Zerura begiratuta ekin zion egunari atzo goizean Momo Jainkosak, Londres hoteleko balkoira aterata eta ehunka pertsona aurrez aurre zituela eguna agurtzeko zain. Udaletxean hiriko boterea hartu (eskoziar jantziak soinean zituen Eneko Goia alkatearen eskutik) eta festarako deia egin zuen beste behin ere Maider López donostiarrak. Goizean, euskal inauteriek bete zuten haren agindua eta kolorez eta musikaz bete zituzten Parte Zaharreko kaleak, Gero Axular dantza taldearen eskutik.

Eta goizean Parte Zaharrean abiatutakoa, hiriko erdigune osora zabaldu zen arratsaldean: dantza, kolorea, musika, karrozak eta 2.000 lagunetik gora, 26 konpartsetan banatuta. Gazte eta helduak irribarretsu eta urduri ageri ziren azken hilabeteotan entseatutako koreografiak abiatu baino lehen, eta ibilbide osoaren alde batean eta bestean bildutakoen txaloekin ekin zioten desfile eta lehiaketa handiari, 17.01ean (ordutegi berezia dute ekitaldi guztiek inauterietan).

Konkistatzaileak, Harriketarrak, Coco pelikulako pertsonaiak, xakeko pieza erraldoiak, pailazoak, mafiosoak, afrikarrak, italiarrak eta Cabaret filmeko pertsonaiak elkartu zituen desfileak, besteak beste, baita garai bateko OHO ikasi zuten gazte nostalgikoak ere, 80. hamarkadako hainbat ikur berreskuratuta. Haien atzetik, 19 karroza ere ikusi zituzten bertaratutakoek, zein baino zein koloretsu eta ikusgarriagoa. Karroza onenak saria izaten duela jakin badakite eta aurtengo desfilerako fin aritu dira lanean konpartsetako kideak.

Ohi bezala, ibilbide osoan zehar milaka pertsona izan zituzten bidelagun atzo arratsaldean konpartseroek. Asko eta asko, mozorroak soinean (haur, gazte eta heldu), eta Inauteri giroa desfileaz harago eraman zuten kalez kale.

Kalean ez ezik, Inauteri giroa Antzoki Zaharrean ere barneratu zen: ohi moduan, haurrentzako festa antolatu zuten bertan. Ehunka mozorro eta pertsonaiek bete zuten aretoa beste behin ere eta horietako asko zozkatutako opariekin itzuli ziren etxera.

festak aurrera jarraituko du Atzo gauean jarraipena izan zuen festak gazteen eskutik (Txurruk eta Javi Bujeda DJ-ak jarri zioten musika Hawai giroko Festan Blai ekimenari) eta ia atsedenik hartu gabe goizean goiz abiatuko dira gaur ere berriro inauterizaleak, Momo Jainkosaren aginduz, beti ere. Victoria Eugenian desfileko txikienak arituko dira eta kalez kale eta Konstituzio plazako taula gainean, berriz, konpartsa tradizionalak. Atzo bezala, gaur ere desfile handia izango da arratsaldean (17.01ean) eta, lehenengo aldiz, mozorro festa berezia izango da udaletxeko pleno aretoan, baita haur jaialdi berezia ere Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean (biak 18.01ean).

Bihar amaituko dira, behin-behinekoz, Donostiako Inauteriak sardina erretzearekin batera, baina hainbat auzotan hurrengo asteburuan ere izango da mozorroak berriro janzteko aukera: Intxaurrondon eta Erriberetan, larunbatean; Altzan, igandean; eta Bidebietan, hilaren 16an.- N.G.