“Bi proiektu horiek 2010eko inbertsio-planetan aurreikusita bazeuden ere, urteotan ez dute urratsik egin proiektuok garatzeko. 2019an beste horrenbeste gerta zitekeela ikusi genuen, ez baitzegoen adina diru-partidarik aurreikusita”, azaldu zuen Urdanpilletak.

Datu batzuk eman zituen Aginagarekiko “konpromiso faltaren” erakusgarri: 2019rako 25.000 euro, 2020rako 175.000 euro eta 2021erako beste 175.000 euro. “Ez zen nahikoa. Gabezia historiko horri eran-tzun ezean, ez zutela EH Bildurik babesik izango argi adierazi genien”, esan zuen Urdanpilletak. Izan ere, Añarbek, aurrekontuak onartzeko, derrigor behar du koalizioaren babesa, azpimarratu zuen zinegotziak.

Hala, aurrekontuak adosteko elkarrizketak hasi zituzten, eta negoziazio horiek emaitza onak ekarri ditu Usurbilera. Hala, Añarbek azaroko ezohiko Batzarrean aurkeztu zituen bigarrenekoz aurrekontuak, eta bestelako kopuru batzuk jaso zituzten:

2019an, 25.000 euro; 2020an, 400.000 euro; 2021ean, 700.000 euro eta 2022ean, 305.000 euro.

Añarbek inbertsio honen %40 finantzatuko du, eta, gainerako guztia URAk (Uraren Euskal Agentziak). Hain justu, hitzarmen orokorrago baten barruan aurkeztu dituzte Aginagako saneamenduko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Guztira, bi erakundeek 61 milioi euro bideratuko dituzte Gipuzkoako saneamendua hobetzeko, 2027ra arteko epean. Akordioak lanen hierarkizazio bat biltzen du, eta denboran bi epealdi zehaztu: 2019tik 2021era artekoa lehenengoa, eta 2021etik 2027ra artekoa bigarrena.

Lehen fase horretan Pasaiako saneamendua eta Aginagako saneamendua (lehenengo eta bigarren faseak) aurreikusi dituzte, besteak beste. Aginagako saneamenduak hirugarren fase bat ere eskatzen du, eta lan horiek 2021-2027 aldirako aurreikusi dituzte.

Jone Urdanpilletaren esanetan, beraz, Aginagako saneamenduko lehen bi faseak 2019an lizitatu beharko dituzte, 2020an obrak hasi eta 2022rako bukatu. “Hirugarren faserako bermeak ere jasota badaude, espero etorkizunean heltzea, izan ere, ingurumenari zor zaion ezinbesteko lehentasuna baita Aginagako saneamendua Oria ibaitik atera-tzea”, argudiatu zuen.

Astigarraga Bestalde, atzo ere Astigarragako Kale Nagusiko ur-horniketaren berrikuntza lanak hiru astez atzeratuko direla jakinarazi zuten.

Udalak azaldu zuenez, azken egunotan hainbat ezusteko suertatu dira Añarbek Anuska inguruan egiten ari den obran. Añarbek aditzera eman duenez, hoditerian jartzen ari diren giltzak dardarak sor ditzake inguruan, beraz beharrezkoa ikusi dute hoditeria 20 metro desbideratzea Anuska aldera.

Lanek irauten duten bitartean bi aparkaleku ezingo dira erabili eta baliteke ere skate parkeko hodi erdia kendu behar izatea.

Udalak lan hauek aprobetxatuko ditu kultur etxeko lorategia birmoldatzeko.