donostia - Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2019ko udazkenean eta horietan parte hartzeko irailaren 2tik 20ra eman dezakete izena. Ikastaroak urriaren 10ean hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira eta asistentzia nahitaezkoa izango da.

Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek parte har dezakete eta Donostiako edozein euskaltegi homologatuan eman dezakete izena. Nahikoa da langabezia egoeran egotea izena emateko.

Ikastaroak guztira 120 ordukoak izango dira: egunero hiru orduko eskolak izango dituzte ikasleek, goizez (astelehenetik ostiralera, goizeko 10.30etik eguerdiko 13.45era, ordu laurdeneko atsedenarekin).

Donostiako Udaleko euskara zerbitzuak azaldu duenez, ikastaro hauen helburua euskaldun-tzea indartzea da. Gainera, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera ere errazten zaie doako eskolekin: “Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”, adierazi du Jon Insaustik, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.

datuak Iaz guztira 119 lagunek parte hartu zuten ikastaro hauetan eta ikasleen balorazioa positiboa izan zen, Euskara Zerbi-tzuak adierazi duenez. Ikastaroak amaituta, horietatik %25ek euskara ikasten jarraitzea erabaki zuten hiru hilabete horien ostean.

“Doako ikastaro horiek jaso ondoren, horietako ikasle batzuk euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale”, gaineratu du Jon Insaustik. - N.G.