Hernaniko Oialume Biltokia 1943an sortu zen eta Euskal Herrian maiz gertatzen denez, guztia apostu batengatik hasi zen. Bertakoek gogora-tzen dutenez, pultsu bat botzeko apostua egin zen Oialumeko tabernan. Jende asko biltzekoa zenez, Javier Barrenetxeak, tabernako jabeak, Markos Zubeldia soinujole hernaniarra ekartzea pentsatu zuen. Giro ederra sortu zen eta igandero-igandero Zubeldia Oialumera joaten hasi zen. Horrela hasi ziren Oialumeko dantzaldiak.
Javierren bilobak, Eztitxu Barrenetxeak, kontatzen duenez, garai haietan soinu handia jotzen zen, trikitixa oraindik ez zen ohikoa, eta soinujole ezagunak igaro ziren urte luzez Oialumetik.
Eta dantzalekuetan pasatzen denez, gaur egungo senar-emazte, bikote, lagun eta bikote ohiak bertan ezagutu ziren. Honenbestez, Donostialdeko jende ugarik Oialumeri lotutako pasarte eta gogoeta xamurrak gordetzen ditu.
Hasiera batean dantzak tabernaren aterpean egiten ziren, baina 1990an biltokia eraiki zen. Harez geroztik euskal talde garrantzitsuenak pasa dira bere oholtzatik: Akelarre, Ken Zazpi. Zea Mays, Berri Txarrak... “Beti nahi izan dugu zuzenean euskal musika entzuteko aukera eskaintzea, gainera nire aita bateriajolea da eta Oialumen askotan jo du Trakets taldearekin”, ziurtatu du.
Baina Barrenetxeak gogoratzen duenez, 2002an beherakada etorri zen. “Modak aldatzen joaten dira”, aitortzen du. Orain jai handitan eta zubietan bakarrik antolatzen dituzte dantzaldiak.
Baina Oialumeko bizipen guztiak gogora ekartzeko, gaur, 17.30etik aurrera, 60ko hamarkadako euskal kanta eta erritmoekin dantzaldia antolatu da. Eta 22.00etan kontzertua izango da, Anje Duhalde, Gozategi eta Eider eta Lierni trikitilariekin. Sarrera aldez aurretik erosi ez dutenek, Oialumen bertan eskuratzeko aukera izango dute.
“Gure 75. urteurrenak Gozategiren 25. urteurrenarekin kointziditu du eta gainera atzo bere lan berria aurkeztu zuten. Beraz, Oialumen primizia izango da”, azpimarratu du Barrenetxeak.
Gainera, Anje Duhalderen hirugarren aldia izango da biltokian eta Eider eta Lierni “auzoko bi neska dira ilusio handiz emanaldia prestatzen ari direnak”.
Beraz, gaur Oialumen dena prest dago bere garai distiratsuenak berpizteko.