legazpi - Legazpiko EH Bilduk hauteskunde programa aurkeztu du aste honetan. Pertsonak eta ongizatea erdigunean jarri nahi dituztela azpimarratu dute.

Erantzun berritzaileak eman nahi dizkiote demografia erronkari: zentro soziosanitario bat ireki eta formazio espezializatua eta ikerketa eskualdera erakarri.

Auzoetako bizi-kalitatea hobe-tzeko, auzoak biziberritzeko proiektu integralak garatu nahi dituzte bizilagunekin batera: farmaziatik futbol zelairaino doan gunea berritu, Latxartegiko parkea birmoldatu eta Hegialden erabilera anitzeko azpiegitura bat sortu.

Garapen ekonomikoari dagokionez, enpresen lehiakortasuna eta eraldaketa digitala bultzatu nahi dituzte, SPRIrekin batera Sidenorrena zen lursailaren kudeaketa landu eta enpresekin batera kutsadura arazoak aztertu.

Gizarte zerbitzuetan, udal departamentua berrantolatzeko asmoa dute. Baita bakardadeari aurre egiteko neurriak landu eta Legazpira etortzen direnentzako harrera plana diseinatu.

Horretaz guztiaz gain, baserritarren arteko elkarlana bultzatu nahi dute, turismo iraunkor eta aktibo baten alde lan egin, jarduera fisikoa bultzatu, bidegorri sarea ikastetxe guztietara zabaldu, Milazango proiektua berreskuratu haurrak eskolara oinez joan daitezen, euskara Udalaren lan hizkuntza izatea ahalbidetu, eskualdean euskara ardatz izango duen egitasmo komunikatibo multimedia bat bultzatu, auzo guztietan kirola egiteko espazioak sortu, Udalak bere esku izan ditzakeen lanpostuak publifikatu, herritarrak berdintasunean eta genero ikuspegian formatu, ikastetxeen arteko elkarlana bultzatu eta 0-12 urteko umeei zuzendutako ludoteka bat ireki. - A.Z.