Goierrin hiru musika jaialdi nagusi edo nabarmen daudela esa daiteke: Legorretan martxo amaiera aldera egiten den Legoreggae, datorren astean Beasainen ospatuko den Jazpana, eta Ordizian atzo hasi zen Ordiziarrock. Bakoitzak estilo bat hartzen du bere gain, eta kasu honetan, Ordiziako Trobadore Alaiak elkartea dago Ordiziarrock jaialdiaren antolakuntzaren atzean eta egitarau zabala antolatu dute 15. edizio honetarako publiko guztiak kontuan hartuz; “Ordiziarrock jaialdira ingura-tzen diren guzti guztiek” disfruta-tzeko aukera izango dutela bermatuz, gainera.

Atzoko lehen ekitaldia Ordizia Elkartuz emanaldia izan zen eta espero moduan, plaza txiki gelditu zen beste behin ere. Herriko kultur elkarte ugarik bat egin zuten ikuskizunarekin eta ostirala giro onean hasteko ere balio izan zuen. Ondoren, iluntzean, 21.00etan hasita, Trance, Young Mountain, Tooth eta Anteros taldeen kontzertuetaz gozatzeko aukera egon zen Gaztetxean.

entzuteko gai Dudarik gabe, gaurkoa izango da jaialdiko egun handiena, izan ere, aukera ugari eskainiko ditu egunak musikaz gozatu nahi duten guztientzat. Hala, eguerdiko 12.00etan hasita, Trakamatraka taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du Plaza Nagusian eta arratsaldean, berriz, 19.00etatik aurrera, Broken Brothers Brass Band taldearen txanda izango da. Gainera, gosea asetzeko foodtruck furgonetak ere kokatuta egongo dira hainbat gunetan.

Gauza jakina da Ordiziarrockeko antolatzaileek beti izan dituztela kontuan entzumen arazoak dituzten pertsonak, duela hainbat ediziotatik behintzat esfortzu berezia jarri dute eta arazo horiek dituztenek ere kontzertuetaz gozatzeko aukera izatea eskaini eta bermatu nahi dute. Hori dela eta, Znort gunea egokituko dute Beti Alai pilotalekuan: espazio hau entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokituta egongo da. Baina ez hori bakarrik, izan ere, mugikortasun urria duten pertsonentzat ere egokituko dute eremu bat. “Ez dugu nahi inor bere etxean gelditzea ezin duelako ondo disfrutatu kontzertuetaz. Guk ahal dugun guztia egiten dugu denek gozatu ahal izateko”, adierazi izan du behin baino gehiagotan Urko Ruiz de Apodaka, antolatzaileak.

Eta Znort gune horixe bilakatuko da, Ordiziarrockeko ekitaldi nagusiaren kokalekua. Iluntzeko 20.30ean, Nazareno DJaren emanaldia izango da eta ondoren taula gainera igoko direnak izango dira, Koban, La Furia, Revolta Permanent eta The Gin Ties taldeak.

Talde eta musika anitza munduko zenbait lekutatik etorritakoak izango dira edizio honetan: Euskal Herri osoko taldeak eta atzerrikoak ere bai, hala nola, Herbehereetatik eta Sui-tzatik gerturatutakoak. Eta helburu argia du, beste behin ere, Ordiziarrock-ek: gerturatzen diren guztiek ondo pasatzea musikak eskaintzen dituen onura guztiekin eta bide batez, orain arte inoiz entzun gabeko talde berriak deskubritzeko aukera gerturatuz.