beasain - Maiatzaren 30an jarri zen abian Goierrin Sasieta Mankomunitatearen eskutik Kalitatezko konposta zuri esker kanpaina. Dagoeneko amaitu da egitasmoa eta kanpainak iraun duen lau asteetan zehar 3.084 pertsona hurbildu dira herrietan jarri diren postuetarara informazioa jasotzera. Gainera, gerturatzen zirenek konposta hartzeko aukera izan dute eta guztira 11.940 kilo banatu dituzte.

“Kanpainak oso harrera ona izan du, aurreikuspen guztiak gaindituz”, nabarmendu dute Sasietako ordezkariek. Haien ustez, ordea, zenbakiak onak diren arren, garrantzi-tsuena kanpainaren helburu guztiak bete direla izan da. Hala, Gipuzkoan egiten den konposta ezagutzera ematea lortu da, kalitatezko konposta lortu eta zirkulua ixteko materia organikoa ongi bereizteak duen garrantziaz jabetzearen beharra azaldu da, etxean organikoa bereizterakoan egiten ditugun akatsak zuzentzeko argibideak eman dira eta azken finean, herritarren inplikazioa eta kontzientziazioa beste pixka bat areagotzea sustatu dute.

Hain zuzen ere, mankomunitateko hamalau udalerritan egon da kanpaina ikusgai. Bertan Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta doan banatu eta informazioa eman zaie herritarrei. Egondako lehen herria Ataun izan zen, ekainaren 3an eta bertan 93 herritar hurbildu ziren informazio eta konposta bila.

Hurrengo egunean Ordiziaren txanda izan zen eta bi egunetan 386 ordiziarrek bat egin zuten. 150 idiazabaldar eta 342 lazkaotarrek ere ez zuten aukera galdu Sasietaren azken kanpaina babesteko. Zumarragarrak ere ez ziren atzera gelditu eta bi egunetan 377 izan ziren herrian jarritako postura hurbildu zirenak. Legorretaren kasuan 65 izan ziren eta Olaberrian 31. Eskualdeko beste herri handi eta nagusienetako bat da Beasain. Ekainaren 17an 363 beasaindar gerturatu ziren eta 18an 380, beraz, 743 izan ziren guztira. Dudarik gabe, parte hartze-handiena izan duen herria izan da. Urretxun, aldiz, 362 herritar inguratu ziren, eta Ormaiztegin 63. Zaldibiak ere parte- hartze handia izan du: 88, eta Zegamak ere bai: 101. Seguran 43 izan ziren, eta Kalitatezko konposta zuri esker Legazpin amaitu zen; bi egunetan 240 batu zirelarik.

erronka Kanpainaren aurkezpenean azaldu zuten bi erronka handi dituela Sasieta mankomunitatea osatzen duten herriek. Hasteko, gaikako bilketako indizea %80ra iristea da eta amaitzeko, biltzen den materialaren kalitatea hobetzea.

Iñaki Erauskinek, Sasietako arduradunak, nabarmendu zuen kalitatezko birziklapena lortzeko material inpropio edo desegokien maila gutxitzea “ezinbestekoa” dela gizartearentzat, birziklatzea oztopatzen duelako eta horrek ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengatik.

Helburu argia izan du kanpainak eta halako funtzionamendua izan du: karpara inguratu direnek konposta doan jasotzeaz gain karpan bi hezitzaile izan dituzte informazioa jaso eta izan zitzaketen zalantzak argitzeko. Gainera, hurbildu diren guztiei informazio-orri bana eman zaie bilketaren eta prozesu horrekin lortutako konpostaren kalitatea bereziki nabarmen-tzen duena eta antzeman ohi izan diren ohiko akatsen inguruko informazioa ere jaso dute, besteak beste, poltsa konposgarriak erabili ordez plastikozko poltsak erabiltzea edo organikoarekin batera pixoihalak edo ontziratutako janaria botatzea. Ez hori bakarrik eskuratutako konposta nola erabili behar den ere erakutsi diete, ahalik eta eraginkorrena izan dadin bai etxeko loreen-tzat eta baratzetan.

Gustura agertu dira Sasietako ordezkariak jaso duten babesarekin eta jendeak kanpainarekiko izan duen jarrera onarekin eta etorkizunera begira emaitzak hobetzen jarraitzea dute helburu.