Gaur, Alde Zaharreko karrikak jendez beterik egonen dira, ezker abertzaleak enegarren aldiz Aberri Egunaren deia hiri buruzagirako eginda. Azken egunotan ere, kaleak lepo; ortziralean, batez ere, prozesioaren arrimura. Hori bai, urtetik urtera, gero eta mozorro gutxiago, eta ondorioz, gero eta argizari gutxiago itsatsirik zolan. Ikusleak, ordea, sekulan baino gehiago. Gaurko egunari dagokionez, pentsatzen dut ezker abertzaleak deitutako ekitaldi jendetsuetan parte hartzen duenak nekez uste izanen duela gauzak ez zaizkiola ongi joanen hilaren 28an. Nik antzeko irudipena izan nuen duela gutxi, Korrikak hiriburuan bildutako jendetza handia ikustean. Hau da, jende hori guztia bozkatzera joaten baldin bada? Gero, behin lasterketa iraganik, aldameneko karrikara joan eta bertzelako mundua agertu zitzaidan bere gordinean. Azken egunotan behin eta berriz nabarmendu da zeinen jende gutxik parte hartu duen eskuindarren mitinetan (San Jose Plazakoan, konparaziora), hori zerbaiten seinale izan daitekeelakoan, hau da, horrek erran nahi ote duen erreka joko dutela. Baina Abascalen alderdira zenbat joanen ote diren daude kezkaturik. Bitartean, argi dago Sanchezek Madrilen Ciudadanosekin goberna-tzen badu, sozialistek eskuindarrekin bat eginen dutela nafar Gobernua osatzeko, maiatzeko bozetan zenbakiek hori ahalbidetzen badute. Izan ere, nafar eskuindarren egiazko arerioa ez da Sanchez, Uxue Barkosen gobernua baizik, Aldaketaren Gobernua botatzea baitute helburu. Beraz, heldu den igandeko bozetan ez da soilik erabakiko zenbat diputatu eta senatari igorriko dituen Nafarroak Madrila. Hori kontuan hartu beharko lukete duela lau urte Aldaketa bozkatu eta oraingo honetan sozialistengana joanen omen diren edota etxean geldituko diren milaka boto-emaileak, zeren sozialistak erabat indartzen badira, akabo Aldaketa.