etxe horien artetik, bide mehar eta ospel bat jaisten da Argaren ezkerraldeko ertzerantz, Erripabe izeneko alderdirantz, hau da, udalak hezegune bat moldatu berri duen alderantz.

Bada, diotenez, Fabiola belgikarren erreginak hartu omen zuen ostatu ikuspegi ederreko txalet desagertu horretan. Emakume hori, aldi berean, Etxauribarko Elioko jaurerriaren jabea izan zen, eta hara, bertsolaritzari ere badago lotua, Alfontso Irigoien gai-jartzaileak Andres Narbarte “Xalto” goizuetar bertsolariari hasierako puntu ezagun eta desegoki hura jarri zionetik Donostian, Euskal Herriko Txapelketan, 1960an: “Belgatarren erregin egin da Fabiola”. Narbartek ez zekien nor zen harako Fabiola hura eta bertsoa nola edo hala osatu zuen, estualdi hartatik ateratzeko. Gero, handik bizpahiru urtera, Goizuetan, Nafarroako Bertsolari txapelketan, bukaera hau eman zioten, bertsoa osa zezan: “Gero juezak irakurri zun sententzia bat larria”, eta Narbartek orduan hitzetik hor-tzera bertso hau bota zuen: “Ni Donostira neure ustetan joan nin-tzen bertsolaria; aitortuko det dotore asko eskolarikan gabia; eman zidaten ustekabean Fabiolaren berria; gero juezak irakurri zun sententzia bat larria”. Goizuetako eskolak Andres Narbarte du izena, eta bertso hori sarrerako paretan dago idatzia.