Oiartzun - Bihar Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea, Arditurriko Bide Berdea, festa giroan murgilduko da zazpigarren urtez, eta hainbat ekintza antolatu dira goizean zehar.

Egunari hasiera emateko, Arditurriko 7. Bizikleta Martxa abiatuko da 10.00etan bai Errenteriako Gamon Zumarditik baita Oiartzungo Doneztebe plazatik ere. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko dena. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan. Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da.

“Antolatu dugun ekintza berezi hau Mugikortasunaren Astearen garai berean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, Oiar-tzun eta Errenteriako udalerrietatik abiapuntuak ezarri dira. Gainera, Euskotrenek eta Renfek bere trenetan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, nahiz eta eskaera egin behar duzuen, ez baitute aukera hau tren guztietan”, adierazi dute antolakuntzatik.

Bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin segway zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Horrez gainera, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izango dute: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, e.a.

Aurten ere saio berezi bat izango da gainera, trial erakustaldi bat izango baita 12.00etatik 13.30era. Iker Rodríguez (Euskadiko Trial txapelduna 2016ean), Unai Gómez (2017ko Gipuzkoako Trial txapelduna) eta Julen Gómez (2017ko Gipuzkoako Trial 2. Saria) irundarrak izango dira saio berezi honen protagonistak, beraz “saio paregabea” ikusi ahal izango da antolakuntzaren hitzetan.

Bide Berdearen 7. Eguna Oiar-tzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute.