Horretaz gainera, Usurbilen saio eta ekintza ugari antolatzen dituzte herri eragileek sagarra eta sagardoaren bueltan. Aipagarria da Sagardo Eguna, dagoeneko 37. aldiz egin dute eta Usurbil herri aitzindaria da. Bestalde, Sagastiak Loretan zikloaren seigarren edizioa egingo dute aurten. “Horrek adierazten du bizi-bizirik dagoela herrian sagarraren eta sagardoaren inguruko jarduna”, adierazi zuen alkateak.

Hala ere, horiek guztiak koordina-tzeko beharra ikusi dute, eta behar horri erantzuten dio, hain zuzen ere, Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura markak. “Urteko egitarau bateratua izateak indarra eta oihartzuna ematen dio gure eskain-tzari, bai kanpora begira bai barrura begira ere. Gainera, herriko eragileen arteko lankidetza, proposamen eta ekimen berriak ernaltzeko modua izatea nahi genuke”, azpimarratu zuen alkateak.

Azkenik, Jakoba Errekondok, Sagardoaren Unibertsitatea elkarteko kideak, urte osoko egitaraua osatu dela aditzera eman zuen: “Gaur egun sagarra eta sagardoaren inguruan osatzen den egitaraua urte osokoa da. Txotx garaia eta Sagardo Egunetik harago doa. Ez da inon halako egitaraurik osatzen”. Bi ekimen nabarmendu zituen. Batetik, Alkartasunak eskaintzen dituen formakuntza ikastaroak eta, bestetik, Noaua! elkarteak Santo Tomas egunean antolatuko duen herriko etxeetako sagardo lehiaketa.

Sagarrondotik Sagardora. Hilaren 8an ikastaroan sagarraren heldutasun analisia (izen-ematea: 943 361 114).

VI. Sagastiak Loretan. 23an 11.00etan, hipodromotik bertso ibilaldia; 24tik 30era, 115 barietateen sagar erakusketa Sutegin; 25ean 19.30ean Sutegin, Usurbil eta sagardoaren historia hitzaldia; 26an 19.30ean, sagar dasta-tzea; 27an 19.30ean Aitzaga elkartean, Sagarrari sukaldea dario ikastaro praktikoa; eta 28an 19.30ean Sutegin, Sagardoa bidegile dokumentalaren proiekzioa.

Txapelketa. Hilaren 29an 20.00etan frontoian, Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren Finala. Txartelak herriko ohiko lekuetan salgai.