Ez dakit zer eguraldi eginen zuen urtarril hartan Iruñean, duela ehun urte. Atzo, otsail eguzkitsu honetan, argitasuna nagusi. Bagenekien horrelako otsail idor, epel, eta are, beroa ere, izanen genuela. Euskalerria Irratiak ederki iragarri zuen hilabete hasieran, esaera zahar bati erreparatuta. Non bestela? Otsailaren bia Kandelaria eguna baita, eta Hiri Buruzagiko euskal irratian erranairua ekarri zuten gogora: “Kandelaria eguna hotz, negua motz”. Bete-betean asmatu zuten. Atzo, goiz erdirako, konparaziora, ez zen gaueko hotz hondarrik ere gelditzen; ez, behintzat, Arga bazterreko frantziskotarren komentuan. Izan ere, atzo, mendeurren lorios baten inguruko ospakizuna egin zen, komentu horretan sortu baitzen duela ehun urte, 1919ko ilbeltzean, Zeruko Argia aldizkaria, “Euskaldun guztioi agur” izenburupean. Hainbat kaputxino izan ziren sortzaileak. Horietako bat Aita Damaso Intzakoa; ehun urtean bizi izandako gizona. Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean gabiltzan honetan, ez legoke gaizki ahanzturatik erauztea Aita Damasoren eta bera bezalako hainbertze Aita euskaltzaleren bizitza eta lana. Guztiek ere antzeko ibilbidea egin baitzuten, hots, gerra aitzinean euskararen aldeko lanetan, gerra hasitakoan gorriak ikusi, eta Hego Amerikara ihesean joan beharra, bizitzaren azken urteetan etxera itzuli arte. Aita Damaso eduki zuten atzo gogoan, eta auni-tzez ere jende gehiago ere bai. Elur urtuaren kolorea dakarren Arga bazterreko komentutik abiaturik, tropa ederrak ibilaldi polita egin zuen Arantzadin barna, Aita Damasok berak hiri harresituraino egiten zuen bideari jarraiki; zuhaixka andana loretan; zuhaitz sorta bat hostatzeko zorian, kimu berritan; jende aunitz, baratzeetan lanean, eta Argia zale guztien buru eta gidari, Aita Frantzisko Etxabarrikoa. Zorionak eta aunitz urtez.