idiazabal - Egoitz Lasa idiazabaldarra triatloietan parte hartzen hasi zen orain urte batzuk, ibilbide laburretan hasieran, eta, orain, Iron Man erdiak egiten ditu. Proba luzeetan gusturago ibiltzen da eta taldeka ere egin du probaren bat, bikotearekin.

Nolatan hasi zinen diziplina honetan?

-Gasteizko lagun bat zebilen, eta hark esan zidan probatzeko, gustatuko zitzaidala. Korrika betidanik ibili izan naiz, eta gustura, gainera. Hala, 2016an, Gorlizeko lasterketa batean izena eman nuen, benetan aurkitu behar nuena zer izango zen jakin gabe. Egia esan behar bada, nahiko esperientzia aldrebesa izan zen lehen aldi hura. Hasteko, gutxi entrenatuta nengoen, eta, lehenengo proba izanda, ez nekien oso ondo nola joango zen. Bestalde, itsaso txarra zegoen, eta igerian betaurrekoak ere galdu nituen; beraz, dezenteko abentura izan zen.

Dena behar bezala atera ez arren, jarraitu egin duzu triatloiak egiten. Oroitzapen ona utzi zizun?

-Bai, jarraitu egin dut esperientzia ona izan zelako orokorrean begiratuta. Bigarren proba Lizarran egin nuen, eta, lehenengoaren moduan, sprint luzera osatu nuen: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta bost korrika. Kasu honetan banekien zertara nindoan, ez zen lehenengo aldia, eta askoz ere gusturago amaitu nuen. Ez zen gorabehera nabarmenik izan, guztia nahiko ondo atera zen.

Hasiera batean zein izaten da proba zailena?

-Igeriketa. Nire kasuan txikitatik ibilia naiz, betidanik igeri egin izan dut. Hala ere, badago jendea gehiago kostatzen zaiona, txikitatik ez delako hasi. Gainera, askok bertikalitatearen arazoa ere jasaten dute; hau da, igerian denbora dezentean egon ostean segituan bizikleta hartu eta gogor hasi behar zara, eta asko eta asko mareatu egiten dira. Niri, oraingoz, ez zait halakorik gertatu. Bestalde, beste bi probak, korrika eta bizikleta, entrenatuta asko hobetzen dira, baina igeriketan entrenatzea ez da nahikoa.

Zer behar da, orduan?

-Oso proba teknikoa da, eta, beraz, ariketak egin behar dira teknika hori lantzeko. Ez da nahikoa igerilekura joan eta igeri egitea. Gainera, kontuan izan behar da askotan itsasoan egiten dela igeri eta olatuak egoten direla; zaildu egiten da proba. Hori ez ezik, orientazioa ere behar-beharrezkoa da, askotan ez delako ezer ere ikusten. Kasu horietan gelditu, burua altxatu eta ikusi egin behar da nondik den ibilbidea. Maiz 1.900 metro partez gehiago egiten dituzu, ez zarelako marra zuzenean joaten.

Iaz ere egin zenituen zenbait proba.

-Bai, 2017an ez nuen ezer egin, herrian futbitoan ere baitnenbilen, eta urte horretan triatloirik ez egitea erabaki nuen. Iaz, ordea, Ainhoa, bikotea, animatu egin nuen, eta binaka karrera egin genuen, Valen-tzian, sprinteko luzeran. Mundiala izan zen esperientza hori.

Desberdina izango da bakarka edo binaka.

-Dudarik gabe. Valentziakoa izugarria izan zen antolakuntza aldetik, ia 2.000 lagunek parte hartu genuen distantzia desberdinetan. Esperien-tzia oso ona izan zen; azkenean bikotearekin ere bazaudelako eta ez zoazelako bakarrik denbora guztian. Ez da horren lehiakorra izaten, gehiago gozatzen duzula esango nuke. Hori bai, elkarrekin egin behar da ibilbide osoa, lasterketako puntuetatik eta amaieratik batera pasa beharra dago.

Horren ostean Kantabriara joan ginen, Somo herrira. Kasu horretan Ainhoarekin joan nintzen berriz ere, eta biok parte hartu genuen, baina bakoitzak bere kasa egin zuen proba. Itsasoa nahiko zikina zegoen, eta hor izan zen gorabehera nabarmena, izan ere, itsasoak ekarritako maskor ugari zeuden itsasertzean eta askok zauriak egin zituzten. Ondoren, berriz, Valentziara eta Lizarrara itzuli nintzen proba luzetxoagoak egitera: 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 korrika. Eta hori egin ostean erabaki nuen distantzia luzeagoak egin nahi nituela.

Zergatik?

-Pentsatzen nuelako gusturago egingo nuela, eta hala izan da. Beste intentsitate batean egiten duzu guztia. Zarauzko triatloia egitea nuen helburu buruan, baina dortsalaren zozketan ez zitzaidan tokatu eta beste irtenbide bat bilatu nuen: Logroñora joan nintzen, Iron Man erdia egitera, hau da, 1.900 metro igerian, 90 kilometro bizikletan eta 21 korrika egin nuen. Amaitzea neukan helburu, eta lortu nuen. Oso pozik gelditu nintzen egindakoarekin.

Lasterketa horretan zein izan da proba zailena?

-Bizikleta. Buru aldetik gogorra da, hiru orduan norbera bakarrik dagoelako. Gainera, beste partaideekin 15 metroko distantzia mantendu beharra dago, eta zure buruarekin zoaz borrokan denbora guztian, zure gauzak dituzula buruan uneoro eta hori gogorra egiten zait.

Triatloietan proba batetik besterako aldaketak gakoak dira.

-Batez ere distantzia laburretan izaten dira garrantzitsuak, luzeetan ez da horrenbesterako izaten. Baina bai, inportanteak dira, dudarik gabe. Profesionaletan argi eta garbi ikusi daiteke hori, adibidez, bizikleta gainera ia salto egiten dute eta bertan aldatzen dituzte zapatilak. Nire kasuan ez dut halako ezer egiten, baina profesionaletan ohikoa da.

Gogor eta espezifiko entrenatu beharko da, ezta?

-Bai, lasterketa baterako izena eman dudanean ia egunero entrenatzen dut, nahiz eta atseden egunak ere hartzen ditudan. Baina bai, beti zerbait egiten saiatzen naiz, korrika ez bada ba bizikleta edo igeri egitea. Horrez gain, sei hilabeteko kurtso bat egin dut triatloietako prestatzaile izateko, eta horrek asko lagundu dit. Halako lehen proba luzea zen eta etxeko lanak eginda joan nintzela ikusi nuen, ondo ikusi nuen nire burua.

Bakarka aritzen bazara are gogorragoa izango da.

-Talde-kiroletan taldean lan egiten da, eta oso zaila izaten da norberak bere burua hobetzea. Hemen horixe dut helburu: nire burua gaindi-tzea. Triatloia oso indibiduala da, zure buruarekin bakarrik zaude, eta nik uste norberak bere mugak ikusteko modu polita dela. Gainera, lesioren bat izanez gero, esaterako, orkatiletan, igeri egin dezakezu. Aukera asko ematen ditu triatloiak. Askotan entrenatzeko gogo handirik ez baduzu ere, hiru proba izaten direnez aukeratu egin dezakezu eta nik uste horrek ere arinagoa egiten duela guztia.

Aurrera begira ze asmo?

-Dagoeneko izena eman dut Saloun martxoan egingo den probarako.